2008tik hona 101.700 langabe gehiago daude, % 89,4ko hazkundea

2013/02/05
ELAk gaur bertan emandako datuen arabera Hego Euskal Herriko langabezia-tasa % 16,2 da. Bestalde, langabeen % 44,6k ez du inolako prestaziorik jasotzen, eta %34,5ek bakarrik jasotzen dute kotizaziopeko prestazioa. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz “Txiki”ren hitzetan “egoera larria izan arren, aurten okertu egingo da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak enpleguaren suntsiketaren bidetik jarraitzeko asmoa agertu du”.

Adolfo Muñozekin batera, Mikel Novalek, arlo sozialeko arduradunak, eta Julene Gabiolak, ikerketa bulegoko kideak, hartu dute parte gaur goizean Bilbon enpleguaren bilakaerari buruzko txostenaren aurkezpenean. 2008tik hona, egungo krisiak eztanda egin zuen urtetik hona, 101.700 langabe gehiago daude; % 89,4 hazi dela langabezia, azaldu dute.

Bestalde, ELAko ordezkariek aurreratu dute Eusko Jaurlaritzak gastua 1.200 miliotan murriztuko duela 2013. urtean, eta horrek eragin zuzena izango duela hezkuntzan, osasunean eta laguntza sozialetan. “Langabeziak behera egin du nabarmenki arlo pribatuan, baina hemendik aurrera ikusiko duguna arlo publikoan enpleguaren suntsiketa izango da”, azpimarratu du ELAko idazkari nagusiak.

Sektore pribatuko enplegu-galerari eta baldintza kaskarrei aurre egin beharrean, Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko enplegua eta lan-baldintzak murriztuko ditu, eta horrek, inolako zalantzarik gabe, gauzak are gehiago okerragotuko ditu egungo krisi-egoeran”.