“Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde”

2010/06/21
Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, ELAk, LABek eta STEE-EILASek, deitzen dugu ekainaren 26rako Donostian hezkuntzaren erabilera partidista salatzeko egingo den manifestazioan parte hartzera.

Apirilaren 27an gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, ELAk, LABek eta STEE-EILASek, prentsaurreko baten bidez hezkuntzaren erabilera partidista salatu genuen. Agerraldi hartan gure kezka agertu genuen Euskal Herri osoan hezkuntzaren arloan administrazio ezberdinak hartzen ari diren hainbat erabakiren aurrean, euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren naziotasuna lausotzen, eta gatazka politikoa eta honen biktimak helburu partidistekin erabiltzen. Izan ere, hezkuntza komunitatean bertan inolako adostasunik bilatu gabe inposizio partidistaren bidetik erabakiak hartzen ari dira, euskal gizartearen beharrak eta aldarriak aintzat hartu gabe, estrategia uniformizatzaile jakin batean.

 Agerraldi eta agiri haietan ikasle, guraso, irakasle eta oro har hezkuntza langileei aitortzen genien hezkuntza prozesuaren protagonismoa, eta sindikatuon ekimenetatik haratago, hezkuntza komunitate osoari, kultura munduari, euskalgintzari, giza eskubide guztien defentsan dabiltzanei, azken finean jendarte osoari, dei egiten genien jasaten ari garen erasoen inguruan hausnarketa egitera eta egoki ikusten duten moduan erantzutera.

Orain, sindikatuok pozten gara Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde ekimena abian jarri delako, eta biziki txalotzen dugu ekainaren 26rako, Donostian, eginiko manifestazio deialdia. Izan ere, ekimen honek aukera ematen du arlo akademikoan –ikastetxe zein fakultateetan-, euskalgintzan zein kulturgintzan, irakasle, guraso eta ikasleen artean, azken finean gizarte osoan nagusitu den kezka eta haserrea bideratzeko.

ELAk, LABek eta STEE-EILASek oso positiboki baloratzen dugu ekimen honek, bere pluraltasunean, aukera ematea herritar orori hezkuntzaren arloan jasaten ari garen erasoei erantzun bateratua bideratzeko, sindikatuon sigla eta jardunetik haratago, alderdien jardunetik haratago eta hezkuntza eragileek egin dezakegun irakurketa partikular erabat zilegietatik haratago.

Azkenik, sindikatuok oso kontziente gara hezkuntzaren arloan Euskal Herrian egindako bidea luzea, ederra eta neketsua dela. Handia da egindako lana, baina handia jokoan dagoena eta aurrera begira ditugun erronkak ere. Horregatik erasoei eman beharreko erantzunez gain, indarrak biltzen jarraitu beharko dugu, Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde elkarlanean.

 Manifestazio ekainaren 26an, Boulevard-etik abiatuko da arrtsaldeko seiretan.