“Kalera ateratzen ez bagara egoera okertu egingo da”
Koordinazio Nazionaleko kideek azpimarratu dutenez, “herri ekimen hau martxan jarri zenean mobilizazioaren beharraz mintzatu ginen. Larunbatean hori egingo dugu, kalera atera, mobilizatu. Kaleak aldarrikapenez bete nahi ditugu, alternatibez. Eredu berri baterako abiapuntua izan nahi duen Programa Soziala garatu dugu, eta, hain zuzen, hori zabaldu eta defendatu nahi dugu kalean”.
Adolfo Muñozek ere ildo hori hartu du aurkezpenean: mobilizazioaren beharra: “Kalera ateratzen ez bagara gauzak berdin jarraituko dute. Beno, ez dute berdin jarraituko, okerrera joango dira. Sinetsita gaude aldaketa politiko eta sozialaren palanka kalean dagoela. Beraz, egoera irauli nahi badugu kalera atera beharra dago, ez dago besterik. Botere ekonomikoak botere politikoa bahitua dauka, horiek ez daukate zertan kalera behar, nahi duten guztia ematen diete. Gu, ordea, edozer lortzeko ere mobilizatu beharra daukagu”.