“Jauzi bat eman behar dugu mobilizazioetan; horregatik deitu dugu greba orokorra” #Landeia

2019/11/08
2020ko urtarrileko bigarren hamabostaldian greba orokorra egingo da Hego Euskal Herrian, pentsio publikoen, lan duinaren eta eskubide sozialen defentsan. Mitxel Lakuntzak mobilizazioetan urrats berriak ematearen garrantziaz ohartarazten du #Landeia aldizkarian abagune sindikal, sozial eta politikoa aztertzen duen elkarrizketa honetan.

Urriaren 23an greba orokorra deitu genuen 2020ko urtarrilerako. Zeintzuk dira arrazoiak?

Duela sei urte, hainbat sindikatu eta gizarte eragilek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzea erabaki genuen. Ordutik hona makina bat ekimen garatu ditugu eskubide hauen defentsan. Mobilizazio dinamika honen baitan, hasieratik gure egin ditugu mugimendu pentsionistak astero pentsio duinen defentsan garatutako mobilizazioen planteamenduak. Bi urteren ostean, pentsiodunak ondorio honetara heldu dira: ezinbestekoa da jauzi bat ematea orain arte emandako mobilizazioetan, eta horrela egin dute publikoki.

ELAn, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan, ados gaude planteamendu horrekin. Horregatik datozen hilabeteetarako mobilizazio egutegi indartsua adostu dugu.

Mobilizazio egutegi honen puntu gorena greba orokorra izango da. Noiz?

Data zehazteke dago, baina 2020ko urtarrilean izango da, bigarren hamabostaldian. Baina lehenago hainbat ekimen garatu nahi ditugu: Eusko Legebiltzarrean egongo gara urriaren 30ean, EAJ eta PSEk Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko aurkeztu duten lege proposamena bertan behera uztea eskatzeko; azaroaren 16an manifestazioak egongo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan; abenduan ere bere garaian iragarriko diren ekintzak egingo dira...

Duela 9 urte, 2011an, pentsioen sistema publikoaren aurkako beste greba bat ere deitu genuen.

Pentsioen gaia grebaren oinarrietako bat izango da, baina ez bakarra. Badira erabateko adostasuna dugun hiru gai, gure kezkak biltzen dituztenak. Agerikoa da pentsioak, gaurkoak eta biharkoak, denon ardura direla. Baina honi lotuta badira beste bi gai elkar lotuak daudenak eta gure agenda aldarrikatzailearen erdigunean nahi ditugunak: bata, enplegua. Agerikoa da azken hamarkadan enpleguan eman den prekarizazioa; bestea, eskubide sozialak. Hauek gero eta urriagoak dira, eta milaka lagun pobreziara zigortzen dituzte. Horregatik 2020ko urtarrilean planto egingo dugu pentsio duinen, kalitatezko enpleguaren eta zerbitzu sozialen defentsan.

Greba orokor bat erronka handia da sindikatuarentzat, baina urtarrileko deialdia ez da egun zabalik daukagun greba bakarra.

Gatazka eta ekintza sozial handiko unea bizi dugu. Honen ondorioz une honetan greba asko daude indarrean. Hamar urte baina gehiago pasa dira aurreko krisia hasi eta horren aitzakiarekin erreforma ezberdinak egin zirenetik. Beti esan genuen erreforma horiek geratzeko etorri zirela.

Orain, ekonomiaren hazkunde garaian gaudela, uste dut langileak jabedun direla lapurtu diguten eta kentzen saiatu diren guzti horretaz. Eta honi beste elementu bat batu behar zaio: patronalaren posizioa. Itxikeria izugarriarekin jarduten jarraitzen du, saiatzen ari da ekonomiaren hazkundea gure lan baldintzetan eraginik izan ez dezan. Patronalak lan erreforma besarkatzen jarraitzen du, negoziazio kolektiboa goitik behera baldintzatzen duen legea.

