“Grebaren aldarrikapenak ezin dira agenda politikotik kanpo egon” #U30GrebaOrokorra

2020/01/30
Enpresak hustu eta kaleak bete. Hori zen urtarrilaren 30eko greba orokorra deitzen duten sindikatu eta eragile sozialen helburua. Ez dago eguerdian hiriburu eta herrietan deitutako mobilizazio ezberdinek izan duten jarraipen izugarria ikusi besterik helburuak bete direla jabetzeko. Milaka eta milaka izan dira pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak aldarrikatzeko kalera atera diren pertsonak.

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Bilboko manifestazioaren amaieran antolatu den ekitaldian hartu du parte. Lakuntzak greba deialdi honek gizartean jaso duen babes izugarria nabarmendu du, eta bertan parte hartzen ari diren pertsona eta eragile guztiak aitortu nahi izan ditu. “Gure indarra kalean dago. Soilik kaletik eta mobilizatuz irekiko ditugu gizarte justuago bat lortzeko behar ditugun aukerak. Hau esnatuta dagoen herri bat, gizarte justuago baten protagonista izan nahi duen jendea duena. Grebalari guztiei eskerrak eman nahi dizkiet; noski, ahaztu gabe greba egin ezin duten horiei, pentsionisten mugimendua bezala. Borroka eredu bat dira”.

Lakuntzak mezu oso argia bidali nahi izan die EAEko eta Nafarroako Gobernuen arduradun gorenei: Iñigo Urkullu eta Maria Chivite. “Jende arruntak bere arazoak ditu. Eta arazo horiek izena dute: nahikoak ez diren pentsioak, prekaritatea, soldata arrakala, etxebizitza... Arazo guzti horiek ezin dute agenda politikotik kanpo egon. Horretarako herri honi begiratu behar diote, hemen gaudenei entzun eta aldarrikapen ezberdinak aintzat hartu. Beste politika eta eredu soziala bat behar dugu. Bana jendeari soilik patronalaren betaurrekoekin begiratzen badiozu, gertatzen da gertatzen dena”. Idazkari nagusia ez da ahaztu Espainiako gobernuaz. “Ez da nahikoa musikarekin, letra behar dugu. Ezinbestekoa da bertan behera uztea lan eta eta pentsio erreformak”.

Azkenik, azpimarratu nahi izan du hau ez dela helmuga bat, abiapuntu bat baizik. “Bihar jarraituko dugu, baina indartsuago. Bihar pentsio publikoekin tematzen jarraituko dugu, prekaritatearen aurka borrokan, enpresaz enpresa, sektorez sektore. Gaur kalera atera den jendea herri honek duen onena da, eta gaur berriz ere erakutsi dute”.