“PPk eta EAJk hitzartu duten gastu-arauak aurrekontu sozialak egitea galarazten du”

2017/11/21
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, 2.000 lagun bildu dira gaur Gasteizen aurrekontu sozialak exijitzeko, bestelako gizarte eredu bat lortzeko lagungarri izan daitezen. Lehenik Mendizorrotza kiroldegian ekitaldia izan da, eta gero manifestazio bat egin dute Gasteizen zehar, Legebiltzarrean amaitu delarik.

Beste hizlari batzuren artean Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak hitz egin du ekitaldian. Muñozek salatu du Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman duen aurrekontu-proiektuarekin desberdintasun soziala areagotu egingo dela: Hazkunde ekonomikoa izanagatik ere, desberdintasunak hazten ari dira. Zergatik? Krisian hartu ziren erabakien ondorioz; erabaki horiek soldatek ekonomian duten zatia murriztu dute, eta gizarte-prestazioak eta zerbitzu publikoak kaltetu egin dituzte. Aurrekontu hauekin desberdintasuna areagotu egingo da. Proiektu hau aurkeztu dutenek, munduko neoliberal guztiek bezalaxe, merkatuaren esku uzten dute sortzen ditugun baliabide eta aberastasunaren banaketa”.

Aurrekontua Legebiltzarrean onartzeke dagoen arren, Muñozek esan du bere mamia dagoeneko PPrekin adostuta dagoela: Gastu-Araua PP eta EAJren artean uztailaren 11n hitzartu zuten. Lehendakaria harro dago halako akordioez, aldebikotasunaren emaitza direla esaten baitu. Haatik, aldebikoak soilik han eta hemen aplikatzen diren politika neoliberalak dira. Gastu-Arauaren helburua da diru gehiago bilduz gero soilik zor publikoa amortizatzeko erabil dadila ziurtatzea. Gainera, gogoratu beharra dago gauza bat: zor publikoa ez da hazi gastu soziala handiegia delako; aitzitik, presio fiskala arinegia delako puztu da. Horregatik jarri dute iaz baino %12 gehiago zorra ordaintzeko; kontrara, aurrekontuko sail sozialak izoztu egin dituzte, edo igoera ia ez da antzematen”.

Gastu-Arauarekin demokrazian onartu ezin den zerbait gertatzen da: Aurrekontuari ezin zaio egin gastua gehitzeko zuzenketarik. Horregatik esaten dugu antzezpen politikoa alde batera utzita aurrekontuaren funtsa erabakita dagoela, Legebiltzarrera iritsi baino lehenago ere”.

Horrenbestez, ELAko idazkari nagusiaren ustez argi geratu da EAJ, PSE-EE eta PPren artean akordio estrukturala dagoela: Ez da harritzekoa neoliberalek politika neoliberalak hitzartu eta aplikatzea. Beste edozer ulertezina litzateke. Akordioa gauzatzeko, aurrekontuak eta zerga-politika aurrera ateratzeko behar diren botoak kontutan izanik, PP beharrezkoa da. Hautatzen diren bidelagunek ere adierazten dute zer nolako politikak egiten diren”.

Muñozen hitzetandesberdintasun soziala murrizteko borrokak politika hauen aurkako oposizio argia eskatzen du. Eskuinari ondo ulertzen zaio hitz egiten duenean, eta badaki indarrak batzen. Ezker politikoak gauza bera egin behar du, baina kontrako norabidean.

Irakurri Muñozen hitzaldia