%17ko langabezi tasara heldu gara Hego Euskal Herrian
INEk 2013ko lehen hiruhilekorako argitaraturiko datuek errealitate tamalgarria erakusten dute Hego Euskal Herrirako langabezia igoera eta enpleguaren suntsiketari dagokionez.
Zehazki, 2013ko lehen hiruhilekoan 1.084.600 pertsona egon dira lanean Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 19.800 gutxiago, eta honek, enpleguaren %1,8a suntsitu dela hiruhilekoan adierazten du.
Langabe kopurua 222.400takoa izan da, duela urte bete baino 31.900 gehiago. Honela, langabezian dauden pertsonen kopurua %16,7a igo da HEHn urte betean, portzentaje hau %7,4koa izan delarik 27-EBn.
Zifra hauekin, %17ko langabezi tasara heldu gara, 27-EBko (%10,9) tasa baino 6,1 puntu altuago. Batasuneko 27 estatuetatik, espainiar Estatuak (%26,3), eta Greziak (%26,4) bakarrik daukate langabezia altuagoa (Portugalek, %17,5arekin, gure antzeko langabezia tasa dauka).
Aplikatzen ari diren politika neoliberalen ondorioak dira hauek, bereziki, onartzen ari diren erreforma guztienak, enplegua suntsitu eta miseria handitu besterik egiten ez dutenak. Murrizketa eta erreforma berrien atarian gaude berriro ere. ¿Noiz geldituko dira? Mobilizazio eta borrokak soilik aldatu ditzake politika hauek. Hori dela eta, maiatzak 30 , greba orokorra!