XVI. KONGRESU KONFEDERALA

“Langileria antolatu nahi dugu gizartea eraldatzeko”

2025/04/02
ELAk bere XVI. Kongresu Konfederala egingo du 2025eko ekainaren 2an eta 3an Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, besteak beste, Ponentzia eztabaidatu eta bozkatuko da, hau da, hurrengo lau urteetarako sindikatuaren helburuak eta ildo estrategikoak laburbiltzen dituen programa. Mitxel Lakuntzak eta Amaia Muñoak, idazkari nagusia eta idazkari nagusiaren albokoa, hurrenez hurren, ponentziaren nondik norakoaren inguruan mintzo dira elkarrizketa honetan

Datozen lau urtetarako lan ildo nagusiak definitzea du helburu kongresuak, baina zein testuingurutan kokatu behar da kongresuko hausnarketa bera eta hurrengo urteak?

[Mitxel Lakuntza]: Testuinguru konplexu eta zaila dugu eta azken hilabeteetako gertakariak ikusita are zailagoa izango dugula dirudi.

Mundu mailan lehia eta tentsioa agerikoak dira. AEBek bere hegemonia mantendu nahi dute, baina Txina eta BRICS herrialdeak gero eta indartsuagoak dira. Kongon, Gazan edo Ukrainan gertatzen dena lehia horren adierazle da. Lehengaien eta energia iturrien gaineko lehia mundu osoan egitura eta borroka neokolonialak bultzatzen ari da, kasu askotan gerrara pizteraino. Gerren ugaritzea horren adierazle da.

Pandemia ondoren Europar Batasunak Estatuen gastu eta zorpetze muga malgutu zuen, baina jada inposatu dute berriro ‘diziplina fiskala’, eta horrekin batera zerbitzu publiko eta politika sozialak mugatu edo murrizteko erabakia. Are okerrago esango nuke, Ukrainako gerraren aitzakiarekin arma-industria eta inbertsio funtsak elikatzeko adostu diren 800.000 milioien ondorioz murrizketa gogorragoak inposatzen saiatuko dira.

Politika neoliberalek herritarren ongizatea higatu dute, desberdintasunak handitu eta pobrezia zabalduz. Aldi berean, kapitalismoaren esplotazio eta krisiei aurre egiten dieten mugimenduak indartu dira, hala nola, transfeminismoa, ekologismoa, edo antirrazismoa. Baina ezkerreko alternatiba sendoen faltan, egoera honek guztiak sortzen duen ziurgabetasunak eskuin muturraren diskurtsoa elikatzen du. Botere ekonomikoen bultzadaz, sare sozial eta komunikabideen bidez, buloak eta albiste faltsuak zabalduz ari dira, krisiaren biktimak errudun bihurtu nahian. Mugimendu sindikalak ere, Euskal Herrian konfrontazio dinamika garrantzitsua garatu dugun arren, ez gara gai izaten ari egoera hau iraultzeko. Testuinguru gogor honetan, gure ohiko borrokei eusteaz gain, sindikatuaren konpromisoa giza eskubideen eta demokraziaren defentsan irmoa da. Kapitalismoak ez du behar demokraziarik eta askotan traba ere egiten dio, baina sindikalismoak nekez iraun dezake funtsezko eskubideak errespetatu gabe eta demokraziarik gabe.

[Amaia Muñoa]: Euskal Herrian, hamarkadetan inposatutako politika neoliberalek lan eta bizi baldintzak okertu dituzte eta enpresen irabaziak handitu diren bitartean langileen soldatak eta erosahalmena murriztu dira. Pobrezia eta gizarte-bazterkeria gero eta zabalduago daude, eta emakumeek eta pertsona migratuek pairatzen dituzte ondorio larrienak. Adibidez, emakumeen pobrezia tasa gizonena baino nabarmen handiagoa da, eta migratzaileen artean pobrezia tasa gainerako biztanleriarena baino bederatzi aldiz handiagoa.

Eta testuinguru horretan zeintzuk dira proposatzen diren lan-ildo nagusiak?

[A. M.]: Duela lau urte lan berezia egin genuen ildo-estrategiko sendo batzuk identifikatu eta zehazteko: prekaritateari aurre egitea, militantzia landu eta sendotzea, lan-zentroak sindikalizatzea, genero ekitaterako antolakuntza eraldatzea eta lan-planifikatua egituratzea.

