2018ko erronkak: Legegintzako Herri Ekimena eta Alternatiben Herria

2018/02/24
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bere 11. asanblada egin du Eibarren. Bertan elkartu diren sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariek iragan urtean egindakoaren balorazioa egin eta 2018rako lan-ildo nagusiak eztabaidatu dituzte.

Erronka horien artean bi dira aipagarriak. Lehena datozen hilabeteetan pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra garatuko den Legegintzako Herri Ekimena. Ekimen herritar honen helburua kalitatezko sistema publiko soziala lortzea da. Bigarrena ekainaren 2an Iruñean egingo den Alternatiben Herria da. 2015eko urrian Bilbon egindako ekitaldiaren arrakastaren ostean orain Nafarroako hiriburuak hartuko du lekukoa.