XVI. KONGRESU KONFEDERALA

“Palestinak iraungo du”

2025/07/07
Yaser Arafat Karaeen sindikalista palestinarraren hitzaldia Kongresuko unerik hunkigarrienetakoa izan zen

Kongresu bat gauza serioa da, norbera bere buruari begiratzeko unea. Lau urterik behin egiten den hitzordua, sindikatuaren jarduna ulertzeko ezinbesteko tresna. Baina Kongresua ere beste hamaika gauza dira. Bea Clownekin barre egiteko momentua da, Rafa Ruedaren kantuen bidez Gabriel Aresti oroitzekoa, Imanol Ituiño magoarekin gozatzekoa, Arima Soulen musikarekin dantzatzekoa, Errobi taldea omentzekoa, Kitturekin batera abestekoa...

Euskal Herri osotik eta atzerrik datozen lagunekin egoteko unea ere bada kongresua. Hamaika izan ziren Kongresuan bidelagun eduki genituen sindikatu eta eragileak. Kongresuan parte hartu zuten ELAko kideek txalo zaparrada eskaini zieten bi egunez gurekin egon ziren ordezkariei. Baina, batez ere, Palestinako Langileen Sindikatuen Federazio Nagusiko kide Yaser Arafat Karaeen parte hartzeak piztu zuen arreta.

Herrialdea bizitzen ari den egoera krudela azaldu zuen Yaser Arafat Karaeenek. “Palestinatik nator. Han odola dario oraindik, eta Gazako Zerrendan, Zisjordanian —bereziki Jeninen, Nour Shams, Tulkarem, Balata, Al-Far’a... kanpamentuetan— eta okupatutako lurralde guztietan gure herriaren aurkako garbiketa eta genozidioak ez du etenik. Okupazio israeldarrak bere genozidio eta garbiketa etnikoarekin jarraitzen du”.

Hamarkadak dira Israelek, mendebaldeko herrialdeen babesarekin, Palestinaren aurkako genozidioa hasi zuela. Baina, oztopoak oztopo, Saadek mezu argia luzatu zuen: ez dute etsiko. “Gure lurraldean geratuko gara, ez gaitu desplazamendurik ezta genozidiorik geldiaraziko”.

Hitzaldi hunkigarria izan zen. Kosta zitzaion Saadi bere parte hartzea amaitzea. Hunkituta zegoen. Hunkituta Palestina bizitzen ari den egoera azaltzeak eragindako minagatik, eta hunkituta behin eta berriz jaso zituen txalo eta babes oihuengatik. “Palestinak jarraituko du, okupazioa desagertu egingo da” esanez amaitu zuen. Hala bedi.