NAFARROAKO ENPLEGU PLANA 2025-28

“Nafarroako Enplegu Planak indar handiagoa ematen die mutuei baja komunetan”

2025/04/02
Imanol Pascualek, Nafarroako ELAren koordinatzaileak, 2025-2028ko Nafarroako Enplegu Plana langile klasearen interesen aurkakoa dela salatu du

Nafarroako Gobernuak, CEN patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek 2025-28 aldirako Nafarroako Enplegu Plana sinatu zuten otsailaren 18an. Imanol Pascualen ustez, Enplegu Plan horren berrespenak jarraipena ematen die langile klasearen interesen aurkako politika batzuei.

Gobernuak, patronalak eta UGT-CCOOk Enplegu Plan berria adostu dute. Kasu honetan, 2025-28 aldirako. Akordioari buruzko zer irakurketa egiten duzu?

Edukiei buruz hitz egin aurretik, uste dut komeni dela nabarmentzea demokraziaren aurkako akordio baten aurrean gaudela, akordioa sinatzen duen ordezkaritza sindikala ez baita % 50era iristen. Zehazki, % 48,78ko ordezkaritza du. Horren ondorioz, akordio hau ez ezik, elkarrizketa soziala ere zalantzan jartzeko modukoa da, ez baitute Nafarroako langileen % 50 ordezkatzen. Oztopo guztiak gorabehera –finantzaketa publikoa UGTri eta CCOOri, sindikatu horientzat ordezkaritza handiagoa eskatzen duen patronala, klientelismoa enpresa askotan...– ELAk urte asko daramatza gora egiten. 2011n, UGTk eta CCOOk % 54,89ko ordezkaritza zuten; orain, berriz, 48,78koa.

Zer esan diezagukezu akordioaren edukiei buruz?

Gauza asko, baina lehenik eta behin azpimarratuko nuke Enplegu Planak indar handiagoa ematen diela mutuei baja komunetan. UGTk eta CCOOk bere egin dute absentismoari buruzko patronalaren diskurtsoa. Laneko absentzia-tasa murrizteko konpromisoa hartu dute, orain arte arlo publikotik kudeatzen ziren bajak mutuek tratatzeko aukera emanez.

Halaber, uste dut beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzea, Nafarroako enplegatzailerik handiena izan arren, ez baitu inolako konpromisorik hartzen. Osasunbidearen gaia adibide garbia da. Osasunbideko behin-behinekotasuna % 51,7koa da, enpresa-erakunde publiko bihurtu nahi dute eta horri buruz ere ez dute ezer esaten. Eta Osasunbidea diot, baina beste edozein sektore publiko esan dezaket, adibidez lan gatazka ugari irekita dituen hezkuntza publikoa. Edo, jakina, lan-baldintza onartezinak dituzten azpikontratatutako sektoreak, hala nola desgaitasunen sektorea edo egoitzak. Sektore horiek ere ez dira aipatzen.

Ezinbestekoa da Enplegu Plan hau kritikatzea, baina uste dut, halaber, ikuspegia zabaldu behar dela eta fokua elkarrizketa sozialean jarri behar dela, hori baita akordio mota hau justifikatzeko balio duen aterkia.

Jar dezagun fokua elkarrizketa sozialean. Zer toki betetzen du?

Elkarrizketa sozialaren helburua finantzaketa publikoaren ordez desmobilizazio soziala lortzea da. Ez da kasualitatea Nafarroa izatea elkarrizketa sozialera diru publiko gehien bideratzen den Estatu osoko tokia, eta hori Nafarroan UGT eta CCOOren aurreko sindikalismo alternatiboa dagoelako egiten da. Nafarroan elkarrizketa soziala diru publikoarekin finantzatzen da, ELA eta LAB geldiarazteko.

Hori, jakina, ez da gauza berria, duela hamarkada batzuetatik gertatzen da, Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren garaietatik. Nafarroako Gobernu honek bat egiten du estrategia horrekin. Hori dela eta, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeei esker, 2021etik 1.200 milioi euro baino gehiago banatu dira UGT, CCOO eta CEN sindikatuen artean. Eta, gainera, Parlamentuaren kontrola saihestuz egiten dute. Diru horrekin egiten dena gainbegiratzea eta kontrolatzea ez dago inongo erakunde publikoren esku, sinatzaileen beraien esku baizik.

Zein da elkarrizketa sozialaren barruan hartzen diren akordio horien helburua?

Elkarrizketa soziala politika publikoak pribatizatzean datza. Eta horretarako, ez dute zalantzarik beste organo batzuk edukirik gabe uzteko eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan erabakitzen denaren mende jartzeko. Hori egiaztatzeko nahikoa da Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Lan Osasunerako Nafarroako Kontseiluan zer gertatu den ikustea.

Uxue Barkosen Gobernuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan sartzeko aukera eman zien ELAri eta LABi. ELA izan zen sarrera baztertu zuen bakarra, ez baitzen funtzionamendua aldatu nahi, makillatu baino ez. Horrela, Nafarroako Enplegu Zerbitzua UGTren, CCOOren eta LABen parte-hartzearekin eratu zen. Enplegu-politika aktiboak elkarrizketa sozialean adosten dira, eta horrek agerian uzten du NEZ edukiz husten ari dela.

Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluari dagokionez, 2018ko abenduan ELAk eta LABek, elkarrekin, organo hori uztea erabaki genuen, eraginkortasunik ez zuelako. Duela urte batzuk, LABek bere kabuz erabaki zuen organo horretara itzultzea, baina ELA ez dator bat erabaki horrekin. Bistakoa da Enplegu Planak Lan Osasuneko Nafarroako Kontseiluaren eskumenak bereganatu dituela, eta, gainera, Lurralde Ordezkariaren figuraren alde egin du, eta baja komunen kudeaketan mutuek indar handiagoa izateko atea ireki du. Horren ondorioz, ELAk berretsi egiten du hartutako erabakia. Hemen gutxi batzuk beste askok galtzearen kontura irabazten dute. Galtzen dutenak Nafarroako langileak dira, batez ere.

Esan duzu elkarrizketa sozialarekin langileek galtzen dutela. Eta nork irabazten du?

Sare horretan hiru onuradun daude. Lehenik, patronala, diru publikoa jasotzen duelako, bake soziala lortzen duelako eta, gainera, beto eskubidea duelako. Gero, jakina, UGT eta CCOO, finantzaketa publikoa jasotzen dutelako. Azken onuraduna Nafarroako Gobernua da, UGTk eta CCOOk bere politika antisozialak legitimatzea lortzen duelako: erreforma fiskala egiteari uko egitea, zerbitzu publikoetan gutxi gastatzea, zainketak pribatizatzea, AHT...

Esan nahi duguna oso ondo laburbiltzen duen adibide bat jarriko dut. Enplegu Planak berriro jasotzen du lurralde-ordezkariaren figura. 1,6 milioi euroko partida bideratu du horretara. Figura hori Sanz eta Barcinaren garaian ere egon zen, eta beste sindikatu batzuek sartzeko arazoak zituzten enpresetan UGTk eta CCOOk hauteskunde sindikalak antolatzeko erabiltzen zen.

Gutxi batzuek irabazten dutela esan duzu. Baita beste askok galdu egiten dutela ere. Nola eragiten diete elkarrizketa sozialaren inguruko politikek langileei?

Hala da, elkarrizketa sozialak ez die mesederik egiten Nafarroako langileen interesei. Laneko ezbehar-tasan ikusten dugu, adibidez. Elkarrizketa sozialera bideratutako diru publiko guztia gorabehera, Nafarroa da daturik txarrenak dituen Estatu osoko bigarren erkidegoa. Hamabostean behin pertsona bat hiltzen da Nafarroan bere lanpostuan.

Edo, oraintsuko beste adibide bat jartzearren, ikus dezakegu zer gertatu den ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Etxaldetik Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa izan dezan egin dugun proposamenarekin. Tamalez, UGTk, CCOOk eta CENek bat egin dute proposamen hori bertan behera uzteko, elkarrizketa sozialean lantzen ari den gaia dela esanez. Pentsatzekoa zen patronalak uko egitea LGSa igotzeari, soldata baxuak ordaintzearen kontura negozioa egiten duelako. Baina UGTren eta CCOOren ezezkoa defendaezina da, eta are gehiago kontuan hartuta sindikatu horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekimen horren alde agertu direla.

Zer egin dezake ELA bezalako sindikatu batek egoera hau iraultzeko?

Duela gutxi, Nafarroako patronaleko presidenteak UGTko Kongresuan esan zuen langileek eta enpresariek talde berean jokatzen dugula. ELAn oso argi daukagu guk ez dugula patronalaren talde berean jokatzen. Patronalaren interesak langileen interesen aurkakoak dira, eta horregatik ez gara elkarrizketa sozialaren parte izango.

ELAn argi dugu gure bidea beste bat dela. Konfrontaziorik gabe ezinezkoa da laneko baldintzak hobetzea. Eta horretarako, aurrez aurre jarri ahal izateko, gure esku dagoen guztia egin behar dugu, eta horretarako ezinbestekoak dira independentzia ekonomikoa, autonomia politikoa eta erresistentzia-kutxa.

Sindikatu indartsu bat da gure interesak defendatzeko modu bakarra.

*****

 

2008an, Miguel Sanz buru zuen gobernuak Nafarroako Urrezko Domina –Foru Komunitateko kondekorazio nagusia– eman zien UGT, CCOO eta CEN erakundeei. 2017aren hasieran, Diario de Noticias egunkariak ELAk urteetan salatu zuena erakusten zuten paperak azaldu zituen: UPNko gobernuek UGT, CCOO eta CENeko egiturak era irregularrean eta iruzurrez finantzatu zituztela. ELAk Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua berehala desegiteko eta ikerketa-batzorde bat sortzeko eskatu zuen, gertatutakoaren erantzukizun politikoak argitzeko. Urteak igaro dira, baina Nafarroako kontzertazio sozialaren ereduak funtzionatzen jarraitzen du, Gobernuaren, patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen loria handiagorako. 2025-2028 Enplegu Planari buruzko akordio berria da azken adibidea. Zoritxarrez, badirudi ez dela azkena izango.