2010 eta 2012 urteetatik, lan eta negoziazio kolektiboaren inguruko erreforma horiek onartu zirenetik, ematen ari garen mezua bera da: lan eta bizi baldintzak soilik hobetuko dira lantokietan antolatzen bagara. Lelo hori gaur egun oso presente daukagu. Antolatzeko eta grebaren bidez gatazka ezberdinak aurrera eramateko gai izan garen lekuetan bestela ezinezkoak izango liratekeen gauzak lortu ditugu.

Hori da murrizketa eta negoziazio kolektiboaren blokeo urte hauetatik ikasi duguna. Ez dezagun ahaztu honek langileen erdiei eragiten diela; bi langiletik batek bere hitzarmena blokeatuta izaten jarraitzen du. Ekonomiaren hazkundeak eta patronalaren jarrerak azaltzen dute gatazken hazkundea. Soldatetan ematen den abaguneko hazkundea soilik ulertu daiteke hemen jendea antolatzearen aldeko apustua egiten duen sindikalgintza bat dagoelako, gatazkarako borondate irmoa duena. Eta sindikatu nagusi hori, ELA, indartuta atera da hauteskunde sindikalen azken prozesutik, inoiz lortu gabeko ordezkaritzarekin. Datu hauek gure eredu sindikala berresten dute.

Prekaritatea handitu dela salatzen duzu. Nola egiten zaio aurre?

Prekaritetatearen aurkako borroka gure ekintza sindikalaren ardatz nagusia da. Gure erronka prekaritatea ikusgai egitea da. Gipuzkoako Ostalaritza Hitzarmena salatu berri dugu. Adibidetzat hartu daitekeen hitzarmena da: 10 urtez blokeatuta, kontratazio berriak ia-ia Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata kobratuz, soldatetan %10eko galerak, ordaintzen ez diren aparteko orduak... Eta hitzarmen hau bezala, beste asko.

Botere politikoek eta bere bozgorailu diren hedabideen gehiengoak errealitate bat saltzen digute. Oasi baten ordez ispilatze bat dirudien errealitate bat saltzera jolasten dute. Gure lana saltzen diguten horrekin zerikusirik ez duen errealitate bat kontatzea da. Egin behar dugun lehenengo gauza populazioaren gehiengo zabalak bizi duen eguneroko errealitate hori ikusi-araztea da: kalearen eta langile klasearen bozgorailu bihurtu behar gara. Pobreziaren edo soldaten inguruko txosten ofizialek, gainera, berretsi egiten dute errealitate hori.

Lan gatazken handitzea bizi dugu, eta hauen iraupena ere...

Prekaritatea salatzen dugunean, berdin zait Ostalaritzan, Gipuzkoako Erresidentzietan edo Bizkaiko Metalean, oinarrian patronalak jorratzeari uko egiten dion elementu estrategiko batzuk daude. Horregatik blokeatzen ditu hitzarmenak, eta arrazoi horregatik, gatazkak dira hain zailak eta hain luzeak.

Azpikontratazioa, subrogazioa edo behin-behinekotasuna bezalako elementuak ukitzen dituzunean, hitzarmen horien oinarriek salto egiten dute. Patronalak gero eta greba eta gatazka luzeagoetara garamatza. Zergatik? Gure lan eta bizi baldintzak hobetzeko balio duten eta patronalak ematera ukatzen den oinarrizko gakoak ukitzen ditugulako.

Mahai gainean jartzen diguten lehen eskaintza sinatzeko estrategia hartuko bagenu, benetan lan baldintzetan eragina duten oinarrizko elementuetan sartu gabe, ziurrenik askoz ere hitzarmen gehiago izango genituzke sinatuta. Hori bai, hitzarmen txarrak lirateke, jendearen baldintzetan eraginik izango ez luketenak.

Hitzarmen bat sinatzeko behar den gauza bakarra boligrafo bat da.

Hori da. Gertatzen dena da gure jarduera sindikala ez dagoela edozein gauza sinatzeko balio duen boligrafo bati lotua, baizik eta askoz zailagoa den gauza batetara: jendearekin sarritan egon, antolatu, afiliazioa landu...

ELA prestatuta dago horren gatazka luze eta gogorretarako?

