METALGINTZA

“ELAk hitzarmen onak baino ez ditu sinatzen”

2023/07/12
Unai Martínez Industria eta Eraikuntzako idazkari nagusiak metalaren abagunea eta probintzia-hitzarmenen egoera aztertu ditu

Maiatzaren 23an ELAk (ordezkaritzaren %47) Gipuzkoako Metalaren Hitzarmen berria sinatu zuen. ELAk akordioari buruzko oso balorazio positiboa egin zuen. Soldata-igoerak eta eskubideen hobekuntzak nabarmendu zituen. Gainera, enpresetan langileek sortzen duten aberastasuna banatzen jarraitu ahal izateko oinarririk onena zela azpimarratu zuen.

Bi hilabete lehenago, martxoaren 24an, LABek, CCOOk eta UGTk Bizkaiko Metalaren Hitzarmena sinatu zuten. ELAren iritziz akordio hori “eskasa” zen, eta nabarmendu zuen soldata-igoerak ez zirela nahikoak, ez zela lanaldia murrizten, ez zela azpisektore guztien subrogazioa jasotzen, ez zuela aldi baterako laneko enpresen gainean mugarik ezartzen, eta hitzarmena ezin zitekeela aplikatu, nahitaezko arbitrajea ezarriz.

2022ko azaroaren 4an, CCOOk eta UGTk Nafarroako Metalaren Hitzarmena sinatu zuten. ELAk akordio hori “uko egiteen akordiotzat” jo zuen, ez baitzituen betetzen, besteak beste, ELAk edo UGTk eta CCOOk beraiek hasierako plataformetan soldatari, malgutasunari edo berdintasunari buruz ezarritako aurreikuspenak.

Araban, bestalde, UGTk, CCOOk eta LABek Metalaren Probintzia-hitzarmena sinatu zuten 2022ko irailean SEA patronalarekin. ELAk ohartarazi zuen akordioak deitutako grebak indargabetzea baino ez zuela bilatzen, eta, gainera, enpresei edozein unetan itundutakotik aldentzea ahalbidetzen ziela. Gainera, ELAk nabarmendu zuen langileen %90 inguruk ez luketela itundutako soldata-igoerarik jasoko, beren enpresetan berezko soldata-akordio handiagoak zituztelako.

Unai Martinez Industria eta Eraikuntza federazioko idazkari nagusiak Hego Euskal Herriko metalaren egoera aztertu du eta ELAk hitzarmena sinatzeko edo ez sinatzeko arrazoiak aztertu ditu.

-Has gaitezen azkenetik. Zergatik sinatu du ELAk Gipuzkoako Metalaren Hitzarmena?

-Alde handiarekin, Hego Euskal Herriko metalgintzako probintzia-hitzarmenik onena delako. Izan ere, Gipuzkoan, adibidez, gainerako hitzarmenekiko aldea, kategoriaren arabera, %20-47 handiagoa da. Soldata-igoerarik handiena jasotzen duena delako, betiere aurreko urteko KPIa bermatuz. Lanaldi laburrena duena delako. Ogitartekoaren 15 minutuak benetako lanalditzat hartzen dituen hitzarmen bakarra delako. Lan-erreformen aurrean blindatuta dagoen Metalgintzako probintzia-hitzarmen bakarra delako. Sektoreko azpikontrata guztien subrogazioa jasotzen duen bakarra delako. Lizentziei, euskarari, LGTBIQ+ kolektiboari... dagokienez hobekuntza ugari jasotzen dituelako. Azken batean, Adegik sinatu nahi ez zuen hitzarmena sinatu dugu.

-Gipuzkoako Metalaren Hitzarmena sinatu ez duten sindikatuek greba egunik deitu gabe sinatzea eta Adegiri bake soziala bermatzea leporatu diote ELAri.

-ELAk ez du grebei buruz hitz egiten, ELAk egin egiten ditu. Gipuzkoako greba-egunen %87,60 ELAk egin ditu. Grebei buruz hitz egiten denean, mundu guztiak daki ELAri buruz hitz egiten dela, sindikatu horrek deitzen baititu ia guztiak. Gaur egun, gure federazioan hamahiru greba ditugu irekita enpresetan, eta greba sektorial bat. Oinarri bat dugu, zoru bat, metalaren probintzia-hitzarmenak. Hortik aurrera, aberastasunaren banaketa ahalik eta bidezkoena izan dadin enpresetan borrokan jarraitzeko.

-Martxoan ELAk ez zuen Bizkaiko Metalaren Hitzarmena sinatu. 2022an ere ez genuen sinatu Araba eta Nafarroakoek. Zergatik?

-ELAk hitzarmen onak baino ez dituelako sinatzen. Ez dugu erdipurdiko hitzarmenik sinatzen eta ondoren onak balira bezala saltzen. Arabako, Bizkaiko edo Nafarroako hitzarmenak sinatzea inkoherentea litzateke. Gipuzkoakoa erreferentziatzat hartuta, ezin ditugu ontzat eman langile batek kategoria bereko beste batek baino 6.000 eta 8.000 euro gutxiago artean kobratzen duen lan-hitzarmen horiek.

Oso erraza da ulertzea: beste herrialdeetako patronalek Gipuzkoako metalgintzako baldintza berberak jarri izan balituzte mahai gainean, sinatu egingo genukeen. Cebekek Adegik Gipuzkoan egin duen gauza bera proposatu izan balu Bizkaian, ELAk akordioa sinatuko luke eta, gainera, 11 greba egun aurreztuko lirateke.

ELAk hitzarmen gutxi sinatzen dituela esan dute. Beno, egia izan daiteke. Kontua da ELAk hitzarmen onak baino ez dituela sinatzen.

-Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako metalgintzako hitzarmen probintzialak sinatuta daude datozen urteetarako. Eta orain, zer?

-Bada, enpresetan borrokan jarraitzera, gure lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko. Ez dezagun ahaztu: metalaren probintzia-hitzarmenak gutxienekoen hitzarmenak dira. Borrokak aurrera jarraitzen du, eta ELA da burua. Enpresetan borrokan eta probintzia-hitzarmena hobetzen duten enpresa-hitzarmenak sinatzen ari gara. Duela gutxi CIE Legazpin edo Alumbrado Iruña ABEEn lortu dugu. Gainera, enpresa askotan ari gara borrokan: Pasabanen (Tolosa), CIE Taldeko enpresetan eta Sidenorren Araban...

Bere lan-baldintzak hobetu nahi dituenak badaki zer egin behar duen: ELAra etorri.