"Gobernuak beste lan erreforma bat emango dio patronalari"

2014/05/22
"Gobernuak beste lan erreforma bat emango dio patronalari"
Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak gaur goizean Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioaren (SNK) III Kongresuan hitz egin du; berau joan den igandetik hona Berlinen ari da egiten. Muñozek salatu egin du langile-klaseari sistemaz egiten ari zaizkion erasoa.

Hasteko, ELAko idazkari nagusiak CEOEren zinismoa eta hipokrisia agerian utzi du, izan ere, gobernuari beste erreforma laboral bat eskatzen baitio, eta langileei eskatzen die eskubideak galtzeko prest egon daitezela beren seme-alaben mesedetan. “Lotsagabeak dira, eta badakite gobernuak eman egingo diela eskatzen duten guztia”.

Muñozen arabera, “neoliberalismoak politikan hegemonia du, eta horregatik kapitalak berak sortu zuen krisiari etekina ateratzen dio, aukera bihurtuz. Nork esan zezakeen duela sei urte gaurko egoeran egongo ginela? Ez da lerro gorri bat ere errespetatzen; eskubide laboral eta sozialak suntsitzen dituzte; zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzte; defentsa kolektiboari erasotzen diote negoziazio kolektiboa deseginez, eta demokrazia bera ahultzen dute. Hau erabateko inboluzioa da, eta mundu mailan ari da gertatzen, baita Europan ere”, nabarmendu du.

ELAko idazkari nagusiak aipatu duenez, “Thatcherren pentsamoldea -neoliberalismo anker horrentzako eredua- ez da hil; aitzitik, ideologia eta praxi politiko erreakzionario hori klonatu egin da eta gure arteko herrialde askotan hedatzen ari da”. Hain zuzen, esan du Txikik, “hau gertatzen da gobernuetan kontserbadoreak daudenean, baina baita sozialdemokratek agintzen dutenean ere”.

Muñozek esan du inboluzio horren helburu nabarmenetako bat “sindikalismoa suntsitu, mugatu edo eragoztea” dela; xedea “sindikatua ezdeusa bihurtzea” da; “ez dute erresistentziarik topatu nahi, ez sindikaturik enpresetan; erabakiak inolako galgarik gabe ezarri nahi dituzte. Abiapuntu desberdinak gorabehera, hau ia mundu guztian ari da gertatzen”.

ELAko buruak esan duenez, mantra berriak inposatu dituzte: zorraren ordaina, lehiakortasuna eta etekin pribatuaren masifikazioa. “Eurentzat langabeziaren errudunak langabeak dira, eta pobreziarena, pobreak. Gure ustez, aldiz, egoera latz honek mugimendu sindikala behartu egiten du antolakuntzari lehentasuna ematera; ekintza sindikal eta soziala indartzera; kontrabotere-alternatibak jorratzera, eta kapitala eta patronala asetzeko politika antisozial horiek ezartzea erabaki duten gobernuei muzin egitera”.

Txikik bere hitzaldia amaitzeko esan du “bilatzen dugun politikaren erregenerazioa gertatuko bada mugimendu sindikalak jarrera indartsua agertu behar du. Ez diegu inolako babesik eman behar beren politikak medio desberdintasun sozialak areagotzen dituzten gobernuei”.

Ikusi bideoa