Errealitateak argi uzten du baietz. Hau berresten duen adibide asko ditugu. ELA bezalako sindikatu batentzat oso garrantzitsua da Ubik-en lortutako garaipena. Langileak honako ondorio honetara heltzen diren lan esparru baten inguruan mintzo gara: ez dute etorkizun hobe bat izango baldin eta ez badira antolatzen. Eta hori egin dute: antolatu eta asko borrokatu. Azkenean oso akordio ona lortu dute, soldatetan %32ko igoera eta lanaldiaren murrizketa nabarmena lortuz, urtean 100 ordukoa. Hau ez zen gertatuko ELA tartean dagoen greba luze bat gabe.

Gatazka luzatzen denean bakarrik geratzen gara borrokan...

Sindikatu batek dituen tresnek ezartzen dute bere estrategia. Hori da ELA eta gainontzekoen arteko ezberdintasuna. Ez da inolako sekretua, baina Greba Kutxa duzunean bestela ezinezkoak izango ziren gauzak egin daitezke. Hau horrela da, eta LABekiko ezberdintasunetako bat da.

Estrategia, exijentzia maila edo bakoitzak egingo dituen aldarrikapenak norberak dituen borroka tresnengatik baldintzatuta dago. Greba Kutxa oso garrantzitsua da ELArentzat. Horren estrategikoa da aurten greba bati baldintza hobeetan aurre egin ahal izateko jasotzen diren kopuruak %22 handitzea erabaki dugula.

Soilik konfrontaziorako tresnak badituzu mantendu dezakezu negoziazio kolektiboan estrategia exijente bat. Hitzarmen batzuetan hori da dugun arazoa, sindikatu batzuk ontzat ematen dituztela ELArentzat exijitu beharreko gutxienekoak gainditzen ez dituzten edukiak.

Lan munduaz azaltzen ari zaren errealitate horrek zerikusi gutxi du inposatu nahi diguten errealitatearekin. Kontakizunen borroka baten aurrean gaude?

Jende asko hurbiltzen da egunero sindikatura salatzeko 30 ordutako lanaldia duela baina 60 ordu egiten dituela lan eta horietatik soilik 40 ordaintzen zaizkiola. Hori da gure egunerokotasuna, adibide bat jartzearren. Ezin gara normaltasun horretara ohitu; ezin gara bidegabekerietara ohitu. Guk ezagutzen dugun errealitatea kontatzen dugu, eta errealitate horrek esaten diguna da Euskal Herrian gero eta jende gehiago bizi dela baldintza prekarioetan, bai lanean zein arlo sozialean.

Adibide asko ditugu: Anoeta. Bukatzen ari da, eta jendeak esaten du: ‘Zeinen dotore geratu da!’ Ados, baina zein da kostua? Ehunka langile migranteren esplotazioarekin eraiki da, eta oraindik 4,5 milioi euro zor zaizkie langile horiei. Eta honek obra publiko handi guztientzat balio du, Donostiako Metroan ikusi ahal izan dugun moduan. Bertan egunean 16 orduko lanaldiak detektatu ditugu. Oso agerikoak diren prekaritate kasuen inguruan ari gara. Gure erronka horrelako edo antzeko egoeratan dagoen jende guzti hori antolatzea da.

Sindikatu batek aberastasunaren bidezko banaketa lortzeko duen tresnarik eraginkorrena negoziazio kolektiboa da. Nola egin behar diogu aurre?

Gipuzkoako Foru Aldundiak publiko egiten dituen soldaten taulek baieztatzen dute herrialde horretan azken hamarkadan soldatek %10eko eros-ahalmena galdu dutela. Gipuzkoako datuak dira, bere Ogasuna, ELAren presioaren ondorioz, datu hauek publiko egiten dituen Ogasun bakarra delako Hego Euskal Herrian. Hala ere, errealitate hau gainontzeko herrialdeetara zabaldu dezakegu. Baina kezkagarriena da eros-ahalmen gehien galdu duten soldatak soldatarik baxuenak direla. Soldatak hiru zatitan banatuko bagenitu, euren kopuruaren arabera, galera hau soldatarik baxuenetan pilatuko litzateke. Hau da lan munduaren prekarizazioa hobekien erakusten duen adibidea.

