2015ean egindako kontratuen %94a aldi baterakoa izan da
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako abenduko datuek Hego Euskal Herrian 193.160 pertsona langabezia egoeran izen emanda daudela zehazten dute: 150.017 lagun Euskal Autonomi Erkidegoan eta 43.143 Nafarroako Foru Erkidegoan. Horrela, iaz baino 20.397 langabe gutxiago daude HEHn.
Langabezia mailak makal jarraitzen du, aurreko hilabetean baino 651 pertsona gutxiago egon arren langabezian erregistraturik: 28 estatuek osotutako Europar Batasuneko langabezia eta prekarietate maila altuenetakoak ditugu oraindik ere.
Gazteen langabeziari dagokionez, 12.311 gazte langabe daude HEHn (3.875 Nafarroan eta 8.436 EAEn) azaroan baino 713 gutxiago. Iazko abenduarekiko 1.900 gazte gutxiago daude langabezia egoeran, 403 Nafarroan eta 1.497 EAEn.
2015 urte osoko datuak ikuskatu ezkero, 2015ean 1.206.253 kontratu egin dira (%93,6a tenporalak), aurreko urtean egindako kontratuekin 153.125eko hazkundea eman delarik. Egindako kontratuen behin-behinekotasunean igoera apala ageri da, eta azken aldian altuagoa izaten ari da Nafarroan -ehuneko puntu bat eta bi artean-EAEn baino.
Gainera, HEHn azaroan langabezia egoeran zeuden 193.811 pertsonetatik soilik 79.544k jaso zuten prestazioren bat; hau da, langabeen %59ak ez zuen inolako prestaziorik jaso bere langabe egoeragatik; are gehiago, ehuneko hau gorantza doa azken hilabete eta urteotan, eta ez dirudi joera aldatuko denik. Langabe bakoitzeko prestazioa beherantz doa, estatuak 424,93 euro bideratzen baititu Hego Euskal Herriko langabe bakoitzeko.
Lurraldeka ezberdintasunak daude, EAEn langabeen %60,7ak ez baitu prestaziorik jaso azaroan eta langabe bakoitzeko batez besteko gastua 412,31 eurokoa izan baita. Nafarroan, datuak hobeak dira larritasunetik atera gabe, langabeen %52,6ak ez baitu prestaziorik jaso eta batez besteko gastua 470,63 eurokoa izanik.
Beraz, agerikoa da langabeziak behera egin arren prekarietatearen eta pobreziaren igoeraren baitan ematen ari dela, prestaziorik jasotzen ez duten hegoaldeko euskal herritar langabeak hamarretik sei baitira, eta langabeko batez besteko prestazioa izatez baxuegia den soldata minimotik oso urruti geratzen baita, 425 euro besterik gastatzen ez direlako lan bila baina aurkitu ezean dagoen herritar bakoitzeko.