Mecaner (Urduliz)

“Partida ez da amaitu oraindik, etorkizunerako proposamen bat dugu Mecanerrentzat”

2024/07/02
Aldizkari honetan behin baino gehiagotan idatzi da Mecanerri buruz. Urdulizen (Bizkaia) dagoen enpresak automobilgintzarako piezak trokelatzen ditu. Stellantis multinazionalaren esku dagoen (18.000 milioi eurotik gorako irabaziak 2023an) eta urtean mozkin handiak sortzen zituen enpresa da. Enpresak, berriz, Urdulizko lantegia ixteko asmoa zuela jakinarazi zien langileei 2023ko irailaren 1ean, eta ELAren iritziz hori deslokalizazio argia eta garbia da. 2023ko irailaren 1ean, Mecanerrek Urdulizko lantegia ixteko asmoa iragarri zuen. Ia urtebete geroago enpresa itxita dago, eta bertako 144 langileak kalean. Baina partida ez da oraindik amaitu. Mikel Bilbaok Mecanerreko ELAren arduradunak, proiektu industrial hori berriro martxan jartzeko ELA egiten ari den borroka aztertu du.

Mikel Bilbao, Mecanerreko ELAren arduraduna

Minutua eta emaitza. Zein puntutan gaude gaur egun?

Gaur egun, enpresa itxita dago, eta langile guztiak dagoeneko kaleratuta daude. Greban egon diren langileek enpresa erosi nahi dute eta bideragarritasun plana aurkeztu dute. Proiektu industrial hori berriro martxan jartzeko ari gara lanean. Eusko Jaurlaritzarekin bildu gara, eta hark ez du begi txarrez ikusten Mecaner erosi eta lan-sozietate anonimo bat, kooperatiba bat edo dena delakoa osatzeko proposamena. Stellantisek bilera bat ematearen zain gaude. Garriguesekin, Stellantisek Mecanerreko EEErako kontratatu duen abokatu-bulegoarekin, hitz egin dugu, baina oraingoz Stellantisek ez digu bilerarako datarik eman.

Zelangoa izan da enpresa ixteko eta langile guztiak kaleratzeko prozesua?

Kontsultaldia amaitu baino bi egun lehenago, enpresak azken proposamena egin zuen: lan egindako urte bakoitzeko 55 eguneko kalte-ordaina, 36 hilabeteko mugarekin. Kalte-ordain horrek ia hirukoiztu egiten du legeak bidezko kaleratze baterako ezartzen duen gehienekoa (20 egun lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin). Hori bai, legezko gehienekotik oso gora dagoen kalte-ordain hori jasotzearen truke, uko egin behar zenion ondorengo ekintza judizial batean lor zitekeen edozein onurari.

Eta norbaitek akordioaren zati indibiduala sinatu gura ez bazuen?

Ba Stellantisek Estatuan duen beste lantegi batera lekualdatzea eskaintzen zizun alternatiba gisa, kasu honetan, Vigora edo Zaragozara. Eta onartzen ez bazenuen, legeak ezartzen duen gehienezko kalte-ordaina zen alternatiba, lan egindako urte bakoitzeko 20 egun, 12 hilabeteko mugarekin.

Gainerako sindikatuek (LAB, ESK eta CCOO) proposamenarekin ados zeudela esan zuten, baina betiere akordio transakzionala bazen. Akordio transakzionalak epaitegian ez amaitzeko egiten dira. Baina kasu honetan, akordio transakzionala kontsultaldian egin zuten. Hau da, enplegu-erregulazioko espedientea sinatzea bezalakoa da. Horregatik diogu iruzurra egon dela. Akordio transakzional kolektiboak akordio transakzional indibiduala izatera behartzen zuen, galdu ondoren futbolinaren azpitik pasatzea bezalako zerbait. Akordio transakzional indibidual hori onartzen ez bazenuen, ez zenuen enpresak legearen gainetik ematen zuen kalte-ordainaren hobekuntza jasotzen.

Gainera, akordioak EEEa salatzeko aukera zailtzen zuen, EEEak bederatzi sinaduratik zazpi baitzituen (sindikatu guztiena, ELArena izan ezik), eta langile guztiak modu indibidualean atxikita zeuden.

Xantaiaz hitz egin dezakegu?

Erabateko xantaia. Horregatik diogu iruzurra dela. Denborak oso garrantzitsuak dira. Akordio transakzionala kontsultaldian adostu zen, enpresak lehenengo kontsultaldia amaitu eta transakzio-akordioa ondoren sinatu behar zela esan arren. Akordio transakzionala onartzeko bozketa azken bileraren aurretik egin zen, eta EEEaren kontsultaldiko azken bileraren aurretik eraman zen Batzar Nagusira. Horregatik uste dugu enpresak oinarrizko eskubideak urratu dituela, babes judizial eraginkorra eta askatasun sindikala, besteak beste.

