XVI. KONGRESU KONFEDERALA
“Ez dago demokraziarik politikan eragiteko dugun eskubidea errespetatzen ez bada”

Ekainaren 2an eta 3an ELAk XVI. Kongresu Konfederala egin zuen Bilboko Euskalduna Jauregian. Kongresu horrek, beste gai askoren artean, azken lau urteetan egindako lana aztertzeko, hurrengo lau urteetako bide orria eztabaidatzeko, Batzorde Betearazle berria aukeratzeko edo, 50 urte geroago, sindikatuaren Printzipioak eguneratzeko balio izan zuen.
Mitxel Lakuntza berriro idazkari nagusi hautatua
Mitxel Lakuntza izango da berriro ELAko idazkari nagusia datozen lau urteetan. Hala erabaki zuten Kongresuan parte hartu zuten 736 kongresukideek. Lakuntza buru zuen Batzorde Betearazlearen proposamenak 629 boto jaso zituen, % 90,37. Kontrako 37 boto izan ziren (% 6,75), 18 boto zuri (% 2,58) eta 2 boto baliogabe (% 0,28). Babes horrek sindikatuaren barne-kohesioa erakusten du.
Guztira, hiru dira berritasunak Batzorde Betearazle berriko kideei dagokienez: Ane Bilbao Alzelai (Zerbitzu Juridikoak), Luis Fernández Centeno (Sindikalizazioa. Militantzia. Ekitaldi konfederalak) eta Unai Oñederra Egaña (Prestakuntza. Iparraldea. Estrategia subiranista). Hiru pertsona horiek Xabi Anza, Amaia Aierbe eta Joseba Villarreal ordezkatuko dituzte. Lehenengo biek zuzendaritza karguak izateko gehieneko adinera iritsi ondoren utziko dute Batzorde Betearazlea, eta Villarrealek beste erantzukizun batzuk izango ditu sindikatuan hemendik aurrera.
“ELAk borroka sindikala irabazi du”
Berriro idazkari nagusi hautatua izan ondoren egindako lehen hitzaldian, Lakuntzak sindikatuaren lana nabarmendu nahi izan zuen, eta sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek politikan eragiteko duten eskubidea errespetatzen ez bada, ez dagoela demokraziarik salatu zuen.
“Sistemarekin ados dauden eragile sozial eta sindikalen iritziak eta jarduera baino ez dira onartzen, eta adostasun horretatik kanpo gaudenoi zalantzan jartzen digute gure zilegitasuna. Ez da demokraziarik egongo sindikatuen eta beste gizarte-eragile batzuen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez badira, politikan eragiteko eskubidea barne; horrek beste izen bat du, eta ez da demokrazia deitzen”.
Kontakizun faltsuen aurka
Berrautatutako idazkari nagusiak Kongresuaren itxiera aprobetxatu nahi izan zuen ELAren aurka eraiki nahi dituzten kontakizun faltsu batzuk desegiteko eta salatzeko. “Gure sindikatuari buruz gezur asko esaten eta idazten dira. Ez da egia gatazka berez helburua denik ELArentzat; patronalak edo gobernuek mahai gainean eduki onak jartzen dituztenean, sindikatu honek sinatu egiten du. Aitor Estebanek esaten duenean ELArekin ezin dela akordiorik lortu, agerian geratzen da euskal errealitatearekiko deskonexioa: ELA da hitzarmen gehien sinatzen dituen sindikatua, alde handiarekin: 2024an, adibidez, 250 hitzarmen baino gehiago. Eta hitzarmen onenak dira, estatistika ofizialek erakusten duten bezala”.
Lakuntzak argi du kontakizun faltsu horien zergatia. “Kontakizun faltsu hori eraikitzen dute ez garelako gobernuek eta patronalak finkatzen duten esparruan sartzen, baina onartu nahi ez dutena 104.000 afiliatu dituen sindikatu baten sendotasuna da; hori da jasan ezin dutena. Eta, hain zuzen ere, horretara etorri gara kongresu honetara, sindikatua are indartsuago bihurtzera”.
