“Pobreziarekin amaituko duten politikak behar ditugu”

2017/10/17
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta gaur mobilizazioa egin da Gasteizen, Pobreziaren Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta. ELA ekimen honen parte da, eta sindikatuko kide ugarik parte hartu dute ekimenean.

Kartaren ordezkariek salatu dutenez, “pobrezia gure artean dagoen arazo larria da. Milaka eta milaka dira Euskal Herrian pobrezia egoeran bizi diren lagunak. Ez diogu guk, erakunde ezberdinen estatistikei erreparatu besterik ez dago. Argi eta garbi salatu nahi dugu pobreziaren atzean erabaki politiko zehatz batzuk daudela. Horregatik sinetsita gaude posible dela arazo larri honekin amaitzea. Borondate politiko kontu hutsa da”.

Ekimen herritar honen kideek argi utzi nahi izan dute pobreziara kondenatu nahi gaituztela, “baina ez diegula utziko. Baditugu alternatibak, eta horiek ere azaldu ditugu. Etorkizunean ere mobilizatzen jarraituko dugu pobreziarekin amaituko duten politikak lortu arte”.