“Akordio bikain baten aurrean gaude”

2016/07/19
Gaur eguerdian Manpower Group Solutions-eko langileek –Bilboko Arte Ederren Museoaren kudeaketaz arduratzen den azpikontrata– agerraldia egin dute Museoaren sarrera nagusiaren aurrean. Euren aurpegietan begi-bistakoa zen poz itzela. Ez da harritzekoa: atzo arratsaldean euren lan baldintzak duintzen dituen aurre-akordioa sinatu zuten. 41 greba egunen ostean lortutako akordioa.

Agerraldian ELAk Museoan duen arduradun Juanjo Capetillok nabarmendu du langileen aldarrikapen guztiak lortu direla. “Patronatua esertzea lortu dugu, hitzezko mandatari baten bitartez. Hau hasieratik eskatzen genuen gauza bat zen, sinetsita geundelako arduradunak Patronatua osatzen duten hiru erakunde publikoak zirela. Aurre-akordioak lau urtetako iraunaldia du, 2016-2019, eta subrogazio eskubidea bermatzen da. Soldatei dagokionez langileek egindako eskaera jasotzen da, 1.200 euro garbitako 14 pagatara helduko garelarik. Baita ere antzinatasunaren aitorpena lortu da, bere zenbateko ekonomikoa hirurtekoen moduan ordainduko delarik. Puntu hau oso garrantzitsua da; kontutan eduki behar dugu langile gehionok hamar urte daramazkigula bataz-beste Arte Ederren Museoan lan egiten. Gainera, sinatutako aurre-akordioak lan erreformatik babesten gaitu”.

Capetillok adibide bat jarri du lortutakoaren garrantzia azaltzeko. “2019. urtean sala-laguntzaileen urteko lansaria 20.500 eurotakoa izango da, oraingo 10.400 euro eskasen aldean. Honi hirurtekoak gehitzen badiogu, kasurik gehienetan %100a gaindituko duten soldata igoerak suposatuko dute”.

Ez da borroka erraza izan, arazo asko egon dira, baina ELAko arduradun honek nabarmentzen du langileen batasunari esker beti aurrera ateratzeko modua izan dutela. “Manpower Group Solutions bezalako multinazional bati eta gure herriko hiru administrazio publiko nagusiei –Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– aurre egin dien oso kolektibo txikia gara. Aurrean aurkitu ditugun arazo eta traben aurrean geure burua ere aurkitzeko gai izan gera, eta garrantzitsuena dena: batasunaren indarraz konturatu gara”. 

Duela hilabete batzuk Eusko Legebiltzarrak ELAk azpikontratazioaren inguruan aurkeztutako Legegintzako Herri Ekimenari ateak itxi zizkionean esan genuen borroka ez zela hor amaitzen eta aurrera jarraituko genuela. Aurre-akordio hau horren adibide argia da: azken finean azpikontratazioaren inguruko LHE-k jasotzen zituen puntu nagusi guztiak aurre-akordio honetan daude. Egoera berean aurkitzen diren beste hainbat kolektiboetarako borroka adibide bikaina.