Lan handia eta helburu oso anbiziotsuak jarri genizkion gure buruari. Denbora honetan aurrera pausoak eman ditugu, ildo batzuetan besteetan baino gehiago, baina oraindik bide hori amaitu gabe gaude. Beraz, ildo-estrategiko berberei eustea proposatzen dugu falta zaizkigun pausoak ematen jarraitzeko.

[M. L.]: Prekaritateari aurre egiteko eta prekaritatea pairatzen duten langileentzat ELA erreferentziazko sindikatua izateko lan-zentro bakoitzeko diagnostiko zehatzak eta berariazko planak garatzea eta negoziazio kolektiboaren prozesuan prekaritatearen lanketa txertatzea eta ongi planifikatzea planteatzen dugu. Soldata baxuak edo soldata arrakala pairatzen dutenak, behin-behineko edo kontratu partzialak dituztenak, osasun arrisku handia dutenak gure ekintza sindikalaren erdian egotea nahi dugu. Emakumeak edota sexu disidenteak, pertsona migratuak edo gazteak dira, modu berezian, horrelako egoerak gehien pairatzen ari direnak, nahiz eta geroz eta egoera eta pertsona gehiagotara hedatzen errealitatea izan.

Antzeko ildotik, sindikalismo feminista eraikitzeko bidean, emakumeek pairatzen duten diskriminazioari aurre egiteko barrura eta kanpora begirako planak garatzea planteatzen dugu. Sindikatuko antolakuntza eta jarduera genero ikuspegitik eraldatzen jarraitzeko premia dugu, genero begirada sindikatuaren egiteko guztietan txertatzeko, emakumeen parte-hartzeari eta ardura hartzeari leku egiteko. Aurreko urteetako dinamika orokortuz, negoziazio kolektiboa ere genero diskriminazioari aurre egiteko tresna gisa garatzen jarraitu nahi dugu genero diskriminazio diagnostikoak eta negoziazio kolektiboan txertatzeko plan bereziak eginez. Antirrazismoa ere gure jarduera sindikalean txertatzen hasteko lehen pausoak ere planteatzen ditugu.

[A. M.]: Hau guztia lantzea, ordea, ezinezkoa da lan-zentroak antolatu gabe. Lan-zentro bakoitzean langileak antolatu eta enpresaburuekin konfrontatzeko gaitasuna eta gogoa sustatzeko planifikazio oso bat abian jarri dugu eta hurrengo urteetan pauso esanguratsuak eman nahi ditugu. Hori egin ezean ezinezkoa dugu botere ekonomiko eta politikoekin konfrontatzea lan eta bizi-baldintzak hobetzea. Hori ordezkari eta afiliatuak kontzientziatu, motibatu, antolatu eta trebatuta soilik lortuko dugu. Horretan buru-belarri aritzea proposatzen dugu.

[M. L.]: Horretarako ere erronka handia daukagu datozen urteetan: ahalik eta neurri handienean ELAren ordezkari eta afiliatuak militante bihurtzen saiatzea. Izan ere, militantzia da gure eredu sindikalaren muina. ELAkoa izatea ez da soilik afiliazio kontua, sindikatuaren printzipio, balio eta asmoekin bat egin eta sindikatuari bere ekarpena egiten dion pertsona da, egiturako kide, ordezkari nahiz afiliatu gisa. Militantzia sustatzea benetako jakintza eta botere transferentzia da. Horretarako, maila guztietan parte-hartze esparruak sortu eta sendotu behar ditugu, bakoitzaren inguruko pertsonak ideologiko, tekniko eta organizazionalki trebatu, ardurak eman eta ahaldundu. Militantziaren ekintza-eremua zabaldu behar dugu: enpresa eremuan, noski, baina baita harago ere ELAren lan-esparru sozial eta politikoetara ere hedatuz.

[A. M.]: Eta hau guztia ezin da egin gure lana hobe sistematizatu eta planifikatu gabe. Egia da sindikatu baten lana, hein handi batean, enpresen eta gobernuen erabakiek baldintzatzen dutela, baina ezin gaitezke horretara mugatu. Gure estrategia eta ekimen propioak garatu behar ditugu gure helburuak lortzeko. Horretarako jarri genuen martxan azken kongresutik hona gure kudeaketa sistema propioa. Efizienteagoak izan nahi dugu gure helburuak lortzeko, lehentasunak ezarriz, gauza batzuei uko eginez. Jarduera militantea bizitzarekin bateragarri egin behar dugu. Aurrerapausoak eman ditugu, baina oraindik asko dugu egiteko.

