“Mobilizatu egin behar dugu udazkenean etor daitekeen murrizketa-agendaren aurrean”

"Eskuina Gobernura iristen denean beti betetzen du bere programa, baina ezkerra iristen denean ez da gauza bera gertatzen. Programa politikoak ez betetzeak desafekzio handia eragiten du ezkerrean, eta eskuina edo ultraeskuina horretaz baliatzen da, Europako toki askotan ikus dezakegun bezala. Hori dela eta, ezinbestekoa da PSOEren eta Unidas Podemosen Gobernuari eskatzea lan erreforma bertan behera uzteko hitza bete dezala".
Pentsioen inguruko akordioa Lakuntza asko kezkatzen duen beste gai bat da. "Akordioa Gobernuak jasangarritasun faktorearekin nahi duena egin ahal izateko txeke zuria da; orain beste modu batera deituko da, baina murrizketa berdinak egiteko. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak berak aitortu du".
Murrizketen aurrean Lakuntzak uste du ezinbestekoa dela mobilizatzea. "Mobilizazioak paper garrantzitsua izan behar du, ELAk horrelako egoera baten aurrean erantzungo du. Garrantzitsua da partida irakurtzea eta erreforma horiek noiz onartuko diren ikustea, egiten den presioa ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Jakina, erreforma eta murrizketa egoeren aurrean, ELAk ez du inoiz greba baztertzen. Greba kontuan izan behar da planteatzen den murrizketa-egoeran, baina garrantzitsua da, halaber, greba horrek ahalik eta eragin handiena izan dezan eta murrizketa horiek benetan baldintzatu ditzan, oso ondo kokatuta egotea bere garaian, batez ere, partida ondo irakurtzeko, erreformen eduki guztiak ezagutzeko eta eraginkorrak izateko".
Testuinguru horretan, Lakuntzak gogorarazi du egungo aritmetikarekin euskal alderdi politikoak beharrezkoak direla Estatuko Gobernuak Parlamentuan erreformak aurrera atera ahal izateko. "Argi dago Gobernuak EAJren eta EH Bilduren babesa bilatuko duela. Politikan marra gorri jakin batzuk izan behar dira, beraz, ELAk alderdi horiek interpelatu nahi ditu pentsioen akordioa ez sinatzeko".