“Ezin ditugu maila berean jarri erakundeen eta herritarron erantzukizuna”

2016/12/02
Abenduaren 3a, larunbata, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Egun hori dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko nagusiek eta hainbat eragilek ekitaldi publikoa egingo dute Bilbon; bertan, besteak beste, ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde?’ izenburuko testua aurkeztuko dute. ELAk ez du bat egingo ekitaldi horrekin; sindikatuko euskara arduradun Leire Txakartegik erabaki honen zergatia azaltzen du.

-Zergatik ez dugu bat egin ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde?’ ekimenarekin?

-ELAtik Hizkuntza Politika gaietarako, Herri Aginteen arteko Koordinazio Batzordearen gonbidapena jaso genuen, “edonork sinatzeko moduko Adierazpen bati atxikimendua eman” eta argazki batean ateratzeko proposatuz. Bidalitako agiria aztertu ostean, ez sinatzea atxikitzea dugu. Lehendabizi, nabarmendu beharra dago inor ez dela gurekin kontaktuan jarri ekimen hau antolatzeko orduan, soilik dena itxita zegoenean kasu egin digute.

Ez gaude ados adierazpenak egiten duen planteamenduarekin. Adierazpenak norberak hartu ditzakeen konpromiso indibidualak azpimarratzen ditu, Herri Aginteek eta kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak, duen erantzukizun politikoa maila berean jarriz. Euskararen normalizazioak izan duen bultzada eraginkorrena herri ekimen zein langileen aldetik etorri dela kontutan hartuta, ezin ditugu maila berean kokatu instituzio eta herritarron erantzukizuna, hizkuntza eskubideak bermatzeko orduan. Ezta euskararen egunean ere. Honetaz gain, edukiei dagokionez, testuak gabezia handiak ditu, eta ezin dugu bat egin berarekin.

-Zergatik diozu hori?

-Eusko Jaurlaritzak ez du egiazko konpromiso politikorik hartzen. Bada, Euskararen Legeak 34 urte bete dituen honetan, normalizaziotik urrun egonik, euskarak konpromiso eta borondate politikoa behar dituela aldarrikatu nahi dugu.

Euskara egoera minorizatuan dago, euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dira. Egoerari honi buelta emateko guztion hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika berri bat behar dugu, ahalik eta adostasun maila zabalenean oinarrituko dena baina inori beto eskubiderik onartuko ez diona. Guztiok argazki batean kabitzeko garaiak dira edota euskararen aldeko konpromisoak gehiengo zabal batek hartzeko garaiak?

-ELAren erronketako bat lan mundua euskalduntzea da. Zer egin dezakegu helburu horren egikaritzan?

-Langileok prest gaude lan mundua euskalduntzeko prozesu, dinamika edota ekimen errealetan subjektu eta eragile aktibo izateko; langileok prest gaude konpromiso berriak hartzeko; langileok prest gaude euskararen normalizazioaren aldeko gehiengo sozialarekin konpromiso berriak hartzeko. Eta horretara goaz.

Horregatik, balore handia ematen diogu berriki LAB sindikatuarekin batera lan mundua euskalduntzeko elkarlanean garatuko dugun egitasmoa. Langileok protagonista izango garen egitasmoa da, euskararen normalizazio prozesuaren subjektu eta eragile aktibo izan behar baitugu lan munduan. Era berean, lan munduko gainerako subjektuekin zubi lanak egingo dira. Euskara Erakundeen Gizarte Kontseiluarekin batera garatuko dugun egitasmoa da, eta guretzat balio handia du.

Ekimen hau lehendabizi Urola-Kosta eskualdean jarriko dugu martxan. Eskualdeko 10-15 enpresatan garatuko dugu egitasmoa, eskualdeko herri nagusi guztiak bustiz eta enpresa tamaina zein izaera anitzak inplikatuz.

ELA eta LAB sindikatuetako militanteek (eskualdeko ordezkaritza kontutan hartuta) elkarrekin garatuko dugu ekimena lan zentroetan eta horretarako gune bateratuak sortuko ditugu. Langile guztiei ateak zabalik. Ekimen hau bere hastapenetan dago, baina gure helburua eta erronka ahalik eta gehien zabaltzea da.

http://www.ela.eus/eu/aktualitatea/albisteak/lan-mundua-euskalduntzeko-egitasmo-bat-aurkeztu-dute-ela-eta-labek?set_language=eu