XVI. KONGRESU KONFEDERALA

“ELAn jendearen ongizatearekin eta beharrekin lotzen dugu subiranotasuna”

2025/07/07
Batzorde Nazionalak onartutako Ponentziak, hau da, sindikatuak datozen lau urteetarako dituen helburuak eta ildo estrategikoak laburbiltzen dituen programak, aho bateko babesa izan zuen.

Kongresuaren bigarren jardunaldia Ponentziaren eztabaidarekin hasi zen. Lau pertsonak aurkeztu zuten: Amaia Muñoak, Leire Txakartegik, Aitor Murgiak eta Pello Igeregik. Amaia Muñoak subiranotasunaz eta hitz horrek ELA bezalako klase sindikatu batentzat duen esanahiaz hitz egin zuen. Muñoak azpimarratu zuen burujabetza herritarren, langileen eta herriaren esku egon behar duen eguneroko jardunbide politikoa dela. “ELAn subiranotasuna, ezinbestean, jendearen ongizatearekin eta beharrekin lotzen dugu”.

Egungo egoera aztertuta, ELA ondorio batera iritsi dela adierazi zuen Muñoak: Euskal Herriaren etorkizuna ezin da Espainiak eta Frantziak ezarritako esparruetan eraiki. “Aldebakartasuna ez da desiragarria, baina gaur egun indar korrelazioa aldatzeko bide errealista bakarra da. Ez gara gatazka ireki edo heroiko bati buruz hitz egiten ari; gaitasun politikoa berreskuratzeaz ari gara, behingoz aldebikotasunaren fikzioan bizitzeari utziz”.

Leire Txakartegik antolaketari buruz hitz egin zuen, hau da, “geure buruari, geure gabeziei eta indarguneei, buruz, langileen eskubideen defentsan sindikatua ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Antolaketaren atalean jasotzen diren helburuak eta lan ildoak epe luzekoak dira, ez dira lau urteko epean agortzen. Afiliazioa, hauteskunde sindikalen bultzada, epaiketak, militantziaren sindikalizazioa edo antolakuntza... Egunero egiten ari garen arren, beti izango ditugu hobetzeko gauzak, geure buruarekin zorrotzak garelako”.

Horregatik, argi utzi zuen lehentasunak zeintzuk izango diren. “Oinarrietatik hasiko naiz: afiliazioa eta hauteskunde sindikalak, jakin badakigulako ezinbestekoak direla gure autonomia sindikala bermatzeko eta lantokietan indar sindikala eraikitzen hasteko. Guztion ardura izango da, halaber, militantzia sustatzen jarraitzea, plan eta ekintza zehatzak abian jarriz: konfiantza kolektibotik abiatuta, parte hartzeko espazioak sortuz eta elikatuz, elkar aitortuz eta zainduz eta beharrezko prestakuntza eta laguntza eskainiz”.

Aitor Murgiak Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoa aztertu zuen. “Euskal Herrian krisi anitz horiek hainbat hamarkadatan politika neoliberalak aplikatu diren testuinguruan garatu dira. Politika horiek, herrialdea gobernatu duten alderdi nagusiek bultzatuta, lan-baldintzak desarautzea sustatu dute, eta enpresen gehiegikeriei atea ireki diete”.

“Errenta altuak, kapital-errentak eta enpresa-mozkinak pixkanaka zergapetzen joatea ere baztertu dute, bai eta birbanaketa-politika eraginkorrak bultzatzea ere. Gainera, inbertsio publiko eskasa egin dute oinarrizko zerbitzuetan, hala nola osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan, babes sozialean eta politika industrialean, eta azpikontratazioaren eta pribatizazioaren aldeko apustua egin dute funtsezko sektoreetan, hala nola zaintza profesionalizatuetan. Azken kongresutik korporazio handiek (Iberdrola, BBVA, Kutxabank, etab.) irabaziak handitu dituzten bitartean, langileak pobretze prozesuan murgilduta egon dira, eta erosteko ahalmenaren galera argia jasan dute”.

Pello Igeregik, berriz, negoziazio kolektiboaren egoera aztertu zuen. Horretarako, datozen lau urteetarako ELAren estrategia azaldu zuen. “Lan mundua prekarietatearen gainean eraiki nahi duten gobernu eta patronalen aurrean, langile klaseak gatazka estrategiarekin baino ezin du erantzun.” Testuinguru horretan, azken Kongresutik beste behin berretsi den ondorio bat aipatu zuen. “Azken lau urteetako albiste on guztiak grebaren ondorioz etorri dira. Guk borrokaren epika aldarrikatzen dugu, inposatu nahi diguten errealitate gordina aldatzeko epika eraginkor bakarra delako. Ez dugu barkamena eskatuko grebak deitzeagatik, harro gaude! Langileak zapaltzen dituztenei hortzak erakustea pozgarria da, soldata ordaintzen dizunari aurre egitea gozamena da, eta datozen lau urteetan sindikatu honetan izugarri gozatzen jarraituko dugu”.

**

Soberania, gutxieneko soldata eta militarismoa ere aztergai

Nazio Batzordeak aurkeztutako ponentzia testu mardula da. Normala da, sindikatuak hurrengo urteetan jarraituko duen bide-orria zehazten baitu. Baina Ponentzia proposamena onartzen denetik Kongresura bitartean hamaika gauza gertatu litezke. Horregatik Kongresuan hiru ebazpen eztabaidatu eta bozkatu ziren, azken hilabeteetan puri-purian egon diren eta sindikatuak garrantzia berezia eman nahi izan dien gaiak.

Ane Zelaiak Hego Euskal Herrian subiranotasun eta justizia sozialeko esparru berri baterantz izeneko ebazpena aurkeztu zuen. Zelaiak azpimarratu zuenez, ELA Euskal Herriko lehen sindikatua da, eta horregatik sindikatuaren ardura da Euskal Herriaren eskubide sozial, laboral, kultural eta politikoak bermatzeko tresna eraldatzailea izatea.

Leire Gallegok Lanbidearteko Gutxieneko Soldata Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuen bidez finkatu ahal izatea aldarrikatzen duen ebazpena aurkeztu zuen. Jakina denez, eskumen hori Estatuarena da orain. “Mundu osoan, gutxieneko soldata kohesio sozialerako eta aberastasuna banatzeko tresna bat da”, azpimarratu zuen Gallegok.

Hirugarren ebazpena Ivan Gimenezek aurkeztu zuen. Gimenezek ELAk Europako belizismoaren eta eskalada militarraren aurka duen konpromisoa berretsi zuen. “Belizismoaren gorakadak demokrazia eta langile klasea arriskuan jartzen ditu”, salatu zuen.