“Ciudadanosen babesak agerian uzten ditu lan erreformaren mugak”
“Kalera atera gara bihar bozkatuko dena langileek behar duten lan-erreforma ez dela salatzeko. Ez du kaleratze erraza eta merkea aldatuko, eta, gainera, Hego Euskal Herriko negoziazio kolektiboa mugatzen jarraituko du, hau da, hemen lan-baldintzak hobetzeko dugun gaitasuna. Beraz, berri txarra iruditzen zaigu lan-erreforma aurrera ateratzea”.
Igeregik nabarmendu du ELAk erreforma bat nahi duela, baina beste erreforma bat, benetako erreforma, eskubideak berreskuratzeko balioko duena. “Erreforma aurrera ateratzeko Ciudadanos funtsezko elementua izatea erreformak dituen mugen erakusgarri da. Lan-eskubideei buruzko proposamen basatiak egiten dituen alderdi bat funtsezkoa bada dekretu hau baliozkotzeko, horrek esan nahi du erreforma ez dela eragozpena proposamen basati horiek aurrera eraman ahal izateko”.
Testuinguru horretan, negoziazio kolektiboko arduradunak azpimarratu du ez dela Hego Euskal Herriko langileek behar duten dekretua. Horregatik, beste behin ere, mezu bat bidali nahi izan die euskal alderdi politikoei. “EAJren eta EH Bilduren aurkako botoa funtsezkoa da etorkizunean lan-erreforman aldaketa sakonak egiteko beharra mahai gainean jartzeko. Espainiako Gobernuak etorkizunean bilatzen jarraituko ditu, ziur beste proiektu batzuk aurrera ateratzeko beharko dituela. EAJri eta EH Bilduri eskatuko diegu une hori iristen denean gogoratzeko zein garrantzitsua den euskal langileentzako lan-erreforma”.