Negoziazio kolektiboan oso zorrotzak eta zintzoak gara. Beti esan dugu engainurik gabe noraino heldu diren lan erreformen ondorioak enpresetara. Honek erakunde bezala oso agerikoa den baina askotan betetzen ez den gauza bat lortzeko interpelatu gaitu: sinatzen diren akordioak betetzea. Hemen edukien eta horien aplikazioaren inguruko eztabaida egon da, eta eztabaida hori da gaur egun negoziazio kolektiboa eusten duena: negoziatzen dena aplikatu dadila.

Azken Kongresu Konfederalak, apirilean egin zena, Batzorde Eragilean ardura berri bat sortzea onartu zuen: Ekintza Soziala. Maialen Aranburu da bertako arduraduna. Zein helburu ditu sindikatuaren baitan sortu den atal berri honek?

Arlo sozialaren inguruan ELAk egiten duen apustua estrategikoa da, aspalditik datorrena. Ez da aski iritzia izatearekin, ekintza izan behar da, praxia. Gure herrian dinamika lokal eta sektorial asko daude arlo askoren inguruan: ekologismoa, feminismoa, pentsiodunen mugimendua...

Eta ELAk mugimendu horien inguruan oso adi egon beharra dauka, borroka horien parte garelako. Dinamika horietan parte izan eta parte hartu nahi dugu.

Aliantzen inguruan hitz egiten badugu, erakunde batek beti ikasten du kolaborazio dinamiketan parte hartzen duenean, besteak beste errealitatearen termometro bat ematen dizulako eta gure inguruko, gure herriko, jendea non dagoen jakiteko aukera ematen dizulako, zein kezka dituen. Baina apustu hau, kanpora begira egiteaz gain, etxe barruan ere egin beharra dago, gure delegatuen eta afiliatuen kontzientziazio eta konpromisotik. Letra larriz idazten jarraitu nahi dugun militantzia sozial handia dugu, baina orain arte egin duguna baina indar handiagoz.

Urtero hamarnaka lagun hiltzen dira Euskal Herrian euren lanpostuetan. Badirudi ohitu garela eta normalitate osoz onartzen dela aldiro-aldiro lan istripu hilgarri bat gertatzea.

Lanean ematen den heriotza bakoitzaren atzean izugarrizko tragedia bat dago. Lanean hiltzea langile batek jasan dezakeen bidegabekeriarik handiena da.

Badago inork zalantzan jarri ezin dezakeen ebidentzia bat: gero eta lan-baldintza hobeak gero eta ezbehar-kopuru gutxiago. Eta sindikatu bezala langileen baldintzak hobetzen ditugun bakoitzean langile klasearen osasuna hobetzen ari gara.

Askotan esaten dut Greba Kutxa dugula, baina Erresonantzia Kutxa edo bozgorailu indartsu bat falta zaigula. Hau argi ikusten da gai honetan. Agenda mediatikoaren eta politikoaren erdigunean egon beharko litzateke gai hau, eta ez dago ez agenda batean ez eta bestean ere. Lan istripuak gertakariak bezala jasotzen dira, atzetik dauden arrazoien inguruko hausnarketarik gabe.

Datuek agerian uzten dute enpresek lan osasun eta segurtasunean inbertitzeko tarte handia dutela, baina enpresa askorentzat gai hau ez da lehentasunezkoa; interes ekonomikoek eta irabaziek lehentasuna dute pertsonen bizitzekin alderatuz gero.

 

 

"Mendekua du helburu Kataluniari buruzko epaiak, ez justizia"

Urriaren 14an kaleratu zen Kataluniako politikarien eta gizarte-ekintzaileen aurkako epaia. Zer deritzozu erabakiari?

Estatuaren helburua hau izan da: errepresioaren bidez isilaraztea 1978az geroztik egon den errepublikazaletasun- eta demokrazia-erakustaldi nagusia, buruzagiak lehen unetik espetxera bidaliz, funtsik gabeko akusazioak egotzita. Espainiako erregea hasi zen epaia idazten, 2017ko urriaren 3an, Konstituzioa defendatzeko agindu baitzien Estatuko aparatuei. Beste behin ere, garbi geratu da Espainian ez dagoela botere-banaketarik, eta horren adibide garbia dugu Altsasuko auziaren epaia, zeinak mendekua baitzuen xede, ez justizia.

