“Ezker politiko sendorik gabe ezinezkoa da behar ditugun aldaketak ematea” #Landeia

2019/03/12
Apirilaren 5ean, Adolfo Muñoz “Txikik” sindikatuko ardurak bertan behera utziko ditu, adina dela eta. Landeiaren 232 alean Muñozek elkarrizketa mamitsua eskaintzen du sindikatuan dituen ardurak uztearen bezperatan.

Bizitzaren legea da arauzko adinera iristean batek dituen erantzukizunak beste pertsona baten eskuetan uztea. Muñozen agurra, ordea, adinagatiko errelebo soil bat baino askoz garrantzitsuagoa da. “Sindikatuaren azkeneko kidea naiz, diktaduraren ostean ELAren berrantolatzea ekarriko zuen 1976ko Eubaren Kongresuan egon zena”. Muñoz lasai dago, “sindikatua egoera eta esku onetan geratzen delako”. Aitortzen digu, ordea, “agurrak ez zaizkiola batera gustatzen eta berari buruz hitz egitea kostatzen zaiola”. Hori bai, ez du familia ahaztu nahi, “jasan behar izan duen guztiarengatik”.

Lau hamarkadaz baino gehiagoz militantzian aritu ostean, sindikatua utzi duzu. Zein egoeratan geratzen da ELA?

Lan-, gizarte- eta politika-eremuetan eragin handia duen erakunde bat da ELA. Eta hori aintzat hartu behar da. Parodiatu nahi diguten horiek ere aitortzen dute eragina daukagula, eta martxan jartzen ditugun dinamikek gizartean ondorioak dituztela. ELA kohesio handiko erakunde bat da, elkartea eratzen dugunok errespetuz antolatzeko kultura bat duena. Ingurura begiratuta ikus dezakegu erakundeetan hausturak normalean zuzendaritzarekin adostasunik ezak daudenean hasten direla.  ELAren zuzendaritza-taldea oso kohesionatuta dago. Kultura hori oinordetzan hartu dugu, eta uste dut gure ondorengoei jakin izan diegula transmititzen. Gure kontrabotere proiekturako zuzendaritzaren kohesioa behar-beharrezkoa da. Erabateko autonomia finantzarioa daukagu eta horrek autonomiaz jokatzeko aukera ematen digu pentsatzeko, proposamenak egiteko eta jarduteko moduari dagokionez. Hortik abiatuta, ELAk ez ditu agintarien mendekotasunezko eta klientelismoko harremanak onartzen. Ez gara inoren hasierako gonbidatuak. Gure interesak ditugu eta besteek onartzea besterik ez dugu nahi. Erakunde, botere ekonomiko eta alderdiekin izan ditugun arazoetako asko horren ondorio dira, alegia, ez dutela onartzen ELA bezalako erakundeek modu autonomoan jardutea.

Pozik zoaz?

Bai, esan dudanarengatik. Badakidalako bideak aurrera jarraitzen duela, mila arrazoi daudelako oraindik sindikatu bezala jarduteko, aurpegia emateko.

Langile-klaseak urte gogorrak bizi izan ditu, eta itzelezko eraso neoliberal baten erdian borroka egin behar izan duzu.  Espero zenuen egoera hori bizitzea?

Ez, ez nik ez beste inork. Oso gogorra izan da. Neoliberalismoak krisia aprobetxatu zuen diziplina sozialeko elementu bat bailitzan, haren xedea betetzen jarraitzeko. Manipulazio politikoaren bidez puntu ezezagun batera iritsi dira eta karikatura bihurtu dute. Muturreko eskuinaren igoera ulertzeko politika neoliberalen ondorioak aintzat hartu behar dira. Urte hauetan zehar ELAk aurpegia eman du defendatzen dituen horien eskubideengatik. Gure asmoa ez da mundu osoaren gustukoa izatea, langile-sindikatu batentzat ezinezkoa delako hori.  Botere politiko eta ekonomikoei aurka egin diegu.

