19ko grebaren inguruko kezkak

2003/02/10

Egunkaria kendu egin digute, eta bere inguruan lanean ari den hainbat lagun atxilotu, espetxeratu, laidotu eta torturatu dute. Ez da beste jomuga batzuren aitzakiaz estatuko indarrek gure kultura edo hedabideen aurka jo duten lehenengo aldia, eta ziurrenik ez da azkena izango, baina eraso honek bereziki ukitu gaitu, haserre bizia piztu du euskal gizartean.
Agian, hain ezagunak eta estimatuak diren kulturgile eta kazetari batzuk indar polizialaren atzaparretan ikusirik, estatuak euskal kulturaren eta gizartearen aurka darabilen logika ankerra edozein bitartekok balio du inoiz baino gordinago agertu delako.
Beraz, erantzun beharra daukagu. Baina ez edonola. Oldez olde datozen erasoak ez dira itsuak, estrategia orokor bati jarraiki egiten dituzte, une zehatza epe laburreko taktikaren araberakoa bada ere: Prestigetik isuritako galipota eta Iraken aurka datorren erasoa medio Espainiako gobernuaren ospea eta boto-intentzioak gainbehera zetozen estatu mailan, eta Auzitegi Nazionaleko epaileren bat beti dago une zailetan zerbitzari leial izateko prest.
Baina diogun moduan, behin eta berriz egindako gehiegikeria horiek estrategia baten arabera egiten dira: estatuaren logika eta sistema ontzat ematen ez duen oro suntsitzea. Geuk ere erasoari buru egitekotan argi izan beharko genuke nora jo nahi dugun, lan munduan, komunikazioan, irakaskuntzan edota kulturgintzan epe luzeko zein helburu ditugun eta zein bitarteko erabiliz gauza ditzakegun.
Martxoaren 13koa izan liteke norabide horretan garamatzan lehen urratsa: Zerbait eraiki nahi dugu; hasteko, euskara eta euskarazko hedabideak aintzat hartzen dituen gizartea. Itxi duten kazeta berriro aterako da, gure bultzadaz hobetuta. Eta 13an agertuko dugun konpromisoan ez dugu atzera egingo: Bai euskarari, Bai Egunkariari.