Enplegu-erregulazioko espedientearen legezko epea akordiorik barik amaitu zen. Hala ere, goiz horretan bertan, LABek, ESKk eta CCOOk enpresaren itxiera eta aipatutako kalte-ordainak onartzea zekarren akordioa sinatu zuten. Sindikatu horiek lortutako akordioak, gainera, 15 eguneko epea ematen zuen langileek banaka akordioarekin bat egin zezaten. Bakarrik enpresari mesede egiten dion eta epaitegi batek enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetzat jotzearen ondorioak saihesten saiatzen den lege-iruzur baten aurrean gaude.

ELAko afiliatu talde batek Mecanerren industria-jarduerarekin jarraitzea proposatu du. Nola sortu da ideia hori?

Mecanerrek industria-jarduera ekologikoago eta sozialagoarekin jarraitzeko ideia enpresa batzorde osotik sortu da. Horretarako, lan bat enkargatu zitzaion Garua kooperatibari, eta bere garaian modu positiboan baloratu genuen hori. Hala ere, egin zuen proposamen horren erabilera ez zen guk nahi genuena izan.

Kontuan izan behar da EEEaren kontsultaldian geundela. Mecaner errentagarria da eta Stellantisek deskolokazio argia eta garbia egin gura du. Ez dago itxiera justifikatzen duen arrazoirik. Ez da egia enpresa bideragarria ez denik. Hori onartzea gezurrezko premisa bat onartzea da. Gezurrezko premisa horretatik abiatzen bazara, zelan defendatuko duzu epaiketa batean proiektua bideragarria dela? Testuinguru horretan, ELA alternatiba ekologikoago eta sozialago batean hasi zen lanean.

Zeintzuk dira ELAren proposamenaren gakoak?

Proposamena Mecaner berriro irekitzea eta 5 urtez lana izateko bermea izatea da. Gure ustez, horrela epe laburrean enpresaren bideragarritasuna ziurtatuko litzateke, eta Mecanerren ekoizpen-eredua parametro ekosozialetan aldatzeko gehienez ere 5 urteko trantsizioa egingo litzateke. Bideragarritasun-plan zehatz eta xehatua dugu. Argi dugu balio erantsi gehien duen trokelajearen alderdia indartu eta balio erantsi txikiena duena alde batera utzi behar dugula, eta horrek are bideragarriagoa egingo luke proiektua.

Mecaner enpresa ondo kokatuta dago, eta gure proposamena gauzatzeko beharrezkoak diren instalazioak eta makineria ditu. Zenbakiak egin ditugu, dokumentu batean idatzi ditugu eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztu dizkiogu, eta hark zuzenean egiaztatu ahal izan du gure proposamenaren seriotasuna eta bideragarritasuna.

Orain Stellantisek bilera batera noiz deituko zain gaude. Ezagutzen dute gure proposamena. Prozesu konplexua da eta denbora eskatuko duela dirudi, saltzeko prest dauden ala ez ikusi behar dugulako, zenbatean saldu gura duten, lan karga emateko konpromisoa hartzen duten… Baina argi dagoena da Mecanerren etorkizunerako proposamen sendoa dugula.

Beti nabarmendu duzu ELAk eta bere afiliatuek gatazka honetan egindako lana.

Egin dugunaz harro egoteko modukoa da. Ez dezagun ahaztu ELAk Enpresa Batzordean bi ordezkari baino ez zituela Mecanerrek ixteko asmoaren berri eman zigunean. Trokelek oso balio handia dute. Lehenengo minututik enpresaren itxieraren kontra borrokatzeko eta akordio on bat lortzeko geneukan armarik onena greba eta mobilizazioa zirela adierazi genuen.

Gainerako sindikatuek saldu nahi izan dute ELAk ez zuela Mecanerrentzat alternatibarik nahi, eta hori ez dela egia frogatu dugu.

Mecanerrek EEEa aurkeztu zuenean, afiliatu gabeko 40 langile ELAn afiliatu ziren. Eta beste sindikatu batzuetako zenbait afiliatu ere etorri ziren ELAra. Borrokatu gura zuen orok bazekien ELA zela aukera bakarra. Grebak gogorrak dira, eta hau ere gogorra izan da. Horregatik balio handia ematen diogu hiru langile izan ezik, grebalari guztiak ELAkoak izateari.

ELA izan da Mecanerrerako proiektu bideragarri eta zehatza aurkeztu duen erakunde bakarra. Garuaren proiektua ez zen bideragarritasun-plan bat, beste logika bati erantzuten zion. Orain badirudi gure proposamenak ustekabean harrapatu dituela beste sindikatuak. ELAn argi dugu ELAko afiliatuentzako proposamena dela eta, hala badagokio, ELAko afiliatuek erabakiko dutela; greba egin dutenek enpresaren ardura hartu nahi izateko eskubidea dute. Koherentziaz borrokatu gara lanpostuak defendatzeko, eta orain ere berdin jarraitzen dugu.