Krisia ez da amaitu. Desberdinkeria, langabezia, laneko miseria edo xenofobia hor daude, eta aurre egin behar diegu. Urte hauetan guztietan errepikatu dugu botere-harremanak direla eztabaidagaia. Gaur egun neoliberalismoa da nagusi, posizio autoritarioek irabazi dute, baita hemen ere. Trump, Vox edo Bolsonaro ikusirik, aldizkari ofizialak horiek neutralizatzeko erabiltzen duen autoritarismo lokalak “peccata minuta” irudi dezake, baina autoritarismoa da azken finean. Badakite fase honetan autoritarismoa eta neoliberalismoa nagusitzen direla. Egoera horretan, gure langileen arazoei konponbidea emateko ehun sozial alternatibo bat antolatzea ezinbestekoa da.

Xede horri begira, bakarrik sentitu gara?

Esango nuke ez dugula erronka horretarako behar den elkartasuna lortu eta ezker politikoak ez duela sindikatu-mugimenduarekin elkarlanean aritzeko dialektikarik bilatu. Ez duelako nahi izan. Europa osoan politika neoliberalak aplikatzen dira. Baina azpimarratu behar dugu sozialdemokrazia eta kontsentsu neoliberala bat egitea porrot estrategikoa izan zela. Europar Batasunak marko–neoliberal– zorrotz bat egituratu du, horregatik berdin dio nork gobernatzen duen, politika ekonomiko eta sozial berak aplikatzen direlako. Marko horretan, gastuaren araua da nagusi eta lehentasuna ematen zaio zorra ordaindu eta paradisu fiskalak imitatzen dituen zerga-politika mantentzeari. Gai horri buruz, ordea, ez dira mintzo, ez eskuin ez ezker, ez dutelako nahi. Lazgarria da hori.

Krisiak disidentzia —eta haren barruan sindikalismo aldarrikatzailea—neutralizatzea izan du xede. Horregatik guztiagatik oso kritikoak gara ezker politikoaren jarduteko erarekin. Egin nahi duguna ez da erraza, badakigu, baina ezker politikoak onartzen ez duen bitartean eskuinak oinarrizko debateak lapurtzen eta hegemonizatzen dituela, ez da aldaketa garrantzitsurik emango. Ezker politikoak jendeari azaldu behar dio erakundeetan egotearekin bakarrik ez dela nahikoa. Ingurura begiratzea besterik ez dago. Ezker politikoak mugimendu sozialari lehentasuna eman beharko lioke, mugimendu sozial eta sindikalekin lan egin beharko luke ehun sozial alternatibo bat sortzeko. Aldiz, haiek diotenez zentraltasun politikoa bilatzen dute, baina hauteskundeetarako kalkulu zehatz bat besterik ez da, gizarte-ereduari eta mugimendu sozialari buruzko debatea erlatibizatuz. Litekeena da azken 100 urteetan sindikalismo aldarrikatzaileak inoiz baino garrantzi gutxiago eduki izana ezker politikarentzat. Haien partidu-xedeak betetzeko erabili nahi gaituzte soilik.

Azterketa soziologikoek diote hiritarren arazo nagusiak langabezia, soldata eskasak, pentsioak…direla. Ezkerrak gora egiteko baldintza objektiboak lirateke horiek. Eusko Jaurlaritzan pobreziaren aurkako LHE bat aurkeztu berri dugu baina PNV, PSE eta PP alderdiek atzera bota digute. Hots, neoliberalismoaren ordezkariek. Nafarroan, adibidez, Parlamentura iritsi aurretik bota zuen atzera mahaiak. Eta hori aldaketaren gobernuarekin. Eskuinak horrela jardutea oso larria da, eta salatu egiten dugu, baina ez gaitu harritzen. Ezkerrak, ordea, ez du interesik jarri Parlamentuak erresonantzia-kaxa moduan jardun dezan, gizarteari ohartarazteko pobreziaren kontra borrokatzeko elementu garrantzitsuak biltzen zituen LHE bat eztabaidatzen ari zirela.

