ertzaintza

183 ertzain euskara lanorduetatik kanpo ikasteko diru laguntzetatik kanpo utzi ditu Segurtasun Sailak

2024/10/04
ELAk Segurtasun Sailari eskatu dio aurrekontua handitzeko eta pertsona horiek onartzeko, 2024-2025 ikasturtean euskaltegian hasi daitezen.

Ertzaintzaren akordio arautzailearen 68. artikuluan jasotzen denez, Segurtasun Sailak hala eskatzen duten ertzainei ordainduko die lan ordutegitik kanpo euskara ikasteko matrikularen zenbatekoa, zentro ofizialetan zein aurrez aurreko ikastaroetan.

Joan den irailaren 25ean, Mirian Anitua Aranzabal Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendari berriak sinatutako ebazpena argitaratu zen, eta bertan argitaratu zen laguntza horietan baztertutako eta onartutako zerrenda.

Bada, ebazpen horretan adierazten denez, eskabideen kopuruak gainditzen du HABEko kudeaketa gomendioan ezarritako ordainketa kreditua, eta, beraz, 183 ertzain prestakuntzatik kanpo geratu dira, aurrekonturik ez dagoelako. Horiek itxaron zerrenda batean sartuko dira.

Kontuan hartzen badugu 231 ertzain onartu direla, %44 baztertu direla esan nahi du aurrekontu faltagatik.

ELA-Ertzaintzak Segurtasun Sailari eskatzen dio hitzarmenean ezarritakoa bete dezala, aurrekontu partida berehala handitu eta pertsona horiek onar ditzala 2024-2025 ikasturtea hasi ahal izateko.

Hala ez balitz, Sailak, akordio arautzailean ezarritakoa ez betetzeaz gain, oztopoak jarriko lizkieke lanorduetatik kanpo Ertzaintzaren euskalduntzean aurrera egin nahi duten ertzainei, horrela euskaraz lan egin eta euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko.

ELA rentzat inkoherentzia hutsa da administrazioa euskalduntzearen aldeko diskurtsoa egitea eta lan orduetatik kanpo euskara ikasteko prest dauden langile publikoei ikasketa horren kostua ez ordaintzea. ELAk berriro ere aldarrikatzen du doako euskara ikasketa sistema bermatzea hiritar guztiontzako.