Maiatzaren Lehena: “Krisiaren aurrean, gu ezkerreko atera goaz: ‘eskubide gehiago, murrizketa gutxiago’ dioenera” #AldaketaGaraiaDa

2021/05/01
Aurten, iaz ez bezala, ELAk Maiatzaren Lehena kalean ospatu ahal izan du. Hori bai, ez sindikatuak nahiko zukeen eran. Izan ere, EAEko Justizia Goi Auzitegiak manifestazio eskubidea murrizteko hartutako erabakia oinarrizko eskubideen aurkako erasoa izan da. Izan ere, sindikatuak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako ekitaldiak neurri sanitario guztiak aintzat hartuz egin dira. Oztopoak oztopo, milaka izan dira Bilbo, Gasteiz, Iruña eta Donostiako kaleetara atera diren lagunak.

ELAk aldaketa garaia dela aldarrikatu nahi izan du gaurko egunean. Hala azpimarratu du behin eta berriz Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Bilboko manifestazioaren aurretik egin duen hitzaldian. Ideia bera nabarmendu dute Donostian Amaia Muñoak, Gasteizen Leire Gallegok eta Iruñean Imanol Pascualek. Eurak izan dira gaurko egunean ELAren ahotsa zabaltzeaz arduratu diren lagunak.

“Aldaketa garaia dela, ideia hori garatu nahi dugu Maiatzaren lehen honetan. Urkullu Lehendakariak dio ez dela lan erreforma indargabetzeko garaia, ez dela aldaketa fiskala egiteko garaia. Bada, aldaketarako garaia ez dela esaten digutenak dira aldaketak prestatzen ari direnak. Badakigu aste hauetan bai Bruselan eta Madrilen gauza askotaz hitz egiten ari dela. Izan ere, krisi honen irteera da jokoan dagoena. Eta jokoan duguna hori da: aldaketak edo murrizketak”.

Kezkatuta dagoela aitortu du Lakuntzak. “Kezkatuta gaude datozen hilabeteetan pentsioekin eta lan erreformarekin zer gerta daitekeen. Gobernuaren helburua da beranduago jubilatzea, eta pentsio kaskarragoekin. Erretiratzeko adin erreala legezko adinera hurbildu nahi dute, hau da, 67 urtera. Hori da plana. Erabaki horrek datozen urteetan milaka euskal langileri kalte egingo lioke. Murrizketa oso larria litzateke”.

“Badakigu ere gobernua, patronala, UGT eta CCOO mahai batean lan erreforma eztabaidatzen ari direla. Zer dakigu horri buruz? Ez dela lan erreforma indargabetuko. Lan Ministroak berak konfirmatu du hori. Albiste txarra, beraz. ELA, Galizako CIG eta Kataluniako Intersindical CSC sindikatuak saiatzen ari gara gobernua estutzen lan erreforma indargabetzeko”.

Egoera honen atzean Europako Funtsak daudela gaineratu du. “Zer dira funts horiek? Milaka milioi euro enpresa handientzat. Azken krisian bankuak lehenetsi zituzten; orain, aldiz, enpresarik handienak. Helburua ez baita trantsizio ekologikoa. Sanchezen gobernuak propaganda asko egiten du, eta asko ezkutatzen du. Zergatik ezkutatzen dira funts horien inguruko dokumentuak; funtsak jasotzeko baldintzak? Albiste onak ez dira ezkutatzen. Azken hiletan hori salatu izan dugu. Funts horiek baldintzatuta etorriko dira. Zer eskatzen du Bruselak horren truke? Murrizketak, pentsioetan eta langileen eskubideetan”.

Bultzada, aldaketak eragiteko

ELAren ustez herri honetan benetan axola duten gaietaz hitz egiteko ez dago mahairik; beste guztia elkarrizketa sozialera eramaten dute. Horregatik aldaketak eragiteko garaia dela berretsi du Lakuntzak. “Aldaketak nahi ditugu krisi honi ematen zaion irteera ez dadin izan 2008ko bezala. Gehiegi ikusi eta ikasi dugu ordutik hona. Irteera bakarra ez dago; gu beste aldera goaz, ezkerreko atera. “Eskubide gehiago, murrizketa gutxiago” dioen atera. Aldaketak behar ditugu, baina badakigu bultza egin behar dela horiek lortzeko. Kontzientzia kolektiboa sortuz, antolatuz, mobilizatuz. Aldaketak ez dira berez gertatuko; prestatzen jarraitu behar dugu, bultzatzeko”.

Eta, aldaketa horiek gauzatzeko ELAk proposamenak izan badituela gaineratu du. “Euskal ogasunetan zerga-erreforma galdegin dugu, uda baino lehenago. Bi arrazoi ditugu horretarako: batetik, baliabideak gehitzea eta krisiak gogorren kolpatu dituen sektore eta herritarrak laguntzea (Europako herrialde batzuetan egin dutena). Hau da, inor bidean botata ez geratzea. Bestetik, oraingo zor eta defizit publikoa 2010ekoa baino askoz handiagoa da, eta urte hartan hasi ziren murrizketak. Beraz, Bruselak exijitzen dituen arau fiskalak etorriko dira; bihar ez bada, etzi. Europan ez da aldaketa handirik gertatu. Jokoan dagoena da krisi honen faktura murrizketen bidez ordainduko den ala zerga-erreforma bat eginez, gehien dutenek gehiago ordain dezaten”.

“Zerbait oker dago Estatu Batuetako presidenteak berak egin nahi dituen erreforma fiskalak herri honetako alderdi guztiei ezkerretik gainditzen dituenean. Bilerak eskatu ditugu honetaz hitz egiteko, foru ogasunekin eta Chivite eta Urkulluren gobernuekin. Foru ogasunen aldetik erantzunik ere ez dugu jaso; Urkulluk esan digu gai hau ez dagoela bere esku. Sinestezina”.

Hitzaldi osoa