2013ko Aberri Eguna

2013/03/26
2013ko Aberri Eguna dela-ta, ELAko Nazio Batzordeak, urtero ohi bezala, adierazpen bat onartu zuen iragan astean. Bere esanetan "gure militanteen motibazio nagusiak nazio justu eta solidario bat eraikitzea, lan harremanetako eta gizarte-babeseko euskal esparru bat sendotu eta blindatzea eta gure subirania nazionala iristea dira".

Urtero egin ohi duen moduan, ELAk Aberri Eguna baliatu nahi du egoera politikoaren inguruko gogoeta egiteko. Aurten, gainera, jai honekin batera 50 urte betetzen ditu Itsasuko Adierazpenak, hots, Enbata mugimenduak Lapurdiko herri hartan deitu zuen Aberri Egunez plazaratu zuen agiriak. Adierazpen hura Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzale antolatuaren sorreratzat jotzen da, eta horregatik, urtemuga honetan ELAk zorionak opa dizkio orduan parte hartu zuen jendeari eta, bide batez, Iparraldeko abertzale guztiak.

ELAk uste du Euskal Herriko Lurralde Kolektibitate baten aldeko borrokak duen oihartzun politiko eta sozial handia lortu badu, batik bat mugimendu abertzale antolatu eta plural horrek azken hamarkadetan egin duen borroka historikoari esker izan dela. Eta hau abertzale guztiontzat oso pozgarria da, baita Hegoaldekoentzat ere. ELAk uste du -gobernu frantsesaren gai honekiko erabakia edozein dela ere- aitorpen instituzionala lortzeko kontzientzia eta borroka itzulerarik ez duen puntu batera heldu dela eta, betiere, fase politiko berri bat abiaraziko duela.

Katalunia eta Eskoziaren moduko nazioek independentziarantz daramaten bidean bizi dituzten prozesuek erakusten digute autogobernu-erakunde berriak eta, are, estatu berriak eraikitzeko apustu horiek ezin aktualagoak direla, eta arnasa ematen digute gure herriarentzako askatasun eta progresua oinarri izango dituen etorkizun bat moldatzeko.

Halaber, ETAren borroka armatuaren amaierak –hainbeste urtetan abertzaleon ekintza bateratzeko oztopo objektiboa zena– aukera politiko berriak ahalbidetu ditu, eta Iparraldeko abertzaleak horietaz baliatzen asmatzen ari dira. Hegoaldean ere, gure ustez, egokiera berriak sortu dira, eta abertzaleok horiek interpretatzen eta baliatzen jakin beharko genuke.

Izan ere, ELArentzat Hego Euskal Herrian egoera paradoxikoa bizi baitugu. Trantsizio politiko delako hartatik hona espainiar estatuak sekula ez du gure autogobernua gaur bezain kinka larrian jarri; baina era berean, horri aurre egiteko tentsio politiko oso ahula nabari dugu. Estatua, esaterako, erabaki ekonomiko eta sozial latzak inposatzen ari da; hor ditugu Aurrekontuen Egonkortasun Legea, lege organikoak edo oinarrizko legeak. Eraso honen aurrean erakundeek, ia guztiek, ez dituzte inposizioak arbuiatzen, ezta halakotzat definitu ere. Gasteizko eta Iruñeko gobernuek egingo dituzten aurrekontu-murrizketak dira horren adibide. Murrizketak betetzera ez dira mugatzen; areago, “ezinbesteko” eta “beharrezko” bailiran azaltzen dizkigute, eta kargu hartzen zaie –Urkullu lehendakariak egin duen moduan–, edo maximalista zein erretoriko izatea leporatzen digute politika antisozialei aurre egitea erabaki dugunoi. Zoritxarrez, gobernuetako sartu-irtenek ez dute agenda politikoa aldatzen; agenda honen obsesio bilakatu da defizita, eta borondatez makurtzen da Brusela eta Madrildik datozen aginduetara. Galde daiteke, hain zuzen, zein ote den hauteskundeetako lehiaren zentzua, politika ekonomiko eta sozial bakarra egin badaiteke.

Antzeko zerbait gertatzen da proiektu ideologiko neozentralista eta ultraliberalak inposatzeko saioekin, hala nola LOMCE, Wert ministroaren hezkuntza-erreforma: funtsean onartzen dituzte –Nafarroako Gobernuak kasu– edota, Eusko Jaurlaritzaren moduan, erantzun apala ematen diete, autogobernu zantzu oro deuseztatu nahi duen gobernuarekiko talka saiheste aldera.

Bestalde, ELAk esparru instituzionalean dauden indar abertzaleen artean ez du ikusten gure interes nazionalen alde egiteko aliantzak osatzeko bat ere interesik (erakunde horien baitan ez, eta are gutxiago gizarte zibilarekin), esparru sozial, politiko, ekonomiko edo kulturalean dela ere. Adibidez, Eusko Legebiltzarrean dagoen gehiengo abertzale handia –zeinak grina handiagoz defenditu beharko luke autogobernua eta euskal kultura eta identitatea– antzua gertatzen da, horri dagokionez. Gure irudiko, gobernuaren agenda neoliberala (aliantzak bilatzerakoan asmo bera gailentzen delarik) bilakatzen da ekintza politikoaren ipar bakarra, eta herritar gehienek adierazitako borondatea zapuzten du. ELAk uste du praktika neoliberalak oztopo objektiboa direla subiranismoak eskatzen dituen aliantza zabalak eratzeko.

