EAE-KO HEZKUNTZA PUBLIKOA
“Dezepziotik alternatibara igaro behar dugu”

Maiatzaren 9an LAB, Steilas, CCOO, UGT eta Interinoak Taldea sindikatuek EAEko Hezkuntza Publikoko irakaslean lan baldintzak arautzen dituen akordioa sinatu zuten Hezkuntza Sailarekin. Hainbat aste igaro dira akordiotik, eta ELAk hezkuntzan duen arduradun Miren Zubizarretak lehen egunean egindako hausnarketa berresten du. “Akordioak ez ditu grebalarien eskaera tronkalak jaso: ez dago ratio hobekuntzarik ezta desburokratizaziorako, behin-behineko enplegua egonkortzeko ezta langileen lan-osasuna bermatzeko neurririk ere. Gainera, ez du eros-ahalmena berreskuratzen ezta giza-baliabide hobekuntza nahikorik bermatzen”.
Zubizarretak azpimarratzen duenez, sinadurak dezepzioa eragin du irakasle askorengan. “Akordioaren aurretik irakasleak itxaropentsu zeuden, ziur zeuden greba eta mobilizazioen bidez gauzak mugituko zirela. Mentalizatuta zeuden ordura arteko greba dinamikak jarraituko zuela eta ezarritako helburuak beteko zirela, Sukalde eta Garbiketan lortu zen bezala”.
Azken asteetan ELAk batzarrak egin ditu ikastetxeetan, irakasleekin hitzarmenaren edukiak eta gabeziak partekatzeko. ELAk egiaztatu du langile asko ez daudela pozik hitzarmenarekin. “Langile askok aitortu digute ziurgabetasuna sentitzen dutela sinatutako hitzarmenaren gabezien aurrean. Batzarretan parte hartu duten lagunek berretsi dute hitzarmena ez sinatzeko erabakia, akordioak grebalarien eskaera nagusiak jasotzen ez dituela iritzita”.
Eta orain, zer?
Agerikoa da, beraz, akordioak sortu duen dezepzioa. Baina, hori esanda, aurrera begira jartzeko ordua heldu dela uste du Miren Zubizarretak. “Nola gainditu dezakegu etsipen hori? Hori da orain geure buruari egin beharreko galdera. Gure jendearekin bildu behar dugu, hausnartu, eta, batez ere, hurrengo borroketarako ondo prestatu. Horretarako langilego antolatu eta kohesionatu bat behar dugu, hurrengo borrokek bestelako amaiera bat izan dezaten”.
“Hori da batzarretan behin eta berriz errepikatzen ari garen mezua. Saretu beharra daukagu, antolatu. Hitzarmenak ezinegona sortu du, eta sindikatuak formulak landuko ditu prozesu horretan erantzunik gabe geratu diren edukiak lortzeko eta eskola publikoak dituen gainerako arazoei erantzuteko”.
Hauteskunde sindikalen egutegia jarraituz, 2027ko martxoan Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleek euren ordezkariak aukeratu beharko dituzte. Aldizkari honen 21. orrialdeko taulak jasotzen duen bezala, ELA gero eta indartsuagoa, hitzarmenen edukiak are eta hobeak dira. Izan ere, ezin dugu ahaztu egungo hitzarmena 2028an iraungiko dela, eta eduki berriak askoz lehenago hasi beharko direla prestatzen.
“Borroka honek ez du izan nahi genuen amaiera”, dio Zubizarretak. “Baina, hori esanda, argi utzi nahi dugu borrokak merezi duela. Eta argi dugu ere hurrengo borrokek are gehiago mereziko dutela. Orain gure lana etorkizunera begira jartzea da, hurrengo hilabeteetan edo urteetan etorriko diren borroka berri horiek ondo prestatzea. Uste dut lan ona egiten ari garela, eta horrek bere emaitzak emango dituela. Hitzarmenaren sinadurak etsipena eragin du, baina orain gure ardura da egoera iraultzea eta dezepziotik alternatibara igarotzea”.