MUNDUKO BANKUA
“Zuen negozioa, gure kolapsoa”

Bertaratutako erakundeek adierazi dute Munduko Bankuaren topaketa honek berdez estali nahi duela erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena, honek bere sorreratik finantzatu izan baitu hainbat herrialdeen espolioa.
Erakunde sinatzaileek ez dute uste gailur honetan parte hartzen duten administrazio eta enpresak, CO2 emisioen erantzule nagusiak izanik, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. Argi eta garbi adierazi dute: Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero; hain zuzen ere, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik.
Hori guztia gertatzen da, esan dutenez, prekarietatea eta pobretzea handitzen ari den une batean, etxebizitzarekin egiten den espekulazioak, pentsioen murrizketak, osasuna, hezkuntza edota zaintzetako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari diren une batean. Bestalde, eten ez diren feminizidio eta indarkeria matxistak aipatu nahi izan dituzte. Mugetan ematen diren heriotzak eta militarizazioa, jazarpen arrazistak, mundu osoko gerrak ere aipatu nahi izan dituzte. Horiek guztiak, esan dute, “gizarte gisa erantzun beharreko errealitateak dira”.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialek kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera, indarrak batzeko deialdia egin dute eta mezu nagusia irmo adierazi dute: “Munduko Bankua eta haren heriotza-politikak ez dira ongi etorriak; energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan”.
Administrazio arduradunei eskatzen diete eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela, behar den aldaketa egiteko haiek dauzkaten proposamenak; izan ere, esan dutenez, “trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz”.
Horregatik guztiagatik, maiatzaren 24an Bilbon egingo den manifestazioan parte-hartzeko deia luzatu dute, 19:30 ean Plaza Eliptikotik aterako dena. Bestalde, gogorarazi dute, maiatzaren 25ean Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin hitzaldia egongo dela 19:00etan BilboRock-en.
Kaleak hartzeko dei batekin eman dute itxiera:“Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak, eta, elkarrekin, jendarte eredu-aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz!”, esan dute.