Ezker politikoa egiten ari denarekin oso kritikoa zara.

Haren beharra daukagulako. Ezker politikoarekin batera lan egitea gustatuko litzaiguke. Noski, harreman gatazkatsuak izan daitezke, gure autonomiari ez baitiogu uko egingo. Baina ez diote bide honi heldu nahi izan. Ezker politikoak Europako sozialdemokraziak egin duenaren antzera haren ziurtagiri instituzionala bakarrik bilatzen badu, normala da sindikalismo aldarrikatzailea traba bat izatea berarentzat. ELArentzat frustragarria da hori. Ezker politikoak hori bakarrik lortu nahi badu ez dauka gure beharrik. Horretarako ez du ELA-LAB arteko aliantzarik behar, are gehiago, traba bat izan daiteke berarentzat, jardunbide horrekin nabarmen geratuko litzatekeelako.

2017ko irailean ELA eta LABek agiri bat aurkeztu izanak ezkerreko jardunbidearekin eta batera epaitzeko ezintasunarekin zerikusia du. Kontrabotereko sindikalismoak ezkerrak gizarte-eredua erlatibizatu izana salatu behar du. LABekin ezinezkoa izan da ordea. Agiri honetan jasotakoa gauzatu ez bada Sorturen interes faltarengatik izan da.

Hori da zure frustraziorik handiena?

Aitortzen dut ELA-LAB aliantza aurrera ez eramatea izan dela nire frustraziorik handiena. Eskuin politikoa Despeñaperrosera joan izanak kezkatzen nau. Baina frustrazioa eragiten dit bereziki ezkerrak jardunbide horrekin bere oinarri sozialaren itxaropenak zapuzten dituelako eta sindikalismo abertzaleak kontrabotereko elementu moduan jarduten ez dutelako. Noraezean dabilen ezkerrari behaztopa jarriko genioke. Eta, noski, negoziazio kolektiboaren oztopo larriei konponbidea emango genieke. Aliantzak ez dira egiten ekintza sindikala eta lanuzteak ahultzeko.

Ezkerrean jartzen duzu fokua, ez eskuinean…

Noski jartzen dugula eskuinean ere, bai eskuinean bai ezkerretik aurre egiteko moduan. Nik Everest igo nahi dut, hori da nire helburua, baina ezin dut. Beraz, ingurura begiratu eta nire buruari galdetzen diot nork lagunduko liguken helburuak betetzen.  Botere-harremanetan laburbiltzen da dena. Krisiak berriro erakutsi digu boterea soilik errespetatzen dela. Eta gure erakundeari begira, aliantzak behar ditugula uste dut. Helburua betetzeko zeinekin elkartu ordea? Neoliberalismoak gogor eraso du. Eta gure aliantzak aztertzean datorkigu frustraziorik handiena, gure eskuetan egon behar litzatekeelako. Erabateko autonomia-terminoetan ELA-LAB ituna aurrera ez eramateak frustrazioa eragiten digu, defendatzen dugun ehun sozialak lanaren, gizartearen eta politikaren alorretan dinamika indartsu bat planteatzeko arazoak izango dituelako.

ELA eta LAB xerpa-lanetan ibili ginela esan zuen norbaitek. Ez, ELA ez da sekula xerpa bat izan. Interes batzuk ditugu, eta horiek defendatzen ditugu, klaseko interesak zein nazionalak.

Zerk sentiarazten zaitu benetan harro?

Sindikatua pertsona askorentzat baliagarria dela eta emakumeek bertan eragina dutela. ELAko kideen erdia baino gehiago emakumeak dira. Batzorde Nazionala eratzen duten 36 kidetatik 21 emakumeak dira. Eta aintzat hartuta Batzorde Nazionaleko kide gehienak gazteak direla, ‘dagoeneko aldaketa eman dela’ esan dezakezu. Ni 17 urterekin sartu nintzen sindikatuan. Gaur egun ez da ohikoa. Hainbeste gaztek sindikatuan sartzea erabaki izana oso positiboa da. ELAk militantzia eta afiliazioa beste familiarik ez du.