Krisiaren baitan, ELAren iritziz egoerarik okerrenean dauden pertsonen zoria lehen helburu nazionaltzat hartu beharko litzateke. 240.000 pertsona dago lanik gabe, eta hauen artean 100.000tik gora langabezia-prestaziorik edo -laguntzarik gabe. Hau gertatzen da Hego Euskal Herriak Espainiako BPG baino askoz handiagoa duelarik, eta frantsesa zein EBko batez bestekoa baino handiagoa. Horrenbestez, gure inguruan pairatzen den pobrezia gero eta handiagoa ez da soilik krisiaren eta langabeziaren ondorio; errentaren banaketa bera ere oso injustua da, eta hau gaurkoz erakundeek ez dute zuzentzen.

Arazo hau are larriagoa da kontutan izanik Hegoaldeak badituela bere esku aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin lortzeko tresna erabilgarriak; hor dugu fiskalitatea. Zerga-politika bidezkoa, handinahiagoa eta progresiboagoa balitz egingarria litzateke pobrezia desagertzea, gizarte-prestazioak gehitzea, zerbitzu publikoak garatzea eta milaka enplegu sortzea. Zerga-politika da euskal autogobernuaren funtsezko osagaia eta klase herrikoien zoriarekin dagoen benetako konpromiso maila neurtzeko termometrorik egokiena. Zoritxarrez, helburua lau alderdi nagusien arteko itun fiskala da, eta itun honen iparra ez da bertoko presio fiskala Europako batez besteko mailarekin parekatzea.

Desberdintasuna gehitu ahala, ordezkari instituzional batzuk jendarte antolatuaren interpelazioak arbuiatu ez ezik, ELAri dagokionez kritika horiek egiteko zilegitasuna ere ukatzen diote. Behin eta berriz galdegiten diote sindikatuari hauteskunde politikoetara aurkezteko, fiskalitateari edo politika publikoei buruzko iritzia eman nahi badu. Politikaren eta jendarte zibilaren ikusmolde motz eta hertsi hau salatu beharrekoa da, joera autoritario, antidemokratiko eta klasista islatzen baitu. Are larriagoa da, gainera, naturaltzat hartzen direnean lobby patronal, ekonomiko eta finantzarioaren jokabideak, eta are eroskeriak; sektore hauen interesak oso ongi ordezkatuta daude, baita bermatuta ere, krisiaren kudeaketa neoliberalean.

ELAk ez dio inori exijituko bere jarrerarekin bat etortzerik, baina ez du onartuko ere inork zalantzan jartzerik eskubidea duela kritikak eta proposamen alternatiboak plazaratzeko. Gogoeta eta proposamen politikoa ez dira alderdi eta botere ekonomikoen eskura eta gainerako eragileentzat itxita dagoen esparru bat. ELAk gogoeta egiteko eta proposamenak plazaratzeko eskubidea aldarrikatzen du, baita ordezkatzen duen klase sozialarentzako demokrazia eta parte-hartzea exijitzekoa ere (ordezkaritza hau ondo asko egiaztatu du, izan ere). Bide honi jarraituko diogu, gure erabateko autonomiatik abiatuta. Eta eutsi egingo diogu, gure ardura ere delako, uste baitugu politika progresistak egitea erabakitzen den erakundeetan ere politika horiek ez direla egingarriak izango kanpoko interpelaziorik gabe, etengabe mobilizatzen den jendartearen tentsiorik gabe.

Azkenik, aurrekontu-politikei dagokienez eta Aberri Eguneko jai honekin lotuta, ELAk bere kezka adierazi nahi du murrizketa publikoek makina bat funtsezko zerbitzu eta ekimen, borroka, elkarte eta erakundetan izango duten eragina dela-eta; hauek guztiak behar-beharrezkoak dira eraikuntza nazionalerako, eta hainbat esparrutan dihardute: euskara eta kultura, elikadura-subirania, berdintasun politikak, kirola, energia alternatiboak, nazioarteko elkartasuna, immigrazioa, memoria, giza-eskubideak, etxebizitza, pobreziaren aurkako borroka... Herriaren eraikuntzarako funtsezko kontu eta balioak jorratzen dira gai hauen eta beste askoren inguruan, gainera gehienean jendartearen zati handi baten estimulu eta konpromiso militantearen babesaz. ELAk uste du murrizketak nagusi izango diren hainbat krisi urte izanagatik ere, eta kontutan izanik ekimen hauetako asko erakundeentzat kritikoak eta zirikatzaileak direla, ondorioa ez litzatekeela izan beharko etorkizunean jarduteko behar dutena falta izango zaienik.

