XVI. KONGRESU KONFEDERALA

“Greben ondorioz, ELAk sinatu ditu lan hitzarmen gehien eta akordio onenak”

2025/07/07
Bilboko Euskalduna Jauregian bildu ziren ELAko ordezkariek erabateko babesa eman zioten Batzorde Eragileak aurkeztutako kudeaketa txostenari

Kongresuek etorkizunari begira sindikatuak izango dituen helburu eta lan-ildoak zehazteko balio dute. Baina, hurrengo urteei begiratu aurretik, ezinbestekoa da azken urteetan egindakoa aztertzea. Hain zuzen, hori da Kongresuko lehen mugarria: atzera begira jarri eta azken Kongresutik egindakoaren inguruan hausnartzea.

Hiru izan ziren Kudeaketa Txostena aurkezteaz arduratu ziren lagunak: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa eta Alazne Mantxola. Federazioetako eta eskualdeetako arduradunek ere parte hartu dute eztabaidan. Bilboko Euskalduna Jauregian bildu diren ELAko ordezkariek erabateko babesa eman zioten Batzorde Eragileak aurkeztutako kudeaketa txostenari.

Lorpen handiak azken 4 urteetan

Negoziazio kolektiboak tarte handia hartu zuen Kudeaketa Txostenaren aurkezpenean. Azken lau urteetan ELAk makina bat oztopori aurre egin behar izan diela aitortu zuen Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak, baina mezu baikorra luzatu nahi izan zuen. Esaterako, urteotan lortutako lorpen handiak.

“Patronalak hitzarmen ugari blokeatuta zeuzkan. Gainera, hainbat sektore eta enpresetako prekaritateari inflazio altua gehitu zaio. Baina, arazoak arazo, oztopoei aurre egitea lortu dugu. Datuei erreparatu besterik ez dago. ELAk sinatutako hitzarmenek beste sindikatuek sinatutakoek baino baldintza hobeak bermatzen dituzte. Esate baterako, 2023an, ELAk sinatutako hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %5,76koa izan zen, ELAk sinatu ez zituen hitzarmenetan, aldiz %4,17koa. Albiste hau are hobea da sektore feminizatuak kontuan hartzen baditugu; ELAk sinaturiko hitzarmenetan emakumeen batez besteko soldata igoera %7tik gertu geratu zen”.

Lakuntzak argi du honen zergatia. “Ez da kasualitatea ELA izatea hitzarmen gehien eta hobeak sinatzen dituen sindikatua. Zentzu honetan, grebaren indarra nabarmendu nahiko nuke. Datuei erreparatuta, 2023an deitutako greba-egunen %80,54 ELAk antolatu zituen EAEn –Nafarroan ez dago datu ofizialik–. Horregatik ELAk sinatutako hitzarmenek beste sindikatuek sinatutakoek baino baldintza hobeak bermatzen dituzte. ELAk hitzarmen gehiago eta hobeak lortzen ditu greba egiteko gaitasuna duelako”.

Lorpen handiak izan dira, baina oraindik lan handia geratzen da aurretik. Hala aitortu zuen Lakuntzak. “Sektore asko oraindik blokeatuta daude. Nafarroan zein EAEan. Sektore publikoan eta Nafarroako gobernuaren ardurapean dauden sektoreetan blokeoa edo gutxiengoan sinatutako akordioak dira nagusi, hezkuntza publikoarekin gertatu den bezala”.

ELA, hitzarmen gehien sinatzen dituen sindikatua

EAJko buruzagi Aitor Estebanek berriki adierazi du ELAk ez duela gaitasunik akordioetara heltzeko. Lakuntzak argi utzi nahi izan zuen adierazpen horiek gezur hutsa direla. “ELA da hitzarmen gehien sinatzen dituen sindikatua. Batez beste urtero 250 hitzarmenetik gora. Arazoa da Eusko Jaurlaritzak ez duela ELArekin akordiorik bilatzen, badakielako gehienetan sindikatu merkeagoak aurkituko dituela”.

Horregatik, ELAren zilegitasuna azpimarratu nahi izan zuen idazkari nagusiak. “Hau ere demokrazia da, demokrazia zuzena. ELA berriz aurkeztu da hauteskunde sindikaletara eta berriz ere irabazi ditu”. Datuak izan zituen lagun: ELA da Euskal Herriko sindikatu nagusia, eta %35,79ko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian. EAEn, %40tik gorako ordezkaritza du eta Nafarroan %23tik oso gertu dago.

Emakumeak, afiliazio hazkundearen oinarria

ELAko diruzain Alazne Mantxolak azken urteetan afiliazioan eta hauteskunde sindikaletan egindako lanaz mintzatu zen. Pozik agertu zen egindako lanarekin. “Afiliazioan goranzko bilakaera izan dugu. ELAren afiliazioa hazi egin da: 2021etik gaur arte sindikatuak 3.234 afiliatu gehiago ditu”. Mantxolak bereziki azpimarratu nahi izan zuen emakumeen hazkundea; izan ere, kongresu arteko hazkundearen %98,82 emakumeena da. Hau da, afiliazioaren hazkunde garbia 3.234 afiliaturena da; emakumeen hazkunde garbia, 3.196.

ELA, lehen sindikatua

Hauteskunde sindikaletako emaitzekin ere pozik agertu zen. Izan ere, Hego Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen sindikatua da. 2024ko abenduan, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkaritzaren %36 zeukan; guztira, 9.568 ordezkari, duela lau urte baino 901 gehiago. Hemen ere aipagarria da ordezkari berrien artean emakumeen pisua %65ekoa dela.

Mobilizazioak eraso neoliberalaren aurrean

Ez dira urte errazak izan langile klasearentzat. Horregatik Amaia Muñoak txalotu egin zuen kongresu arteko epean Euskal Herrian mobilizazioek nabarmen egin dutela gora. “ELA harro dago kontrabotere esparru honen parte izateaz”.

ELA langile prekarioenen ondoan dagoen sindikatua dela berretsi zuen Muñoak, eta, hain zuzen, sektore prekarioenei begira ELAk landutako proposamena ekarri nahi izan zuen gogora. “ELAk gutxieneko soldata proposamen berria landu du: Barne Produktu Gordinaren %65 izatea; 1.795 euro 2024ko kalkuluan. Hau da, gutxieneko soldata sortutako aberastasunera lotzea nahi dugu”.

Euskal Herria ez da munduan isolatuta dagoen irla bat. Horregatik nazioarteko abaguneaz ere mintzatu zen Muñoa. Izan ere, nazioartean gertatzen diren gauza asko gurean ere berebiziko eragina dute, ezinbestean. “Bost mehatxu nagusi daude une honetan nazioartean: desberdintasun sozialak; aldaketa klimatikoa; gerrak; migrazio politikak eta ultraeskuinaren gorakada”.

Nola ez, Palestinaren aurkako genozidioari tarte berezia eskaini zion. Gogor salatu zuen Europar Batasunak Estatu Batuekiko duen menpekotasuna eta erabaki minimoak hartzeko erakutsi duen gaitasun falta. “Oinarrian interes ekonomikoak daude, enpresa pribatuen negozioak babesteko grina, Euskal Herriko enpresenak barne”.

Baina, kanpora begiratzeaz gain, Euskal Herrira ere begiratu nahi izan zuen Muñoak. Gauzak honela, langile eta herritarren eskubideak bermatzeko, estatus politiko berriaren eztabaida irekitzea eskatu zuen. “Ez dute parte hartzea sustatu nahi; ez dute eztabaida ireki nahi”.