ELA tresna baliagarria da langileriarentzat?

Dudarik gabe. ELArengan konfiantza izaten jarraitzen dutenei galde diezaietela bestela. Sindikatua erabiltzen dutenei, lanuztean Kutxatik kobratzen dutenei…Konfiantzarik gabe ezinezkoa litzateke 100.000 bazkide baino gehiago eta ordezkaritza hau edukitzea. Hori lortzeko militantziak ilusioa eduki behar du. Kideek sindikatuarekiko pasioa eta eguneroko lana bat egiten dituzte, eta hori oso garrantzitsua da. Azkenaldian gatazka askoren ardatza emakumeak, migratzaileak, etab. izan dira, alegia, talde prekario eta baztertuak, eta ELA gatazka horien aurrean jartzeak ilusioz betetzen gaitu.

Idazkari nagusi bezala eman zenuen lehenengo hitzaldian militantziaren garrantzia azpimarratu zenuen.

Militantzia ELA da. ELAn asko ikasi dut, bertako jendeak asko irakatsi didalako. Sindikatua burbuila bat da eta harreman pertsonal garrantzitsuak sortzen dira bertan. Garrantzitsua da kargu-erreleboetan hori azpimarratzea. Irakatsi didatena naiz ni, eta eskerrak ematen dizkiet horregatik. Inor ez da ikasita jaiotzen, horregatik garrantzitsua da dakienak bere ezagutzak igor ditzala. Jakituria igortzea jarrera sozialista bat da. Ezagutzak igortzen ez dituenak erakundeari ez dio mesede egiten.

Zer-nolako sentsazioekin zoaz?

Oso pozik noa badakidalako ELA sasoi betean eta esku onetan dagoela. Ez dagokit niri Kongresuan etorkizunari buruzko analisia egitea. Gauza bat eskatu nahi dut ordea, zuzendaritza berriari babes osoa eman diezaiotela, eta baita idazkari nagusiari ere, eta zaindu dezatela. Nik babes hori eduki dut. Herrialde honetan zenbaitzuk asko poztuko lirateke ELAk barne-arazoak izango balitu, zatituko balitz.

Etsaiak ditugu eta horiek kanpoan eduki behar dira. Kontrabotereko proiektu bat eustea eta elikatzea lan nekeza da. Horregatik barne-kohesioa asko landu behar dugu eta ez gara inertziak mugitzeko eta errealitate berriei aurre egiteko beldur izan behar.

Arlo pertsonalean zer eman dizu ELAk?

ELAk asko eman dit. Kontzientziazio politikoa —klasekoa zein abertzalea— duen pertsona batentzat ELA tresna paregabea da. ELAk politikan eragiteko nahia betetzen lagundu dit. Hemen mundu osoak egiten du politika, baita axolagabeek ere, haien jarrerarekin boterea eroso sentitzen delako. Nik ELAren bidez egiten dut militantzia politikoa. Ikuspegi politikorik gabe akabatuta zaude. Ez gaude alderdi politiko baten alde, baina horrek ez du esan nahi ELAk bere etorkizun sindikala eta soziopolitikoa irmoki defendatzen ez dituenik. Politika ez da alderdien eta patronalaren monopolioa.

Arlo pertsonalean, ELAk sindikatuaren barruan lagun asko egiteko aukera eman dit. Eta uste dut beste militanteekin adiskidetasuna izatea izugarria dela.

Eta, orain, zer?

Atzetik datozenek erabaki beharko dute. Kargua uzten dugunean betirako uzten dugu. ELAn, erreleboak goitik beherakoak dira, erantzukizuna bere gain hartzen duenak inolako injerentziarik gabe egiten du. Nik ez dut sekula esku-sartzerik ikusi, eta eskertzen dut. Modu horretan ezartzen gara, zuzendaritza legitimatzeko. ELAn badakigulako horrela egiteak zenbaterainoko garrantzia duen.