“Erasora jotzeko garaia da” #Landeia

2020/01/02
Urtarrilaren 30ean, grebarako deialdia dago Hego Euskal Herrian, Eskubide Sozialen aldeko Gutunak deituta, pentsio, enplegu eta bizitza duinak aldarrikatzeko. Deialdi horretaz gogoeta egin digu Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak #Landeia aldizkariaren azken alean, eta erasora jotzeko premia azpimarratu.

2020ko urtarrilaren 30ean, greba orokorra. Deialdiaren arrazoiak?

Asko, gehiegi. Gizarte geroz eta desorekatuagoa ari dira eraikitzen, non pobrezia prekarietatea ari baitira nagusitzen lanean eta kalean. Oasi moduko batean bizi garela esaten digute erakunde publikoetatik, baina asmakeria hutsa da hori. Aztertzen badugu, adibidez, zer ari den gertatzen lan-munduan, hona emaitza: soldatak edo erosahalmena hamar bat puntu jaitsi dira, batez ere soldata txikienak. Langile pobreak dauzkagu, lanaldi partzialeko geroz eta kontratu gehiago, gehienbat emakumeen artean, eta soldata-arrakala guztiz onartezina; alokairuen prezioak, berriz, 1.000 eurokoak dira, batez beste. Pentsioei, aldiz, KPIaren adinako igoera ere ez zaie bermatzen. Patronalak eta enpresa handiek nahi duen politika egiten da hemen; ekonomia hazten ari da, baina aberastasuna geroz eta okerrago banatzen da. Egoera horri aurre egin behar diogu; izan ere, gure eskariak kalean ez baditugu aldarrikatzen, inon ere ez dira aldarrikatuko. Agenda politikora eraman behar ditugu gure eskakizunak.

Nola antolatu da deialdia? Eta zeinek?

Komeni da gogoratzea duela sei urte Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Gutuna eratu genuela zenbait sindikatuk eta gizarte-eragilek, partaidetza-prozesu baten bidez, eta harrezkeroztik zenbait ekimen bultzatu ditugula eskubide horien alde. Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, berriz, bi urte daramatza astero mobilizazioak egiten; duela hilabete batzuk, berriz, mobilizazio-dinamika horretan jauzi kualitatibo bat egiteko premia nabarmendu zuen.

Bat gatoz ELA eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Gutuna ikuspegi horrekin, eta onartu egin genuen desafioa. Honenbestez, mobilizazio-egutegi bat adostu dugu hurrengo hilabeteotarako, barne dela 2020ko urtarrilaren 20rako deitutako greba orokorra. Gogora dezagun duela bederatzi urte ere, 2011n, greba deitu genuela pentsio publikoen sistemaren erreformaren aurka.

Hain juxtu ere, pentsioak izango dira grebaren ardatzetako bat, baina ez bakarra: haiekin lotura duten beste eskakizun batzuk ere badaude, eta horiek ere gure aldarrikapen-agendan sartu behar ditugu. Hor dago, adibidez, enpleguaren kalitatea. Bistakoa da geroz eta prekarioagoa bihurtu dela enplegua azken hamarkadan: azpikontratazioa, kontratu partzialak, ABLEak, behin-behinekotasuna… Bestalde, nabarmena da prozesu horren genero-irakurketa ere. Eskubide sozialak, berriz, geroz eta urriagoak dira. Hori dela eta, pobreziaren bidean daude milaka herritar. Borroka bera dira borroka horiek guztiak.

Zein da greba orokorraren helburua?

Aukera bikaina da greba azken hamarkadan kendu digutena berreskuratzeko eta erasora jotzeko, gure arazoek hor jarraitzen dutela eta aldaketak nahi ditugula esateko. Aldarrikapenak, berriz, hauek dira: gutxieneko pentsioa, 1.080 euro; erretiratzeko gehieneko adina, 65 urte; gutxieneko soldata, 1.200 euro; asteko lanaldia, 35 ordu… Eta baliogabetzea azken urteotan onartutako lan-erreformak eta negoziazio kolektiboan egindako aldaketak, eta eskubide sozialak bermatzea. Lan- eta bizi-baldintzen prekarizazioa gelditzea, hori da xedea.

Eusko Jaurlaritzari eta patronalari ez zaie gustatu greba-deialdia. “Greba politikoa” dela diote, eta deialdiak ez duela haien aurkakoa izan behar, aldarrikapenen gaineko eskumenik ez omen daukate eta. Noren aurkakoa da greba-deialdia?

Argudio berak ari dira erabiltzen Eusko Jaurlaritza eta patronala, eta zaila da, batzuetan, zein den zein bereiztea. Eusko Jaurlaritzak dio okerreko leihatilara jo dugula, Madrila joan behar dugula, han erantzun behar dietela gure aldarrikapenei.