Aurreko kongresuan ELAk euskal errepublika euskaldun, burujabe eta sozialerako aldebakarreko bidearen aldeko apustua egin zuen, baina independentismoa ez dago bere momenturik onenean, euskararen aurkako oldarraldia gogorra pairatzen ari gara eta sozialki ez nuke esango hobe gaudenik. Zer da hurrengo lau urtetarako proposatzen dena?

[M. L.]: Sindikatu izatea da abertzale izateko gure modua. Sinetsita gaude justizia soziala eta herritar xumeen ongizatea hobetuz eraikitzen dugula herria. Hau da, negoziazio kolektiboan, zerbitzu publikoetan, politika sozialetan, herritarren funtsezko beharrei erantzuteko alternatibak eraikitzen ditugun heinean, gehiengo soziala irabazten ari garela burujabetzarako.

Espainiar eta Frantziar Estatuen menpe jarraitzeak gure autogobernua eta ongizatea higatzen du eta langile-klasearen askatasuna mugatu egiten du. Euskal Herrian badaude bestelako politika batzuk bultzatzeko gehiengo sindikal eta sozialak. Beraz esparru ezberdinetan burujabetza irabazi behar dugu langile-klasearen eskubideak eta gizarte-ongizatea hobetzeko. Horri erantzuten diote, esaterako, hitzarmenak Euskal Herrian erabakitzeko borroka eta garaipenak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ere hemen erabakitzearen aldeko Herri Ekimen Legegileak, sektore publikoko inbertsioak, langileak eta lan-baldintzak guk erabakitzeko aldarriak, zaintza sistema publiko bat garatzeko estrategiak edo administrazio euskalduntzeko planak. Burujabetza edo independentzia ez dira egunen batean norbaitek aukera eman digulako bozkatuko dugun zerbait, etengabe esparru desberdinetan eraikitzen, erabakitzen eta irabazten joan behar dugun zerbait baizik.

[A. M.]: Zentzu honetan, asko kezkatzen gaitu estatus berrirako prozesua elite politikoen eztabaida bihurtu izana. Hurrengo belaunaldiak baldintzatuko dituen erabaki bat ezin da horrela kudeatu. Kultura politiko elitista gainditu eta gizarte zibilaren parte-hartzea indartzea ezinbestekoa da. ELArentzat funtsezko da lan-harremanen euskal esparrua, euskararen estatusa, nazio aitortza, Hego Euskal Herriko herrialdeen gutxieneko konfederazioa eta erabakitzeko eskubidea eztabaidan txertatzea, eta hau lortzeko, gizarte zibilaren parte-hartzea eta mobilizazio sozial indartsuak ezinbestekoak izango dira.

EAEn eta Nafarroan autogobernuaren higadura eta hustearen aurrean euskal erakundeak ematen ari diren erantzuna oso ahula izaten ari da. Eta mugimendu subiranista ez gara estrategia sendo eta eraginkor bat artikulatzeko gai izaten ari. Baina edozein zapalkuntza egoeratik askatzeko konfrontazioa ezinbestekoa da eta gure ustez Euskal Herriaren burujabetza prozesuan polarizazioa ezinbestekoa da.

Langileen eta kapitalaren arteko gatazkan egiten dugun bezala, nazio borrokan ere konfrontazioa beharrezkoa da, autogobernuaren murrizketei erantzuteko, gatazka politikoa agerian jartzeko eta gure alternatibak eraikitzeko.

Ipar Euskal Herrian ere, Manu Robles Arangiz Fundazioaren bidez abertzale eta aurrerakoientzat erreferentzia bihurtu den ekosistema baten parte gara. Alda mugimenduaren lanari esker abertzaletasunaren ohiko esparrutik haragoko herritar xumeak saretzen ari gara. Honi batzen zaio Bizi! justizia klimatikoaren eta burujabetza ezberdinen inguruan sortzen ari den dinamika. Bide hauei jarraipena eman eta hedatzea dagokigu. Euskal Herri osoko lurralde bokazioa duen sindikatua da ELA.

Ponentzia kritikoa da ezkerreko indar politikoekin. Zein ondorio ditu horrek sindikatuaren jardunean eta zer da ezkerreko alderdiei eskatzen zaiena?

[M. L.]: Euskal erakundeetan dauden ezkerreko indarrek Europako sozialdemokraziek azken hamarkadetan hartu duten moderazio politikoaren ildo berari jarraitzen diote. Ez dira ari gure herrian urteetan finkatutako oinarri ideologikoei eta programa neoliberalei aurre egiten, ezta alternatiba instituzionalik planteatzen ere.

