“Ez dago Alternatiben Herria bezalako ekimen bat baina gauza iraultzaileagorik"

2015/10/13
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sinatzaile ELA, LAB, ESK, STEILAS eta EHNE sindikatuetako ordezkariek agerraldi publikoa egin dute urriaren 24an Bilbon egingo den Alternatiben Herria ekimenari babesa emateko. Sindikatu hauetako arduradunek azpimarratu dutenez, “urriaren 24an eraldaketarako hazia landatuko dugu Bilbon. Horregatik aldaketa honen parte izan nahi duten langile guztiei dei egiten diegu ekimen honetan parte hartu dezaten”.

Ordezkari sindikalek berebiziko garrantzia eman diote Alternatiben Herria eraikitzeko prozesuari. “Ekimena hilabete askotako lana da. Prozesuari erreparatuz gero, izugarri aberatsa da. Jende ugari parte-hartzen ari da, ekimenak dagoeneko 145 eragile sozialen atxikimendua jaso duelarik, tartean hemen bildu garen sindikatuak. Eraldaketa sozialean sinesten dugun eragileak garen neurrian, guretzat lehentasun bat da egungo sistemaren aurrean alternatibak bilatzea. Horretan ari gara, eta horretan jarraituko bai urriaren 24an eta bai etorkizunean ere”.

Hau guztiagatik, ELAko idazkari nagusiak mezu argia igorri nahi izan du: “urriaren 24an, denok Bilbora!”.

“EZ DAGO HORRELAKO EKIMENAK BAINA GAUZA IRAULTZAILEAGORIK”

ELAren izenean Adolfo Muñoz –idazkari nagusia– eta Amaia Muñoa –idazkari nagusiaren albokoa– izan dira aurkezpenean. Muñozek nabarmendu nahi izan duenez horrelako ekimenek kapitalismoaren agendatik ihes egiten dute, “eta ez dago hori baina gauza iraultzaileagorik. Patronalaren, gobernuen eta kapitalaren eskutik ezin dugu ezer onik espero; horregatik derrigortuta gaude mobilizatzera eta proposamenak garatzera. Eta horrelako ekimen bat garatzen duzunean honakoa adierazten ari zara: bai, badaude alternatibak eta horiek garatzera goaz. Balio handia eman behar diogu egiten ari garenari”.

Informazio gehiago

http://alternatibenherria.eus/

http://www.mrafundazioa.eus/eu/artikuluak/alternatiben-herriari-buruz-jakin-nahi-duzun-guztia