2015eko Nafarroako Aurrekontuan 3,9 milioi bideratuko dira UGT, CCOO eta CENen 120 soldata ordaintzeko
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) UGT, CCOO eta CENekin 2015erako sinatutako 17 hitzarmenen berri izan du ELAk. Sindikatu honek duela gutxi salatu zuen moduan, gauza jakina zen zenbat diru publiko bideratzen zuten honetara (10,2 milioi euro), baina ez hitzarmenen edukia. Gainera, ELAk salatu zuen UGT eta CCOOeko arduradunen nomina Nafarroako 2014ko Aurrekontutik ordaintzen zela, eta gaur 2015eko datuak ere baditugu, are eskandalu handiagoa eragiten dutenak.
Hasteko, enplegurako prestakuntzarako dirua lehiaketa irekian banatu behar da, baina aldebiko hitzarmenetan ezkutatu dute zuzenean hiru erakunde horiei emateko. Gainera, Nafarroako 2015eko Aurrekontuko partida hauek UGT, CCOO eta CENen egitura, pertsona eta gastu arruntak finantzatzera bideratzen dira. Izan ere, ia hitzarmen hauek garatu beharreko jarduera gisa aitortzen dituztenak edozein sindikaturen ohiko eginkizunak dira (beraz, ez dute prestakuntzarekin zerikusirik), esaterako, enpresetako bisitak, ikerketak, informazio-txostenak inprimatzea, kontsulten arreta…
Hainbat daturen artean batzuk erakusten dute funts publikoen erabilpen benetan okerra egiten dela. Adibidez, 17 hitzarmen horietan guztira 3,9 milioi euro UGT, CCOO eta CENeko enplegatuen nominak ordaintzera bideratzen dira; honekin 122 bat soldata ordain litezke (Nafarroako batez besteko lan-kostuaren arabera). Are larriagoa da, ordea, kopuru horretan ez dagoela jasota prestakuntza ematen duten irakasleen ordaina; hau beste partida batzutan jasotzen da. CENen kasuan, gainera, 1,7 milioi euro ere aipatzen dira bere promoziorako solsaldi eta hitzaldiak emateko; milaka euro ordaintzen zaizkie hizlari aski ezagunei.
Halaber, ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak 2015eko Aurrekontutik nomina zuzenean jasotzen duten 100 pertsonen nortasuna ezkutatu egin duela, datuen babesa argudiatuta. Halere, azalpen honek ez du funtsik, 2014ko hitzarmenetan (UPN gobernuan zelarik) argitaratu egin baitziren. Gainera, Datuen Babeserako Legea eta Gardentasunaren Foru-Legea aztertuta, ELAren iritziz ez dago inolako oinarri juridikorik oraingo Gobernuak jartzen dituen oztopoak jar ditzan, horrela CEN, UGT eta CCOOen praktikak ezkutatzen saiatzen delarik.
Aurrekoa aski ez eta aipatutako 17 hitzarmenetan 718.000 euro UGT, CCOO eta CENen gastu orokorrak ordaintzera bideratzen dira (argia, ura, telefonoa, dietak, liberatuen kilometrajeak...), itxuragabeko kopurua Aurrekontutik Gobernuaren egoitzak bailiran ordaintzeko. Azkenik, 18 euroko partidak ere badaude UGT eta CCOOek hitzarmenak sinatzeko erabili dituzten boligrafoak ordaintzeko. Eta hitzarmen bakoitzeko 8.000 euro aurreikusten dira erakundeok ustez fiskalizatzen dituen ikuskatzailea ordaintzeko (horrela, bide batez, ez dute NEZean fakturarik aurkeztu behar).
Gogoratu beharra dago ELAk lehen salaketa egin zuenean Barkos lehendakariak ikertzeko bere asmoa agertu zuela. Ez dakigu ikerketa hau zein puntutan dagoen, baina dirutza hauen atzean dauden pertsonen nortasuna ezkutatzea ez da seinalerik onena. Gobernuak berak du beste inork baino informazio gehiago, eta errealitatea argitzen azkena izan liteke.
Bestalde, UGTk, CCOOek eta CENek ez dute oraindik eskandalu honi buruzko azalpen sinesgarririk eman, eta hankasartzea areagotu egingo dute gezurretan jarraituz gero. Organizazio hauetako liberatuek Nafarroako Gobernutik zuzenean kobratzen dute; UGTk azaldu zuenez, federazio bateko idazkari nagusiaren kasuan zegokion programatik kendu egin zuten. Hau ere faltsua da: pertsona horrek enpresetan hauteskunde sindikalak antolatzen zituen, prestakuntzan jardun behar zuen arren (honekin batera doaz frogak).
Baliabide publikoen erabilera oker hau dela eta, ELAk laster iragarriko du guztia argitze aldera zein ekinbide judizial egingo duen. Bitartean, sindikatuak dei egiten die alderdi politikoei Parlamentuan ikerketa-batzorde bat sor dezaten, eta ez ditzaten 2016ko Aurrekontuak babestu NEZaren eredua errotik aldatzen ez bada, esaterako CEN, UGT eta CCOOen funtzionamendua finantzatzeko aldebiko hitzarmen hauen amaiera.
Azkenik, ELAk Gobernuari NEZaren egitura eta funtzionamenduari buruzko proposamen bat helaraziko dio; honek erakunde publiko gisa jokatu beharko luke, eta kudeaketa demokratiko eta gardena izan.
Iruñea, 2015eko urriaren 16a