Oinarrizko eskubideen aurkakoa da albaramenduagatik inor kondenatzea. Kasu guztietan, justifikaezinak dira zigorrak, ez baitago onartzerik espetxe-zigor gogorrik manifestazioak antolatzeagatik. Isilarazi eta kriminalizatu egin nahi dituzte protestak, edonolakoak direla ere. Eskubideen ukapena eta errepresioa dira Espainiaren proposamen eta jarrera politiko bakarrak.

Bestalde, txalotzekoa da Kataluniako eragileen eta erakundeen jokabidea, tinko eutsi baitiete beren jarrerei, errepresioari aurre eginez, eta etengabe aldarrikatu baitute elkarrizketa eta erabakitzeko eskubidea direla konponbide politiko bakarrak. Euskal Herrian, aldiz, justu kontrakoa gertatzen da: Katalunian ez bezala, hemen ez da erronka politikorik egiten.

Bien bitartean, azaroaren 10ean hauteskundeak, berriro ere, Espainiako Estatuan…

Apirilaren 28an, PSOEk irabazi zituen hauteskundeak, eta apirilaren 29rako kendua zuen jada lan-erreforma baliogabetzeko eskaria bere aldarrikapen-zerrendatik. Gauza bera egin zuen pentsioen erreformarekin eta negoziazio kolektiboarekin. Arazoa ez da gobernurik osatu ez izana; arazoa da PSOEk ez diola ekin nahi izan programa aurrerakoi bati, ez duela indargabetu nahi eskuinak egin zuena. Gobernua eratzeko negoziazioetan, hor ikusi dugu Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuen PSOE, Zapateroren lan-erreforma bultzatu zuena, negoziazio kolektiboaren erreforma ekarri zuena…

Egoen, erantzukizun partekatuen eta horrelakoen gaineko diskurtsoak ari dira egiten, baina negoziazio horietan hitz egin denaz aparte (seguru gauza askori buruz hitz egin dela), agenda sozialik ez negoziatzea izan da PSOEren jarrera nagusia Argi asko dago zer nahi duen PSOEk: orain arteko politikak finkatuko dituen gobernu bat eratu, inolako aldaketarik edo alternatibarik proposatu gabe. PSOEk ekarriko dizkigun aldaketa bakarrak atzeranzkoak izango dira, erregresiboak; orain arte egin izan dituztenak bezalakoak, alegia. Patronalak, berriz, argiro adierazi du zein den bere nahia.

Badago, baina, PSOEren jarrera ulertzeko lagungarria zaigun beste faktore bat: Espainiako Estatuan bankari diru gehien zor dion alderdia da. Beharbada, gauza asko argitzen ditu datu horrek.

Negoziazio kolektiboaren erreforma baliogabetzeko lan handia egin dugu azken hilabeteotan. Izan ere, funtsezkoa da ELArentzat aldarrikapen hori, hau da, gure hitzarmen kolektiboak hemen negoziatzea. Eta orain arte horrela egin izan da. Baina ikusirik gobernu-hitzarmen bat lortzeko PSOEk aurkeztutako 300 neurriak, beldur naiz sozialistek ez dutela bide horretatik joko.

Urte-erdia da jada sindikatuko idazkari nagusi hautatu zintuztela. Jaso al duzu EAEko agintari gorena den Urkullu lehendakariaren deirik elkarrekin hitz egiteko?

Azkenaldi honetan, aita santuarekin eta patronalarekin hitz egin du Iñigo Urkulluk; gu, ordea, ez gara maila horretara iristen nonbait. Ondo da, baina lehendakariari gustatu ala ez gustatu, gu gara EAEko sindikatu nagusia, eta bigarrenaren bikoitza da gure ordezkari-kopurua. Ehun mila afiliatu baino gehiago ditugu, eta bere alderdiak alor instituzionalean daukan baino ordezkaritza askoz zabalagoa. Ez dut esan nahi ez lukeela zertan gurekin hitz egin gure ordezkaritza hain handia ez balitz (% 41), baina ikuspegi demokratiko batetik begiratuta, ez da erraz ulertzen zergatik ez duen hitz egin nahi gure herriko sindikatu nagusiarekin.

