“Nafarroako lehen sindikatua izatetik oso gertu gaude, inoiz baino gertuago” #ZurekinGoaz #Landeia229

2018/08/02
144: horra Nafarroan ere lehen sindikatua izateko ELAri falta zaizkion ordezkariak. Sekula ez du izan horrenbeste ordezkari gure sindikatuak herrialde horretan (% 22,89); hala eta guztiz ere, oraindik ere are gehiago haz gaitezkeela uste du Mitxel Lakuntzak, ELAren Nafarroako koordinatzaileak.

“Epe laburrean, ordezkarien % 23,5 helburu lorgarria dela esango nuke. Baina zifra edo portzentaje batetik landa, uste dut Nafarroako lehen sindikatu gisara jardun behar dugula jada, azken urteotako ibilbidea eta datu onak ikusirik. Eskura, inoiz baino eskurago daukagun helburu bat da. Hona hemen zenbait datu: UGTk —Nafarroako lehen sindikatuak— ordezkarien ia % 37 zeuzkan 1990eko hamarkadan; gaur egun, berriz, % 25 pasatxo. Badugu, beraz, baikor egoteko arrazoirik; izan ere, bost urtean 323 ordezkaritan gutxitu dugu UGTrekiko aldea, eta 144 ordezkari bakarrik falta zaizkigu Nafarroako lehen sindikatua izateko”.

Lakuntzaren iritziz, denok ohartu behar dugu alor sindikalean eta sozialean ez ezik politikoan ere datu horrek duen garrantziaz. “Ez da, ez, nolanahiko albistea izango ELA lehen sindikatu izatera iristea gure herrialde honetan, non ‘korralito’ baten gisara kudeatzen diren gauzak, printzipio eta ekintza antieuskaldunak gidari direla; non gure sindikatuaren aurka inon diren jukutria guztiak asmatu dituzten ‘elkarrizketa sozialaren’ egiturek… Izugarrizko poza emango digu hori gertatzeak ELAko militante guztioi eta gure sindikatuaren lana eta eredua begi onez ikusten duten langile guztiei”.

Hauteskunde-prozesu guztiek jartzen gaituzte urduri samar, baina ELAren Nafarroako koordinatzaileak dioenez, geroz eta harrera hobea egiten diote gure sindikatuari Nafarroako langileek. “Gure asmoa hau da: lantoki gehiagotara eramatea ELAren proiektua eta eredua. Oso gogoan izan behar dugu jendearen babesean oinarritzen dela gure eredua —aldarrikatzailea, kontraboterezkoa—, eta babes horrek lantoki bakoitzean lortzen dugun ordezkaritza duela abiapuntu

Geroz eta langile gehiagok dakite ELAra jo behar dutela lan-baldintzak hobetu nahi badituzte. Geroz eta estimazio handiagoa dute gure ezaugarriek: independentzia ekonomikoa eta politikoa, erresistentzia-kutxa, enpresa askotako antolakuntza-esperientzia, gauzak aldatzeko gogoa…

Nafarroan, sindikatuen lorpen gehienak ELAren eskutik etorri dira. UGTren eta CCOOren ereduak berekin dakarren klientelismoaren, utzikeriaren eta entxufismoaren aldean, geroz eta estimatuagoa —eta beharrezkoagoa— da ELAk hamarkada luzez erakutsi duen zintzotasuna, langileekiko hurbiltasuna”.