BORROKAN, IRABAZTEKO

“Borroka sindikala eta juridikoa uztartuz, are eraginkorragoak gara”

2023/05/30
Amaia Aierbe, Zerbitzu Juridikoetako arduraduna

-Lau egunean behin lortzen du ELAk garaipen bat. Zer balorazio egiten duzu?

-Egiten dugun lanaren isla da hori. Borroka sindikala eta juridikoa ondo uztartuta askoz ere eraginkorragoak gara sindikatu bezala, eta hor daude emaitzak. Gaur egungo mundu laboral prekarizatu honetan zerbitzu juridikoak funtsezko tresna bat dira. Horregatik, ezinbestekoa da Zerbitzu Juridiko eraginkorra izatea, langileen lan-eskubideen defentsan erreferentzia dena.

-Lan erreformek areagotu egin dute egoera hori?

-Lan harremanen eremua asko aldatu da, eta erreforma guztiak zentzu berdinean doaz, gure eskubideak degradatu eta enpresek duten alde bakarreko boterea handitzera. Azken erreformak ez du hori aldatu. Hala ere, enpresek ezin dute inpunitate osoz jardun eta ezin dute saihestu beraien erabakien kontrol judiziala. Gure talde juridikoa prekaritatearen aurkako borroka judizialean ari da egunero, lan erreformek uzten dizkiguten zirrikituak aprobetxatuta ehunka erreklamazio jartzen dira, indibidualak zein kolektiboak, mota guztietako lan eskubideen urraketei aurre egiteko.

-Langilearen eta nagusiaren arteko harreman desorekatua konpentsatzeko asmoz sortu zen lan-zuzenbidea, printzipioz.

-Egoera ahulago batean dagoen langilea babesteko sortu zen, bai. Baina, erreformaz erreforma, izan zezakeen rol orekatzailea birrintzen joan da eta, horrek, judizializatzera eraman gaitu. Kaleratze kolektiboak daudenean edo greba bat dagoenean, adibidez, lan judizial handia dago atzetik.

-Aldi baterako erregulazioak ugaritu egin dira azken boladan. Eragina izan du horrek zerbitzu juridikoen lanean?

-Kaleratze kolektiboengatik lehen ez ginen ia epaitegietara joaten, aldez aurreko administrazio-baimena zegoelako. Baina hori 2012ean aldatu zen eta, gaur egun, ez da beharrezkoa onarpen hori. Eta horrek ireki du bide judiziala. Horregatik areagotu dira azken urteotan kaleratze kolektiboen kontrako demandak arlo judizialean.

-Grebak aipatu dituzu ere, ELAren ekintza sindikalean erreminta funtsezkoa. Zer lan egiten dute Zerbitzu Juridikoek hor?

-Ia hasieratik egiten dugu lan grebetan. Greba deialdia ondo dagoen ikusteko, zerbitzu minimoak gehiegizkoak direnean horren kontra joateko, greba aurrera doan neurrian ematen diren urraketak salatzeko eta kalte ordainak eskatzeko gero... Enpresak saiatzen dira greba eskubideak urratzen, langileak ordezkatuz edo zigorrak ezartzen greban dauden langileei. Gure gatazka guztien atzetik lan juridiko handia dago.

-Genero-Ekitaterako Plan Estrategikoa da ELAk sindikatu feministagoa izateko duen gidaliburua. Zelan jorratu duzue hori Zerbitzu Juridikoetan?

Emakumeen aurkako diskriminazioa beti egon da eta egunero ehunka emakume artatzen ditugu, baina gaiak genero perspektiba batetik hasi gara lantzen. Uste dugu analisi juridikoa genero perspektibatik ere egin daitekeela, eta epaitegietan, poliki-poliki eta borroka handiarekin, ari da txertatzen. Gure helburu estrategikoa prezedente innobatzaileak sortzea da.

-Zer esan nahi duzu horrekin?

Ikuspegi berri batetik kasuak irabazita prezedente innobatzaileak lortuko ditugu. Soldata arrakalaren bueltan, lan berdinagatik soldata berdina eskatzea gauza bat da, baina oso garrantzitsua da ere lanbideak nola baloratzen diren, balio bereko lana kontzeptutik abiatu behar gara. Karrera profesionala ere judizialki borrokatzeko elementu bat izan daiteke. Hasi gara horren bueltan kasuak irabazten, Gasteizeko komisaldegian, adibidez, eta Gipuzkoako Ogasunean. Formalki, administrazioak ez du diskriminatzen, baina bi kasu horietan diskriminazioak eman dira, promozioetan oztopoak jarrita eta lanpostuen zerrendatik botata, emakumeak izateagatik eta haurdun egoteagatik. Lan osasuna ere indartu behar den eremu bat da, lan feminizatuetan gaixotasun profesionalen aitortzarekin edota arrisku psikosozial eta sexu jazarpen gaietan bereziki sakontzen.

-Epaitegietan genero perspektiba txertatzea zaila dela diozu. Badago baikortasunerako arrazoirik?

-Bide bat zabaltzen ari da, hori ona da. Europatik ere heldu dira genero ikuspegia aplikatu duten sententzia batzuk. Adibidez, Estatu espainiarraren kontratu partzialetako kotizazio kalkuluetan emakumeak galtzen irteten direla esan dute, lan kontratu partzialak sektore feminizatuetan ematen direlako neurri handiago batean, eta horrek prekarietatea dakar, bai lanean zaudenean eta bai jubilazioan ere. Hor genero ikuspegia dago. Epaile batzuk hasi dira aplikatzen perspektiba hori, baina oraindik gutxi dira. Hori sustatu behar dugu eta horretan gaude.