Zergatik ez du hitz egin nahi ELArekin?

Ez dakit, baina demokrazia batean ez da normala ez hitz egitea ordezkari gehien dituen sindikatuarekin. Hemen, “elkarrizketa sozialekoa” deritzon sasimahai horretara ordezkaritza sindikalaren % 28 bakarrik joaten da (CCOO eta UGT), eta ez da hitz egiten langileon benetako arazoez. Bileretara joateagatik diru publikotik sos batzuk ematen zaizkie bi sindikatu horietako ordezkariei, eta kito.

Oso jarrera antisindikala du Jaurlaritzak. Are gehiago ere esango nuke: oso jarrera antikolektibista dauka, ez ditu gogoko erakunde eta aldarrikapen kolektiboak. Guk garbi hitz egiten dugu, eta hori da jasotzen dugun ordaina. Baina ez gara horregatik kikilduko: garbi hitz egiten jarraituko dugu, gauzak sentitzen ditugun bezala azaltzen.

ELAk garbi hitz egiten segituko duela diozu. Zertaz jardungo zarete?

Gai askori buruz. Adibidez, pobrezia hedatzen ari dela azaldu nahi dugu, eta horretaz hitz egin dadila. Eusko Jaurlaritzak hainbat hilabetez ezkutuan gorde duen txosten baten arabera, egungo pobrezia-tasa 1986az geroztik izan dugun altuena da. Eusko Jaurlaritzaren iturriek diote hori, ez ELAk.

Biziki haserretzen gaitu gai horri lehentasun politikorik ez emateak. Gure ustez, izugarri larria da gaia, eta ezker politikoak bereganatu egin behar luke, borrokarako gai bihurtu. Administrazioak, berriz, ardura handia du gai horrekiko, eta Eusko Jaurlaritza bidea zabalik ari zaio uzten pobreziaren hedapenari.

Bidea zabalik uzten…?

Bai. Lan-gatazkak daude administrazioaren zuzeneko ardurapean dauden zenbait alorretan: irakaskuntzan, Osakidetzan… Esate baterako, Lehen Mailako Arretan, Osakidetzan, hainbat mobilizazio eta greba ari dira izaten, eta dinamika horrek medikuak uxatu egiten ditu. Kontua ez da mediku-falta Lehen Mailako Arretan, baizik eta beste hau: lan-baldintzak hain txarrak izaki, medikuek ez dute hor lan egin nahi. Zergatik gertatzen den hori? Bada egoera aldatzeko behar den planifikaziorik ez dagoelako eta baliabiderik jartzen ez delako.

Aurkeztu berri duten LEPak, berriz, 180 lanpostu eskaintzen ditu, 800 lagun inguru diren arren behin-behineko gisa ari direnak. Horrelako gauzez hitz egin nahi dugu guk. Espainiako Estatuko administrazio publiko osoan, EAEkoak eta Nafarroakoak dituzte behin-behinekotasun tasa handienak. Hegoaldeko administrazioek nabarmen egiten dute behin-behinekotasunaren alde eta ez dira batere saiatzen enplegua finkatzen, ongi dakiten arren enplegu finkoak ematen diela maila duina eta kalitatea zerbitzu publikoei. Irakaskuntzan, esate baterako, % 40koa da bitartekotasun-tasa.

Gainera, eskubideak urratzeko borondatea ere antzematen zaio administrazioari. Horren adibide garbia dugu Osakidetzako lanbide-karrera dela-eta ELAk irabazitako auziaren epaia. Eusko Jaurlaritzak 130 milioi zor dizkie milaka laguni, eta ez zuela ordaintzen ikusirik, mobilizaziora jo dugu epaia betearazteko. Orain diote urrian ordainduko dutela, baina auskalo. Justizian, berriz, 15 milioi zor dizkiete zenbait langileri. Ikusten duzuenez, eskubide-murriztailea ez ezik, oso ordaintzaile txarra da Eusko Jaurlaritza.