Estatuaren esparruan ordezkaritza politikoaren sekulako krisia ari gara ikusten, eta krisi hau trantsizio politikoaren oinarriak astintzen ari da. Haize bortitz hori bereziki monarkiari, ustelkeria kasuek jotako alderdien sistemari (Nafarroan zein estatu mailan) eta beronek botere ekonomikoarekin duen konexioari ari zaio erasaten. Haatik, esan dugun legez, horrek ez du eragozten erreflexurik neozentralistenak eta errepresiboenak areagotzea.

Neozentralismoaren adierazpiderik argiena austeritate-politiken inposizioa da, zeinak autogobernua desitxuratzen baitu. ELAren aburuz Euskal Herrian joera horri aurre egiteko modua balegoke, baldin eta erreferentzia politiko desberdinak ezarriko balira gai sozial, ekonomiko, politiko eta demokratikoei dagokienez, indarrak batzeko estrategia baten baitan. Esparru instituzionalean, gure ustez, gakoa planto egitea litzateke, hainbesteko inposizio zentralista eta antisozialen aurrean. Eta erronka honi eusteko modu bakarra aliantzak alderdietatik harago sendotzea litzateke, apustu horretan jendarte antolatua engaiatuz. ELAk bide horri jarraitzeko prest daudenekiko konpromisoa adierazten du. Uste dugu badagoela nahikoa oinarri sozial eta sindikal, produktibo eta kultural arrisku handiagoak hartuko dituen politika egiteko, eta politika honek interes nazionalak eta klase herrikoiak hobeto babestuko lituzke. Gure herrian agenda neoliberala aplikatzeari uko eginda baino ezin da alternatiba eraiki. Eta soilik ukapen horrekin ahalbidetuko da autogobernua gehien behar duen jendearen zerbitzutan jartzea. Beraz, bidezko aukera bat da, pairatzen ari garen injustizien tamainakoa eta gainera, aldarrikatzen dugun proiektua sinesgarri egiteko modukoa. Bestalde, hori dugu erreibindikazio nazionalak egunez egun jendarteko sektore zabalagoak erakartzeko bide bakarra.

Errepresioaren eta autoritarismoaren atalean, ELAk salatu egin behar du estatuko gobernuaren jarrera ezkorra ETAk behin betiko borroka armatua uzteko erabakia hartu duenetik; ez dio irtenbiderik eman nahi konpontzeke dauden desarmeari eta espetxe-politikari. Gure iritziz ukapen honekin onartu ezineko helburu bat lortu nahi du: ENAM delakoaren trantsizioa baldintzatzea, harik eta trantsizio politikoaren ondoren sortu zen erregimena modu akritikoan onartu arte; bestalde, erregimeneko esparru judizial, mediatiko eta sozialetatik puzten diren mendeku grinak ere asetu nahi ditu horrela.

Bereziki larria da Parot doktrina zein egoskor ari den aplikatzen, Estrasburgoko Giza-Eskubideen Auzitegiaren irizpidearen aurka. Doktrina horrek legalitate printzipioa urratzen du. Printzipio honek edozein demokraziatan estatuak zigortzeko duen ahalmena mugatzen du; estatuak delitua egin aurretik legean deskribatutako delituak zigor ditzake, besterik ez. Gizalegezko printzipiorik oinarrizkoena baztertzen duen koadroa osatzeko, presoak sakabanatuta daude, eta espetxeetan gaixorik dauden pertsona ugari mantentzen dituzte. Halaber, hainbat pertsona espetxeratuta edo auzibideetan inputatuta dauzkate, beren militantzia politiko hutsa medio. Eta aidean dago ezker abertzaleko militanteak auzipera ditzakeen sumarioen mehatxua.

ELAk exijitzen du desegin dezatela Itun Antiterroristaren babesean eratu zen egitura judizial, legal eta mediatiko guztia; itun hura 2001ean PPk eta PSOEK sinatu zuten, baita UGTk, CCOOek eta hainbat konfederazio sindikal frantsesek berretsi ere. Alabaina, ELAk aldebakarreko apustuari eustera animatu nahi du, ezinbesteko estrategia baita blokeoa amaitzeko, aurrera egiteko eta soluzioaren aurka estatuak daraman estrategia agerian uzteko. Gainera, sindikatuak zoriondu nahi ditu, eta lan horretan jarrai dezaten animatu, bortizkeria politikoen amaiera ordenatu eta bidezkoa helburu duten pertsona eta erakundeak; halakoa izan da Lokarrik antolatu duen bakearen aldeko Gizarte-Foroa, non ELAk parte hartu baitu.

Azkenik, ELAk jai honetan bere militanteak goraipatu eta zoriondu nahi ditu. Gure militanteen motibazio nagusiak nazio justu eta solidario bat eraikitzea, lan harremanetako eta gizarte-babeseko euskal esparru bat sendotu eta blindatzea eta gure subirania nazionala iristea dira. Krisi ekonomiko eta sistemiko betean gaudela, militantzia hori bereziki gogorra da, zaila eta ezarritako botereek jazarria. Hainbeste borrokalarik egunero-egunero ematen duten koherentziaren testigantza da, gure ustez, etorkizunean justizia eta subirania handiagoa lortzeko bermerik hoberena.