Guk, berriz, hau esaten diegu: ezkutatzen ez jarraitzeko, eta, besteak beste, DBEari buruzko proposamenak, etxebizitza-eskubidea eta mendekotasuna dutenak artatzeko beste eredu bat eskatzen. Gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzeko ere eskatzen diegu. Gogora dezagun Eusko Legebiltzarraren txosten juridiko batek ahalbidetzen duela eskakizun hori gauzatzea. Eskatzen diegu, halaber, azpikontrata publikoetako langileei subrogazio-eskubidea aitortzeko administrazioak, eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ordaintzeko, administraziotik behin-behinekotasuna ezabatzeko, eta diskriminazioaren eta soldata-arrakalaren aurkako lege bat plazaratzeko.

Politika egitea ere leporatzen digute bai Urkulluren gobernuak, bai patronalak. Bitxia kontua! Izan ere, CEOEko presidentea Euskal Herrira etorri eta hitzaldi batean ondarearen gaineko zerga kentzeko eskatu zuen egun berean, politika egitea egotzi ziguten. Jakina politika egiten dugula, eurek egiten duten bezalaxe. Baina badago alde handi bat: aplikatzen den politika haiena da, ez gurea.

Bistakoa da zergatik ez duten gogokoa greba-deialdia: nabarmen uzten dituelako, eta noren alde dauden adieraztera behartzen…

Langileok ez dugu gure aldeko komunikabide handirik; beraz, hori dugu lehenbiziko egitekoa: isiltasuna urratzea, lau haizetara zabaltzea milaka euskal herritarrek egunero pairatzen duten bidegabekeria. Ahotsa eta oihartzuna lortu behar dugu, besterik ez bada gure herria den bezalakoa ikus dezagun, ez batzuek sinetsarazi nahi diguten bezalakoa. Horretarako ere balioko du greba orokorrak.

Pentsiodunen mugimenduaz “jabetzea” leporatu diote Gutun Sozialari…

Ez da egia. Hego Euskal Herriko pentsiodunen koordinakundearekin hitz egin dugu, hots, pentsiodunen mugimendu osoa ordezkatzen duen erakundearekin.

Haiekin adostu ditugu kanpaina, mobilizazioak eta greba-deialdia. Gutunak ez du beretzat hartu ez dagokion ezer. Pentsiodunek eskatu ziguten indarrak batzeko, eta uste dugu bidezkoa dela eskari hori, denoi dagokigun borroka baita. Beraz, deialdiaren aniztasuna azpimarratzekoa dela esango nuke.

UGTk eta CCOOk ez dute bat egin greba-deialdiarekin…

Ezin dute, kontraesan handi baten mende baitaude. Ez dezagun ahantzi 2011ko eta 2013ko pentsio-murrizketak sinatu egin zituztela UGTk eta CCOOk. Jakina, oso zaila da zeuk eragin duzun egoera baten aurkako greba deitzea.

Erasora jo behar dugula zenion…

Historian zehar, “ekintza-erreakzioa” logikaren arabera egin izan dira greba orokor asko, hau da, defentsibara jardun izan gara, gertakarien atzetik. 2013az geroztik Gutun Sozialeko partaideok egiten ari garen gogoetaren ondorioa, berriz, zera da: aurretik ibili behar dugula, geuk aurkeztu behar ditugula proposamenak eta alternatibak, erasora jo behar dugula.

Ez dugu etsipenaren mendeko izan behar. Jasaten ari garen eredu neoliberal hau ez da dagoen aukera bakarra; badago alternatibarik, alor guztietan gainera (lana, gizartea, finantzak, energia, elikadura-burujabetza…). Jende askok oraindik ez du alternatiba horien berri, eta horregatik ari gara haiek plazaratzen eta ezagutarazten.

Argi askoa da Gutun Sozialaren errezeta: erradikaltasuna, politizazioa, proposamenak eta mobilizazioa, egungo ereduaren aurkako jarrera tinkoa abiapuntu dugula.

Greba-deialdia “zikintzeko” buru-belarri ari dira erakundeak eta patronala…

Beste aukerarik utzi al digute bada? Gogoratu behar zaie greba eskubide demokratiko bat dela, ulertzea zaila egiten bazaie ere. Grebari esker lortu ziren zortzi orduko lanaldia eta 65 urterekin erretiratzea, esate baterako. Beraz, ELAkook ondo dakigun bezala, bestela lortzea ezinezkoa den zenbait eskubide irabazi ditugu grebaren bidez. Greba orokorrak ikusgai bihurtzen gaitu; erreferentziak, alternatibak eta proposamenak erakusteko aukera ematen digu; pedagogia egiten dugu; gizon eta emakume askoren kontzientzia-maila areagotzen du…, politizazio-prozesu bat da, finean. Izan ere, zenbat eta kontzientziatuagoa gizartea, orduan eta hobea.