“Egindako lanak fruituak eman ditu; egun historikoa da 2019ko Martxoaren 8a” #M8GrebaFeminista

2019/03/08
ELAren berdintasun arduradun Leire Txakartegik Martxoaren 8 honetarako deitutako greba feministaren inguruko balorazioa egin du Bilbon eguerdian egin den manifestazio jendetsuaren atarian. Txakartegi oso pozik agertu da, eta deialdi hau aurrera eramateko egindako lana goraipatu du.

“Aurreikusten zen bezala, egun historikoa izango da. Lan mundutik harantzago doan greba da, baina lan munduan ere jarraipen zabala izaten ari dena. Greba honen prestakuntzan ehunka bilkura eta asanblada egin ditugu, eta horrek bere emaitza eman du deialdi honen jarraipenean. Emakumeak era masibo batean greba egiten ari dira, batez ere sektore prekarizatu eta feminizatuetan. Gainera mobilizazioak oso jendetsua izatea aurreikusten dugu”.

Egun hau martxan dauden borroka eta greba feministak indartzeko aukera bikaina izango dela uste du Txarketegik: Gipuzkoako Erresidentziak, Gipuzkoako polizia-etxe eta epaitegien garbikuntza, Bizkaiko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua...

Gainera, euren borondatearen kontra deialdi honekin bat egin izan ez duten emakumeak ere izan ditu gogoan berdintasun arduradunak. “Jarraipena oso zabala izan arren, jakin badakigu egoera oso prekarioan dauden emakume askok ezin izango dutela greba egin. Horregatik, greba egin ahal dugunok emakume horien izenean ere ari garela sentitzen dugu”.