Automobilgintza

“Automobilgintzaren eraldaketa ezin da langileen kontura egin”

2024/10/24
Irati Bañuelos eta Ioritz Mendiguren, Industria eta Eraikuntza federazioko zuzendaritzako kideek, automobilgintzaren sektoreak Euskal Herrian bizi duen egoera aztertu dute

Automobilgintza Euskal Herriko industria sektore garrantzitsuenetakoa da. Datuek hala erakusten dute. Sektoreko bi enpresa nagusietan –Mercedes-Benz (Gasteiz) eta Volkswagen Navarra (Landaben, Iruñea)– 5.000 pertsona inguruk egiten dute lan zuzenean enpresa bakoitzean. Gainera, milaka pertsonak zeharka lan egiten dute lantegi horietako bakoitzerako. Eta ez dugu ahaztu behar, noski, Euskal Herri osoan hainbat enpresa automobilgintzaren hornitzaile ere badirela.

Milaka milioi euro fakturatzen eta milioi askoko irabaziak sortzen dituen sektoreaz ari gara. Egoitza Euskal Herrian duten bi marka nagusiei erreparatuz gero, 2023an Volkswagen Taldeak 16.013 milioi euroko irabazi garbiak lortu zituen, aurreko ekitaldian baino % 7,6 gehiago. Bestalde, Mercedes-Benz Españak 105,2 milioi euroko irabaziekin itxi zuen 2023a, hau da, % 8,9ko igoera.

Elkarrizketa honetan, Irati Bañuelosek eta Ioritz Mendigurenek, Industria eta Eraikuntza federazioko zuzendaritzako kideek, sektore horren egoera aztertu dute eta automobilgintzaren etorkizuna ulertzeko gakoei buruzko hausnarketa egin dute.

Zein da automobilgintza sektorearen egoera Euskal Herrian?

Sektoreak oso irabazi handiak pilatu ditu azken urteotan, eta argi dago etorkizuneko mugikortasunerako eraldaketari aurre egin behar diogula. Eraldaketa hori ezin da enpleguaren eta lan-baldintzen kontura izan, ELAn oso argi dugu.

Urtero diru publiko asko jasotzen duen sektoreaz ari gara.

Hala da. Adibidez, Europar Batasuna zein Estatua milaka milioi euroko dirulaguntza ematen ari zaizkie sektoreko enpresei, Europako Araudia bete dezaten. Europar Batasunak berak trantsizio ekologikoa egiteko deia egin du, diru publikoarekin. Hego Euskal Herrian bai Imanol Pradalesek bai Maria Chivitek sektore hori industriaren punta-puntako sektorea dela aldarrikatzen dute, eta sektoreari ematen zaion laguntza publikoa oso eskuzabala da.

Gure ustez, ezinbestekoa da laguntza publikoak jasotzen dituzten multinazionalekin eta enpresekin zorrotzak izatea. Enpresa horiek erantzukizun sozial nabarmena dutelako. Eta, horretarako, politika industrial arduratsua behar dugu. Enpresa bati diru publikoa ematen bazaio, enpresa horrek plan bat izan behar du. Euro bakarra eman aurretik, galdetu beharko genioke: zer plan duzu datozen 5, 10 edo 15 urteetarako? Zer konpromiso hartzen dituzu langileekin eta gizartearekin?

Auto elektrikorako trantsizioa aitzakiatzat erabiltzen ari al dira lan-baldintzak okertzeko?

Trantsizioak modu askotara egin daitezke. Irabazi handiak eta lan-karga handia dituen sektoreaz ari gara. Ezin dugu onartu hori aitzakia izatea lana galtzeko edo lan-baldintzak okertzeko. Aldiz, trantsizio hori lanaldia murrizteko erabil genezake, horretarako marjina handia dagoelako, edo aberastasuna banatzeko.

Hemen enpresa handi horien erantzukizunaren eta industria-politikaren gaira itzultzen gara. Nafarroako Volkswagenek milioi askoko laguntzak jasotzen ditu Nafarroako Gobernutik, Espainiako Gobernutik eta Europar Batasunetik, orain dela gutxi Next Generation funtsei buruzko gure txostenean aztertu dugun bezala. Ezin dugu onartu milioi askoko dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresak enplegua –zuzenekoa edo zeharkakoa– suntsitzen aritzea, irabazien kontua urtez urte handitzen diren bitartean.

Eta ezin dugu onartu trantsizio hori modu traumatikoan egitea, Antolin Taldearen kasuan bezala.

Urriaren 9an, Antolín Navarra Taldeko zuzendaritzak eta batzordearen gehiengoak (UGT eta USO) 108 pertsonei eragiten dien EEEa sinatu zuten. Zer irakurketa egiten duzue?

Enpresak irailean jakinarazi zuen enplegu-erregulazioko espediente bat egiteko kontsulta-aldia hasi zela, lantegia ixteko eta plantilla osoa kaleratzeko asmoz. 108 pertsona dira guztira, eta horietatik % 60 baino gehiago emakumeak dira. Enpresa Batzordea ELAko 4 ordezkarik, UGTko 3k eta USOko 2k osatzen dute. Enpresak Volkswagen Navarra bezero nagusiaren galera aipatzen zuen, automobilgintza sektorearen krisi eta ziurtasun ezaren testuinguruan kokatuz. Hala ere, enpresa horren jarduera nagusia kristal-jasogailuak, panelak eta sabaiak fabrikatzea da, sektoreko elektritifikazioaren ondorioz fabrikatzeari utziko ez diren osagaiak guztiak ere.

Epeak agortu ere egin gabe amaitu zen kontsultaldian, ez dira egiaztatu lantegia ixteko arrazoiak. Ez da argitu, ez taldearen aldetik, ez Nafarroako Gobernuaren aldetik, zein enpresak egingo duen Grupo Antolínek utzitako lana, eta lan hori foru-lurraldean egingo den. Gure ustez, Industria Saila ezin da bazterrean geratu 108 lanpostu suntsitzen dituen prozeduran, kontuan hartuta, gainera, Volkswageni ematen dizkion laguntza publikoak.

Zer egin dezake ELAk?

Lehena, betikoa. Gure helburua jendea antolatzea da. Hau begi bistakoa da. ELA da langileek duten bermerik onena, eta automobilgintza sektorea da horren adibide garbia. Sektore horretan milaka langilek egiten dute lan beste enpresa batzuetarako azpikontratetan. Azpikontrata bat desagertzen da, beste bat agertzen da eta langileak kalera.

Horrek zuzenean eragiten die azpikontratentzako subrogazioa jasotzen ez duten probintzia-hitzarmenak sinatzen dituzten sindikatuei. Eskubide hori Gipuzkoan bakarrik jasotzen da, ELAren sinadura duen metalaren hitzarmen probintzial bakarrean, alegia.

Itzul gaitezen Grupo Antolín Navarraren kasura, horren adibide ona baita. Enplegua suntsitzea ekidin liteke metalaren hitzarmen kolektiboak plantillaren subrogazioa aurreikusten badu. Hori aldarrikatzen dugu hitzarmenaren negoziazioetan, eta CCOOk eta UGTk patronalarekin lortu zuten akordioa ez sinatzeko arrazoi ugarietako bat da.