“Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformarekin pobrezia handituko da”

2017/06/06
“Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformarekin pobrezia handituko da”
Iragan astean Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) aldatzeko oinarrizko dokumentua ezagutzera eman zuen. ELAk oso irakurketa ezkorra egiten du; gure sindikatua ziur da erreforma bere horretan ezartzen bada pobrezia handitu egingo dela.

ELAk erreforma horren inguruko txostena aurkeztu du Bilbon. Gizarte politiken arduradun Mikel Noval eta Janire Landaluzeren ustez, gizarte-prestazio sistema egoki bat funtsezkoa da kohesio soziala izateko. “Prestazioak murriztu egin dira azken aldian, eta datozen urteetan ere areago urrituko dituzte. Oraindik ere duina ez den zenbatekoak eta laguntza jaso ahal izateko eskakizunak zorrozteak, estaldurarik gabe uzten du gero eta kolektibo gehiago. Benetako pobrezian dagoen biztanleriaren %30,7ak ez du DSBErik jasotzen. Eta egoerak txarrera egingo du proposatutako erreformarekin”.

Novalek eta Landaluzek salatzen dutenez, jasotzaileen indefentsioa erabatekoa da. “Legearen interpretazio subjektiboak eta irizpideen etengabeko aldaketek ez daukate zerikusirik arauaren izpirituarekin. Betiko moduan, politika hauen ondorioak herritarrek pairatzen dituzte; areago, eurei leporatzen zaie egoeraren ardura, eta kriminalizatu ere egiten dituzte”.

IRAKURRI AGIRIA