2003ko ESKAINTZAZKO PRESTAKUNTZA ARAUTZEKO DEIALDIA GAITZETSI DUTE ELAk eta LABekABek

2003/11/17

DATORREN URTERAKO AURREKARI GAIZTOA DA HEZKUNTZA SAILAREN ERABAKIA

Banakako prestakuntza iraunkorra edo eskaintzazkoa arautzeko EAEko gobernuak eman duen 2003ko deialdia arautzen duen agindua erabaki larria da, hainbat arrazoi medio:

-HOBETUZ fundazioa osatzen duten kideetako batek, Administrazio autonomikoak alegia, Fundazioaren oinarri eta arauak saihestu egin ditu, Patronatuan dagoen gehiengo sindikalaren aurka Gobernuaren erabaki politiko bat ezarri baitu.

-ELA eta LABentzat bereziki lotsagarria da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailak agindua arrazoitzeko "Erkidego honetako langileek prestakuntza hartzeko duten eskubidea" aipatzea. ELAk eta LABek hain zuzen eskubide honexegatik agertu dute Sailak ezarri dituen irizpideen aurkako jarrera. Irizpide horien ondorioz,

1. 2003ko azaroaren 4ko aginduak taxutzen duen deialdiak oraindik ez du oinarritzat Katalogo Modularreko prestakuntza behar adina hartzen, eta ez die hezkuntza sareko zentro baimenduei langile okupatuen prestakuntzan dagokien zeregina aitortzen. Izan ere, aginduak zehazten duen dirua (4,8 milioi euro) ez da inondik ere iristen iaz aurkeztu eta Katalogo Modularrarekin lotura duten planetarako onartutako kopurura (6,6 milioi euro).

2. Eusko Jaurlaritzaren aginduan aipatzen den diru-laguntza osoaren %28 euskal patronala, UGT eta CC OOentzat izango da, eta beste dirutza handi bat akademia eta zentro desberdinek kudeatutako hainbat prestakuntza planetara bideratuko da, hauek ere katalogoarekin zerikusirik ez dutenak.

-ELA eta LABen irudiko, hau ez da Erkidego honetako langileen prestakuntzarako eskubidea defenditzea; aitzitik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak CCOO, UGT eta CONFEBASKen presioei amore eman die, horrela hauen interesei men eginez; kontutan izan behar da eurak direla HOBETUZ estatu mailan baztertuta egotearen arduradunak, batetik, eta euskal fundazioak lortzen dituen baliabide ekonomikoak beren negozioetarako inongo arazorik gabe erabiltzen dituztela, bestetik.

-ELA eta LABen aburuz, gai honetan Hezkuntza Sailak erakutsitako jarrera ahul eta tinkotasun politikorik gabea aurrekari ezin okerragoa da datorren urterako, 2004.an Espainiako Gobernuak 1046/2003 Dekretuaren bidez prestakuntza iraunkorraren erreforma ezarriko baitigu.

-Hori guztia dela-eta, ELAk eta LABek berretsi egiten dute egungo prestakuntza iraunkorraren eredua; HOBETUZek EAEko prestakuntza iraunkorra oso-osorik kudeatzea eskatzen dute, eta lanbide-heziketagatik ordaintzen diren kuotak EAEra itzul daitezela galdegiten dute, HOBETUZek kudea ditzan.

-ELA eta LAB prest daude Prestakuntza Iraunkorrari buruzko Euskal Akordioan ezarritako ereduaren defentsarekiko konpromiso argia agertzen duen indar eta erakundeekin HOBETUZen lan egiteko.