“Enpresa handiek zergak ez ordaintzearen konplize dira Gobernuak eta Aldundiak”

2021/06/03
Krisia “langileen bizkar” geratzen ari dela salatu du Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak. Ondasuna banatzeko, murrizketak saihesteko eta enplegua sortzeko, zerga-sistema aldatzeko proposamena luzatu du Bilboko ekitaldian.

'Zerga-sistema iraultzeko unea da' lelopean, ekitaldia egin du ELA k Bilboko Arriaga antzokiaren alboan, fiskalitatearen inguruko kanpainaren baitan. Bertan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ziurtatu du erreforma fiskala inoiz baino beharrezkoagoa dela, krisiak desberdintasunak eta behar sozialak aregoatu dituelako. “Justizia sozialagatik ez ezik, krisiari irtebidea emateko bidea ere bada”.

Izan ere, Lakuntzak dio ez gaudela “denok” krisian, baliabide ekonomikoak izan arren, krisia “betikoak” ordaintzen ari dielako. Izan ere, enpresa handiek apenas ordaintzen dute zergarik: irabazten dituzten 10 euroetatik bat. Eta langileak dira ekarpen handiena egiten dutenak: jornalen zuzeneko zergetatik datoz ogasunak jasotzen dituen lau euroetatik hiru. Egoera hori hautu baten ondorioa dela azpimarratu du: “Herri honetan zenbat eta gehiago eduki, orduan eta zerga gutxiago ordaintzen da, eta beraiek ordaintzen ez dutena beste batzuk ordaindu behar dugu. Hori Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Aldundien konplizitate politikoarengatik gertatzen da”. “Injustizia horrekin amaitzeko erreforma fiskala behar dugu”.

Gainera, politika industrialik ez izatea leporatu die erakundeei, eta enpresek alde egin ez dezaten zergak saihestea zentzugabea dela dio: “Zergatik daude enpresak Alemanian edo Frantzian, eta ez Marokon? Bada, berrikuntza, formazioa, komunikazioa, hornikuntza sareak eta beste daudelako”. Horregatik, benetako politika industriala behar dela dio Lakuntzak, eta zerga-sistemaren aldaketaren bidez enplegua sustatzeko baliabideak izango direlako, eta enpresa estrategikoak babestuko dituen 2.300 milioi euroko fondoa sortzea ere proposatu du.

Era berean, egungo zorrari aurre egiteko inbertsio publikoa handitzea premiazkoa dela dio: “Osakidetzak eta Hezkuntzak zerbitzu egokia eskaitzeko, gazteek etxebizitza erosi ahal izateko, 1.080 euroko pentsioak bermatzeko, edota lana sortu eta ekoizpen ereduaren aldaketari aurre egiteko”.

Ildo beretik hitz egin du Mikel Noval ELAko Azterketa bulegoko arduradunak. Hego Euskal Herriko erakundeek fiskalitate eskumenak enpresen mesedetan eta hiritarren kaltetan erabili dituztela salatu du. “ELA ez dago kontzertu ekonomikoaren kontra, hala esan badigute ere, baizik eta errenta handiei, enpresei eta kapitalari halako zerga jaitsiera basatiak egitearen kotra”. Horregatik, zergak igotzea ezinbestekoa da, hala nola, sozietateen irabazien zergei %25 igoz edo Ondarearen zerga ezarriz: “Bestela, murrizketa larriak etorriko dira eskubide sozial, laboral eta demokratikoetan”. Erakundeei, bilerak eskatzeaz gain, erreforma gauzatzeko komisioak sortzea proposatu die Novalek.

Xabi Zalaba Azterketa Bulegoko kideak aletu ditu proposamen horiek, eta zerga-sistema aldatzeko unea dela anpatu du: “Borondate politikoa besterik ez da”. Leire Estevez sindikatuko Ekintza Sozialeko arduradunak, bestetik, zergaren erreforma “elkartasun” eta “justizia” auzia ere badela adierazi du, eta zerga igoera gizarteko desberdinkeriarekin amaitzeko baliatu behar dela ziura da.

Ekainaren 4an Iruñean egingo da beste ekitaldi bat, Errekoleten plazan, Fiskalitatearen kanpainaren baitan. Eta ekainaren 15ean Gasteizen eta 17an Donostian egingo dira ekitaldi bana, zerga-sistemaren erreforma eskatzeko.