BORROKAN, IRABAZTEKO

“Greba asko egiten ditugulako dira posible grebarik gabeko akordioak”

2023/05/30
Pello Igeregik, Negoziazio Kolektiboko arduradunak, ELAk lortutako garaipen sindikalak aztertzen ditu elkarrizketa honetan. Horretarako grebaren garrantzia azpimarratzen du.

-ELA da Euskal Herrian hitzarmen eta akordio gehien lortzen dituen sindikatua. Urtean 300 baino gehiago.

-Akordioetara iristen ez garen mitoa eraikia da guri buruz eta datuek hori gezurra dela erakusten dute. Kontua da exigenteak garela, ez dugula edozer gauza sinatzen. Iaz akordio gehien guk itxi genituen, baina greba gehien ere guk deitu genituen.

Datua koherentea da gure ekintza sindikalarekin. Gu enpresetan gaude, ez gara konformatzen ematen digutenarekin, langileak mobilizatzen ditugu eta akordio kopurua horren ondorio da.

-Garaipenen urtekaria kaleratu berri dugu. Zergatik da garrantzitsua ospatzea?

-Hasteko, borrokan egon direnek lortu dutenari meritua ematen diolako eta identitatea eraikitzeko balio duelako. Baina baita ere beste batzuei perspektiba ematen dielako. Ikusten delako borroka eta antolakuntzaren bitartez posiblea dela lan baldintzak hobetzea. Norberarentzat da garrantzitsua ospatzea, baina beste langileei borrokak merezi duela erakusteko ere bada.

-Datu deigarria agertzen da urtekarian: EAEko Lan Eremuan izapidetzen diren kasuen %37 ELArenak dira. Batezbeste, 9.250 espediente kudeatzen dituzte sindikatuko abokatuek urtean.

-Legedia ez dago langileentzat diseinatuta, enpresen interesak bermatzeko dago. Hori esanda, guk Zerbitzu Juridikoak ditugu borroka sindikala egiteko, jakinda inposatu diguten esparrua dela. Iaz oso lan garrantzitsua egin zuten Zerbitzu Juridikokoek greba eskubidea bermatzeko, enpresek baliabideak dituztelako greba eskubidea mugatzeko eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dutelako ezer egiten.

-Negoziazioak prestatzerakoan, epaitegietan amaitu daitezkeela izan behar da buruan?

-Estrategia juridikoa negoziaketaren parte da, ezinbestean. Baina argi daukagu epaitegietatik ihes egin behar dugula, ahal den neurrian. Adibidez, hitzarmen batean hobekuntzak lortzera goazenean, guk ez dugu buruan epaitegietan irabaztea. Baina erregulazio espediente bat sartzen denean, epaitegian bukatzen da. Askotan ere gertatzen da epaitegietan zerbait lortzen dugula eta hori negoziazio kolektiboa aktibatzeko erabili daitekeela.

-Azken urtean, nabaria izan da mediazioen aldeko Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Zer iritzi daukazu horien inguruan?

-Eusko Jaurlaritzak mediazio guztietan enpresen alde egin du. Ez dira inpartzialak. Helburu bakarra gatazkarekin amaitzea dute, amaiera langileen kontrolpetik kanpo kokatuta, gainera. Langileei perspektiba kentzen diete, borrokak balio ez duela ematen duelako eta konponbidea beste nonbait jartzen duelako. Patronalak guri dagokiguna ez digu ematen ez duelako nahi, ez injustua delako.

-Enpresek hitzarmenak ez aplikatzeko mekanismoak dituzte eta hitzarmenen ultraaktibitatea mugatzearen alde egin du Madrilek azken hamarkadan ere bai. Zein da gaur egun negoziazio kolektiboaren egoera eta balioa?

-Negoziazio kolektiboa langileen antolakuntza da, enpresariek eman nahi ez dietena lortzeko. Horregatik ari da patronala negoziaketa blokeatu nahian modu orokortu batean. Nik ez dakit negoziazio kolektiboa osasuntsu edo gaixo dagoen, baina gu osasuntsu gaudela badakit. Legearen helburua status quo-a mantentzea denez, negoziazio kolektiboa beti joango da legearen kontra. Eta legeetan hobekuntzak borroka sindikalaren ondorioz heltzen dira, ez alderantziz.

-Hiru urte pasatxo eta gero, akordio on batekin amaitu zen martxoa amaieran Novaltiako greba. Zer irakurketa egiten duzu?

-Gogorra da ordaintzen dizunari esatea inposatu nahi dizkizun baldintzak ez dituzula onartzen. Eta langileei esaten badiegu ia 1.500 greba egun egin beharko dituztela lan baldintzak hobetzeko, mobilizaziorik ez dugu lortuko. Baina Novaltian egin dutelako, leku askotan greba egun bat bera ere ez dute egin behar izango. Greba asko egiten ditugulako dira posible grebarik gabeko akordioak. Greba ez da sekundarioa. Grebarako aukera beti dago mahai gainean. Pedagogia asko egin du Novaltiako grebak enpresarien artean.

-Iaz beste mobilizazio aurreikusten dituzu aurten?

-Urtea ez dakit nola bukatuko den, baina aurten lortzen duguna iazko grebei esker ere izango dela badakit. 2020an greba kopurua jaitsi egin zen, pandemiagatik. Baina 2019an egindako greba guztiek ere eragina izan zuten. Grebarik gabe akordioetara iristea posiblea da greba aukera mahai gainean dagoelako.