“Murrizketa berri hauek txirotze orokortu bat ekarriko dute”

2012/07/11
ELAk onartezintzat jotzen du bankari 100.000 milioi euro ematea eta langabeziagatik prestazioak, pentsioak eta langile publikoen soldatak murriztea. Gizarte politiken arduradun Mikel Noval oso kritiko mintzo da Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyk gaur iragarri dituen neurrien inguruan hitz egiteko orduan. “Ezin dugu onartu enpresei gizarte-kotizazioak jaistea eta herritarrei BEZa igotzea. Ez ditugu soilik neurriak salatzen, eurak hartzeko prozedura ere gogor kritikatu nahi dugu. Onartezina da mota honetako neurriak proposatzea inolako gizarte-eztabaidarik gabe”.

Novalen iritziz neurri hauek ondorio larriak izango dituzte herritarrentzat. “Lehenengo ondorio larria honakoa da: murrizketa berri hauen aplikazioak txirotze orokortu bat suposatuko du. PPren Gobernuak eta neurri hauek babesten dituzten horiek ongi baino hobeto dakite zer egiten ari diren, eta jendeari gezurra esaten diote”.

“Eraso berri eta larri honen aurrean, –gaineratzen du Novalek–, inposatzen ari dizkiguten politiken aldaketa sakona exijitzen dugu. Murrizketei EZ biribila esaten diegu, eta ELAk boterearen aurka borrokatuko du neurri hauek ezarri ez daitezen. Zentzu honetan, oso argi daukagu mobilizazio soziala dela bestelako gizarte eredu bat lortzeko bide bakarra”.

ELAk balorazio zabalagoa eskainiko du uztailaren 12an.