“Mozal legea”ren helburua da protesta soziala isilduarazi eta kriminalizatzea

2015/07/07
ELAk euskal gizarteari eta langile klaseari jakinarazi nahi dio pasa den martxoaren 26an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari bilera bat eskatu ziola, besteak beste etortzekoa zen legeari buruz hitz egiteko; batetik, sindikatuak legitimitatea baduelako eta bestetik, legea oso larria delako. Bada, gaur arte sailburuak ez du bilera egiterik onartu; areago, eskariari erantzunik ere ez dio eman. Jokabide hau eginkizun publikoetan dihardutenen aldetik benetan gaitzesteko modukoa dela uste dugu.

Uztailaren 1ean indarrean sartu den Herritar Segurtasunaren Legeak xede bat du: protesta soziala ezabatu eta kriminalizatzea, beldurra hedatuaz gobernuek erabakitzen dituzten eskuineko politikei bidea errazteko.

Herritar segurtasuna aitzakiatzat hartuta, PPk -gainerako talde politiko guztien aurkako botoa gorabehera- ezarri duen legeak kutsu autoritario eta errepresiboa du, eta oinarrizko askatasun zein eskubideak zeharo murrizten ditu, esaterako bilera edota manifestazioari buruzkoak, baita askatasun sindikala eta greba eskubidea ere. PPk ez du jasaten protesta baketsua adierazteko modurik, eta bide legaletik jazartzea erabaki du.

Lege hau eta Kode Penal erreformatua indarrean sartzeak egoera kezkagarria dakar giza-eskubideentzat eta kalitate demokratikoarentzat. Zigor ekonomiko gogorrekin disuasioa erabili nahi dute aldarrikapen eta protesta guneak gehien behar dituzten kolektiboen aurka. Gure ustez, legea klasista da, bere helburua botere ekonomikoa eta bera zerbitzatzen duen esaneko politika babestea baita. Ez dago egungo legeetan antzeko bortxa eta errepresiorik delituak mundu ekonomikoak egiten dituen kasuetarako, ezta ustelkeria politikoari aurre egiteko ere.

Legeak honako eraginak izango ditu:

1. Poliziaren botereak hedatu egiten ditu, pertsonen gain duen kontrol eta hertsadura ahalmena areagotuz, ordena publikoa nahas daitekeela “baderitzo”. Honek jardunbide polizialean erabaki oso desberdinak hartzeko beta ematen du, modu arbitrarioan jokatzeko arriskua handitzen delarik (esaterako, hor ditugu pertsonak identifikatzeko ahalmena; honen barne sartzen dira polizia-bulegoetara eramatea, miaketa, bide publikoetan ibiltzeko aukera murriztu eta kontrolak egiteko ahalmena, bilera eta manifestazioak desegiteko aukera...).

2. Asko gehitzen ditu arauhauste administratibo gisa zigor daitezkeen ekintzak, baita ezarriko diren isunak ere. Isunak 100 eta 600 euro bitartekoak izan daitezke bide publikoa edota besteren eraikinak okupatu edo bertan biltzeagatik; 601 eta 30.000 euro bitartekoak, etxegabetze bat eragotzi, pikete informatiboak osatu edota poliziaren irudiak hedatzeagatik; 30.001 eta 600.000 euro bitartekoak, oinarrizko zerbitzuetako azpiegituretan (zentral nuklearrak, aireportuak, telekomunikazio azpiegiturak...) bilerak edota manifestazioak egiteagatik.

3. Arauhauste administratibo gisa sailkatzen ditu azken erreforman Kode Penaletik kendu dituzten hutsegite penal gehienak. Ondorioz, orain arte epaile batek erabaki behar zuena Administrazioaren esku geratuko da, eta honek zigorrak kontrol judizialik gabe ezarri ahal izango ditu, oinarritzat atestatu polizial soil bat hartuta. Isun hauen aurka jotzeko administrazioarekiko auzien bidean sartu behar da, abokatu eta prokuradore gastuak nahiz tasak ordaindu... honen helburua herritarren babes gabezia areagotzea delarik.

4. Bereziki erasotzen die bazterketa soziala pairatzen dutenei eta migranteei. Izan ere, legearen punturik latzenetako bat “bapateko itzulerak” legeztatzea eta estatuaren mugetako jarduera poliziala babestea da, Ceuta eta Melillarako xedapen berezi bat sartuaz. 2015eko apirilaren 1ean indarrean sartu zen xedapen hau medio, inguru horretan estatuan modu ilegalean sartu nahian muga ixteko ezarritako instalazioak gainditzeko saioa egiten detektatzen diren atzerritarrak atzera botatzeko aukera izango da. Honek Ceuta eta Melillan migranteak automatikoki eta bermerik gabe egozteko aukera ahalbidetzen du, EBko zuzenbidea eta nazioarteko itun eta hitzarmenak larriki urratzen dituelarik.

Lege honekiko proposamenak:

1. ELAk dei egiten die EAEko eta Nafarroako gobernuei eta Hego Euskal Herriko udalei ez dezaten lege hau aplikatu, erakundeotan agintzen duten alderdi politikoek espainiar Parlamentuan eman duten ezezko botoa aintzat hartuaz. ELAk galdegiten die euskal administrazioei beren ardurapeko esparruan ez dezatela injerentziarik onartu, eta babes ditzatela aginte publikoa dutenak justizia eta berdintasun handiagoa izango duen gizarte baten zerbitzura.

2. Beharrezkoa da polizia-indarretako agenteei prestakuntza ematea askatasun publiko eta oinarrizko eskubidei buruz (greba, askatasun sindikala...), banako zein kolektibo aldetik. Prestakuntzarekin batera esku hartzeko protokolo batzuk ere ezarri behar dira, jardunbide polizialean nahieran jokatzeko aukera ahalik gehien mugatzearren.

3. ELAk talde politikoei eskatzen die beren programa politikoan lehentasuna eman diezaiotela lege hau indargabetzeari, eta beren esku dagoen guztia egin dezatela eraginik gabe uzteko.

Azkenik, ELAk euskal gizarteari eta langile klaseari jakinarazi nahi dio pasa den martxoaren 26an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari bilera bat eskatu ziola, besteak beste etortzekoa zen legeari buruz hitz egiteko; batetik, sindikatuak legitimitatea baduelako eta bestetik, legea oso larria delako. Bada, gaur arte sailburuak ez du bilera egiterik onartu; areago, eskariari erantzunik ere ez dio eman. Jokabide hau eginkizun publikoetan dihardutenen aldetik benetan gaitzesteko modukoa dela uste dugu.