Zailtasunak eta gezurrezko kontakizunak gorabehera, Lakuntzak nabarmendu zuen ELAk irabazi duela eredu sindikalaren borroka, eta elkarrizketa sozialaren argazkia porrot baten argazkia dela gaineratu zuen.
“ELA da herri honetako lehen sindikatua, eta hor dago gure legitimitatea eta indarra, langileek egunero ematen digutena. ELAk irabazi du eredu sindikalaren borroka; elkarrizketa sozialaren argazkia porrotaren argazkia da; banatzen den diru publikoa gorabehera, ezin dute errealitate bat ezkutatu: mahai horietatik, ez Nafarroan, ez EAEn, ez da ezer onuragarririk atera langileentzat”.
“ELAk, bere kontrabotere-ereduari eta patronalarekin duen konfrontazioari esker, prekarietatea murrizteko garaipen garrantzitsuak lortu ditu, hitzarmen gehiago eta hobeak”.
“Beste politika bat beharrezkoa da”
Testuinguru horretan, eta etorkizunera begira, Lakuntzak azpimarratu zuen ELAk langile klasearen interesen alde borrokatzen jarraituko duela, bere ustez hala moduzko akordioekin konformatu ezin den ezkerrari dei eginez.
“ELAk herri honen erabakitzeko eskubidea defendatzen jarraituko du, laneko legediako eta gizarte segurantzako eskumen osoak barne, besteak beste. Eta horrekin batera, akordioak betetzen direla eta euskarak gaztelaniaren aurrean duen legezko gutxiagotasun-egoera gainditzen duela bermatu behar dugu. Koherentziaz, ELAk ez ditu onartuko egungo estatus politikoaren aldaketa kosmetiko hutsak, eta ez du ontzat emango edozein akordio, sinatzen duenak sinatzen duela; eztabaida honetan herritarrek parte hartu behar dute, eta ELAk bultzatuko du langileek euren helburuak eta interesak aurrera atera ahal izatea”.
Ildo horretan, ELAko idazkari nagusiak gogorarazi zuenez, “beste politika bat beharrezkoa da erakundeetan, eskuinari aurre egingo dion, hala moduzko akordioekin ados egongo ez den, eta alternatiba eraldatzaileak defendatuko dituen ezkerretik hasita, gizarte erakundeekin lan eginez; erdigunean langile klasea jarriko duen lankidetza hori da ELAk defendatzen duena”.
Militantziaren garrantzia
Langileria antolatu, gizartea eraldatu. Sindikatu gehiago, bizitza gehiago. Hori izan da XVI. Kongresu Konfederalaren leloa. Eta hori izango da ELAren erronka nagusia datozen lau urteetan: langile klasea antolatzea gizartea eraldatzeko. Bide horretan aurrera egiteko tresnetako bat militantzia da, idazkari nagusiaren hitzaldiaren beste puntu garrantzitsuetako bat, hain zuzen ere.
“ELAn badago lekua borrokatu nahi duten pertsona guztientzat. Ez dago inor soberan. Sindikatu militante batek ez du sabairik”. Ideia hori garatuz, Lakuntzak adierazi zuenez, “pertsona militante batek ikuspuntu kolektiboa du eta, gainera, konpromiso bat hartzen du; bere interes pertsonaletatik harago doa, indibidualismoa gainditzen du arlo kolektiborantz aurrera eginez; militante izatea jarrera bat da, baina ez dago militante izateko modu bakarra, eta ez da erabateko prestutasunarekin neurtzen; militantziek askotarikoak eta inklusiboak izan behar dute”.
“Botere sindikal handiagoa behar dugu lantoki bakoitzean, eta eragin politiko handiagoa; horretarako egiten dugu lan, eta jauzi erabakigarria militantzia handiagoarekin baino ez da lortuko; ez dago ezer garrantzitsuagorik datozen lau urteetan”.