Nabaria da EAJk, UPNk, Geroa Baik, PSE-EEk eta PSNk gure herrian inposatu duten zerga politikan, zerbitzu publikoen murrizketan, pribatizazioetan eta patronalaren aldeko jarreretan duten erantzukizuna. Hau honela, alderdi horiekin ‘herri akordioak’ edo ‘akordio zabalak’ bilatu eta justifikatzeak, kasu batzuetan historikotzat jotzeraino, diagnostiko oker batetik abiatzea suposatzen du, ezkerreko pedagogiari mesede gutxi egiten dio eta epe ertain eta luzera eraldaketa sakona eragozten du.

Mugimendu sindikalarentzat funtsezkoa da ezkerreko alderdiek instituzioetan langile-klasearen aurkako politikei aurre egitea, agenda atzerakoia konfrontatzea eta programa alternatibo bat defendatzea. Erabaki hori irmoa balitz eta eragile bakoitzaren autonomia errespetatuko balitz, agenda sozial eta soberanista garatzeko artikulazio sindikal, sozial eta politikoak gaitasun handia izango luke Euskal Herriko egoera soziopolitikoa eraldatzeko. Tamalez, ez da hori EH Bilduk hartu duen bidea, baina egingo balu, gure ustez badago gaitasunik eta oinarri militante nahikorik gure herriko errealitate soziopolitikoa transformatzeko.

LABekin ere harremanak ez daude momenturik onenean...

[A. M.]: Tamalez, ELA eta LAB bide ezberdinetatik goaz. ELArentzat aukera eta hautu bakarra Euskal Herriko gehiengo sindikala izan da. Gehiengo hau, aritmetikaz harago, kontrabotereko eredu sindikalak eta lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren defentsa eta eraikuntzak ezaugarritu dute. LABekin, ordea, desadostasun nabarmenak ditugu negoziazio kolektiboan, konfrontazio eta grebarako prestasunean eta borrokarako erremintetan. Honen ondorioz, konfrontazio eta greba gogorretan, sarritan LABek UGT eta CC.OO. izan ditu bidelagun, ELA eta bere estrategia eta aldarrikapenak isolatuz eta lan-baldintza kaskarragoak onartzen dituzten gehiengo alternatiboak osatuz.

Bestalde, LABek bere unibertso politikoarekin dituen loturak eragin zuzena du bere ekimen sindikalean. EH Bilduk EAJ, PSE-EE eta PSNrekin akordioak egitean, LABek mobilizazio eta grebak mugatu edo baztertu ditu. ELAren ustez, EH Bilduren egungo estrategiak dikotomia bat planteatzen dio LABi: nola eutsi kontrabotere estrategiari, mugimendu bereko alderdiak konfrontazioa alde batera utzi eta akordio zabalak bilatzen dituenean?

Eta azkenik, LABek bere azken kongresuan Osalan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura itzultzea erabaki zuen. Azken hamarkadetan ELA eta LABek parte-hartze instituzionaleko hainbat organo utzi ditugu haien eraginkortasun ezagatik eta patronalaren interesen menpe egoteagatik. Organo horien egitura, funtzioak eta egiteko moduan ezertan aldatu ez diren arren, LABek itzultzea erabaki du, sindikatuen parte-hartze faltsua irudikatuz eta bertan hartzen diren erabakiei zilegitasun kutsua emanez. ELArentzat kontrabotereko sindikalismoa eta instituzio horietan parte hartzea bateraezinak dira eta erabaki horrek azken hogei urteetan kontzertazio sozialaren aurka elkarrekin egindako lana bertan behera uztea dakar.

Zein mezu luzatuko nahiko zenieke ELAren kongresuan parte hartuko duten ordezkariei eta ELAren militantziari hurrengo lau urteei begira?

[M. L.]: Deskribatutako testuingurua gogorra da, eta erronkak handiak dira. Hala ere, ELAk egitura sendoa, ordezkaritza zabala eta errealitate konplexuetan mugitzeko eta irabazteko gaitasuna du. Ponentzian proposatutako bidea eta konpromisoak ez dira errazak, baina norabide argia erakusten dute.

Esandako konpromiso nagusiak gauzatzea lortzen badugu, Euskal Herriko langile klasearen erreferente izaten jarraituko dugu eta egoera okerrenean daudenentzat itxaropen bihurtuko gara. Bide hori ezinezkoa da bakarka edo talde txiki batekin, baina ponentzian jasotzen den moduan, militantzia zabaltzeko eta aktibatzeko gai bagara, eta lan-zentroetan antolakuntza indartzen badugu, errealitate gris honi kolorea emateko eta itxaropena pizteko gai izango gara.

