2012. urtean justiziako langileei kendutako ordainsaria itzultzeko eskatu dio berriz ere Jaurlaritzari ELAk
Administrazioarekiko auzietako epaitegiek emandako hainbat epairen arabera (EAE, Sevilla, Valentzia, Kanariak) Justiziako funtzionarioei aparteko ordainsaria kentzeko modua "anomaloa eta legez kontrakoa" izan da, eta ez dator bat Zuzenbidearekin.
Aipaturiko toki hauetan, aparteko ordainsari hori Justiziako langileei itzuli egin die dagokion administrazioak. Honen aurrean, ELAk berriro eskatu du 2012ko aparteko ordainsaria, oso-osorik, lehenbailehen itzultzeko. (Azken aldia urtarrilaren 22ko idazkiaren bidez Erkoreka sailburuari).
ELAtik hainbat bider eskatu izan diogu Eusko Jaurlaritzari 2012ko aparteko ordainsari osoa itzultzeko herri-langileei; eta bide batez salatu dugu ez ordaintzearen arrazoia borondate politikoan datzala. Izan ere, Jaurlaritzak ez die aurre egin nahi murrizketei, zeren beste administrazio batzuetan ordainsari hori erabat ordainduta daukate dagoeneko (Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan eta hainbat udaletan, besteak beste, Bilbokoan).
ELAk Justizian Administrazioan, beste sektore batzuetan bezala, egindako murrizketa hauek salatu eta mobilizaziora dei egin izan du 2010. urteaz geroztik. Jasan behar izan ditugun ondorioak ez baitira makalak izan: enplegu-suntsipena, eroste-ahalmena %20tik gora galdu, eta ondorioz Justizia zerbitzu okerragoa. Bestalde, enplegatuak mobilizatu dira parekatze-akordioa betetzeko eskatuz (autonomia-erkidegoko gainerako pertsonalarekin).
2012ko aparteko ordainsariaren kasuan, Justiziako pertsonalarengan eragiten duten epaiek diotenez, ordainsaria kendu ahal izateko lehenik Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu behar da. Egokitzapen hau 2012/12/29an sartu zen indarrean. Ordurako sorrarazita zegoen Justizia Administrazioko funtzionarioen aparteko ordainsari ia osoa.
Lege-argudio nahikoak daude EAEko Justizia Administrazioko funtzionarioei ordainsari osoa itzultzeko, eta baita Eusko Jaurlaritzan diharduten gainerako herri-langileei ere; baina, gainera, borondate politikoa izatearen kontua da.
EAEko Justiziako 2.500 langileek ez dute merezi horrelako gobernu bat, Madrildik datozen murrizketak besterik gabe onartzen dituena, eta murrizketa horiek “Zuzenbidearekin bat ez datozela” dioten epaien aurrean beste aldera begiratzen duena.
Zeren zain dago? EAEn ere epai-oldea noiz etorriko zain?.