“Ez da nahikoa TTIP geldiaraztea, CETA eta TISA ere geldiarazi behar ditugu”

Batetik, gizarte-presioa goraka joatea, eta bestetik hauteskunde batzuk bertan izatea, arrazoi nahikoak dira TTIPrekiko jarrera kritikoak orain nongura ikusteko. Gogoratu beharrekoa da, duela gutxi, ekainean, herrialde horiek guztiek berretsi zutela EBari emandako agindua TTIP negoziatzeko.
Baina, gainera, edo batez ere, badago beste arrazoi bat: CETA kosta ahala kosta salbatu behar izatea. CETA, dagoeneko, negoziaturik dago, eta berresteko zain. Gogoz kontra, baina azkenean itun misto gisara hartu dute; eta horren ondorioz, Europako Kontseiluak eta Parlamentuak berresteaz gain, estatu-kide guztiek berretsi behar dute. Hori horrela bada, gizarte-mobilizazioengatik izan da. Mobilizazio horiek garrantzi handikoak izan dira, baina orain ezin dugu arreta galdu. Erne jarraitzeko arrazoi asko dago.
Lehenengo eta behin, CETAri emandako erantzuna askoz txikiagoa izan da, TTIPri emandakoa baino. Eta biak negoziatu dira isil-gordean, zein baino zein okerragoak eta arriskutsuagoak dira, baina gu konturatu orduko, CETAren negoziazioak amaiturik zeuden. Hala ere, garaiz gaude CETA geldiarazteko, orain geratzen zaigun irtenbidea estatu-kideek ez berrestea lortzea da. Arrisku hori ikusita, Europako Batzordeak CETA behin-behingoz aplikatzen hasi nahi du, Europako Parlamentuak berretsi ondoren eta estatu-kideetako parlamentuek berretsi baino lehen. Ez daude prest helburuei uko egiteko, baina gizartearen oposizioak oztopoz bete die bidea. Horregatik jarraitu behar dugu zailtasunak jartzen, harik eta proiektu horietan atzera egin arte.