Ez zait zeregin hoberik bururatzen kezka sozialak dituenarentzat, errealitatea eraldatu nahi duenarentzat edo gure herria eraiki nahi duenarentzat. Bere burua abertzale sentitzen duen batentzat ez zait zeregin hoberik bururatzen.

 

"ABERASTASUNAREN BANAKETA JUSTUAGOA NAHI DUGU"

Azken lau urteak oso indartsuak izan dira negoziazio kolektiboari begira, zertan jarri nahi du sindikatuak azpimarra hurrengo urteetan?

[M. L.]: Horrela da. Azken urteetan greba maila altuena izan dugu, eta, horri esker, Hego Euskal Herriko langileek lan-hitzarmenen estaldura handiena lortu dute, KPIaren gainetik soldata igoerekin, sektore feminizatuetan are handiagoekin eta lanaldi-murrizketa esanguratsuekin.

Hurrengo urteetan pultsuari eutsi eta prekaritatean dauden langileen eta emakumeen lan- eta bizi-baldintzak hobetzea izango da gure lehentasuna. Lan hau sistematizatzea eta hitzarmenetan prekaritatearen aurkako klausulak sartzea proposatzen dugu, baita sektore publikoan prekaritateari aurre egiteko plan espezifikoak garatzea ere. Aberastasunaren banaketan pisua irabazteko, KPIaren gainetik soldata igoerak eta lanaldi-murrizketak borrokatu nahi ditugu, eta hitzarmenak aldebakarrez ez betetzea saihesteko klausulak ezartzea. Horretarako, ezinbestekoa izango da langileen parte-hartzea, antolakuntza eta mobilizazioa, baita lan-zentro eta sektore bakoitzean grebak ere.

[A. M.]: Mitxelek aipatutako negoziazio kolektiboko eduki tradizionalez gain, trantsizio ekosoziala sustatzeko neurriak bultzatu nahi ditugu eta horretarako ehundik gora enpresa aukeratu ditugu. Halaber, euskara, lan-osasuna eta diskriminatutako kolektiboen eskubideak hitzarmenetan jasotzea dugu helburu.

Datu ekonomiko orokorrak diote aberastasuna sortzen ari garela, baina horrek ez du islarik langileen eta herritar xumeen bizi baldintzetan. Zer proposatzen du sindikatuak egoera hori aldatzeko?

[A. M.]: Horrela da, bai. Langile klaseak inoiz baino aberastasun handiagoa sortzen du, baina enpresek irabaziak handitzen diren heinean lan-errentek pisua galtzen dute, desberdintasuna eta pobrezia areagotuz. Horregatik, KPIa gainditzen duten soldata igoerekin batera, Hego Euskal Herrirako 1.795 euroko gutxieneko soldata propioa proposatzen dugu, per capita BPGren %65a, enpresa eta kapital irabaziak ere aberastasunaren banaketan kontuan hartzeko helburuarekin. Horrez gain, asteko lanaldia 35 ordura murriztea, 30 orduko astea helburu izanik, enpleguaren birbanaketa, langileen ongizatea eta zaintza lanen banaketa ekitatiboagoa sustatzeko.

[M. L.]: Aberatsenek eta enpresek gehiago ordain dezaten, zerga sistema bidezkoago baten alde egiten dugu, eta zerbitzu publikoak indartu eta politika sozialak sendotzeko proposamen zehatzak aurkezten ditugu. Horrez gain, lan-erreforma eta pentsio-erreforma atzera botatzeko mobilizatzen jarraituko dugu.

Erronka berriak ere baditugu. Krisi ekologikoaren aurrean, trantsizio ekosozialean aurrera egiteko proposamen zehatzak aurkezten ditugu, justizia soziala eta enplegua bermatuz. Ezinbestekoa da baliabide fosilen mendekotasuna murriztea, ekoizpena eta kontsumoa birlokalizatzea, eta ingurumen-inpaktu txikia duten alternatibak sustatzea.

[A. M.]: Etxebizitza eskubidea, pertsona migratuen eskubideak eta gizarte feminista eraikitzea ere ardatz izatea nahi dugu. Etxebizitza ez da espekulazioaren menpe egon behar, eta gobernuei neurri zehatzak exijituko dizkiegu. Zaintza sistema publikoa, doakoa eta kalitatezkoa bermatzea eta arduren banaketa ekitatiboa sustatzea funtsezkoa da. Eta atzerritarrei buruzko Legea indargabetu, pertsona guztiak erregularizatu eta lan-munduko diskriminazioak ezabatzeko lan egin nahi dugu.