“Podemos eta Equok babestutako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak neoliberalak dira”

2019/12/27
Biluzik, pixoihalez soilik estalita, eta 'Eusko Jaurlaritzaren eta Podemosen aurrekontuek biluzik uzten gaituzten eskubideak murrizten dituzte' lelopean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 2020rako EAEko aurrekontuek arlo sozialean murrizketa lazgarriak eragingo dituztela salatu du Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean. Hala nola osasunean, etxebizitzan, gizarte-prestazioetan edo hezkuntzan nabarituko dela baieztatu dute. Bilboko Kale Nagusian egin dute mobilizazioa, urte berrirako kontuak onartzeko Eusko Legebiltzarreko bilkuraren harira; EAJk eta Alderdi Sozialistak Ahal Dugu-ren eta Equoren babesarekin bultzatutako aurrekontuen saioaren harira, hain zuzen ere. Aurrekontu hauek urtarrilaren 30ean deitutako greba orokorrarekin bat egiteko beste arrazoi bat badirela azpimarratu du ELAk. “Aurrekontu hauek ez dute inolako aldaketarik suposatuko, nahiz eta moreak eta berdeak direnaren propaganda egin”.

Gogor salatu du ELAk Podemos eta Equok aurrekontu hauek babestea. “Ezker politikoak orain arte neoliberaltzat zituen aurrekontuak onartzea tragedia bat da. Negoziaketetan aurrekontuaren %0,75 bakarrik aldatu da”. Euren babesarekin, gastu arauaren muga ontzat ematen dutela gogorarazi du, hau da, “2020ko aurrekontuak ezin dira %2,8a baino gehiago hazi nahiz eta superabita egon. Hau zorra ordaintzera bideratu behar da, partida sozialak handitzea eragotziz”.

Kontzentrazioan pobrezia eta prekaritate egoeran dauden familientzako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) aurreikusten den murrizketa ere salatu dute eragileek. “Duela zortzi urtetik ari gara murrizketak pairatzen DSBEari dagokionez, eta 2020rako are gehiago murriztuko dute”. Gogorarazi dutenez, EAJk, PSEk eta Podemosek sinatutako akordioaren bidez, DSBE %34 murriztuko da, legez dagokienetik. “Bereziki larria da, milaka familia, langabetu, langile prekario edo pentsiodunak izango direlako kaltetuak", nabarmendu dute.

Pentsioen osagarriari dagokionez, murrizketa 2020an are handiagoa izango dela salatu dute, 254 euro hilean. "Laguntza hori jasotzen duten bizikidetza-unitateen% 26k jasoko dute, 13.419 familiak, eta horietatik 8.474 emakumeak dira, batez ere alargunak".

Nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan gastu sozialera bideratutako partidak murrizten diren bitartean 95,3 milioi bideratzen direla abiadura handiko trenaren obretara, edo 100 milioi euro euskal industria militarrari emandako diru-laguntzetan, batez ere aeronautikaren sektoreari lotuta.

"AHTra bideratutako baliabideen xahutze horrek eta gastu militarrak ez dute konpentsatzen gizartearen inolako premiarik, baina xahutze bat dira eskola, etxebizitza publiko, gizarte zerbitzu, ospitale edo prestazio gehiago behar ditugunean egungo prekaritate eta pobrezia prozesuak pairatzen dituzten familientzat", ohartarazi dute. Horregatik guztiagatik, pentsio, lan baldintza eta bizitza duin batzuen alde eta eskubide sozialen defentsan urtarrilaren 30eko grebara deitu dute.