2022an gutxienez 51 pertsona hil dira EAEn lan istripuz

2023/01/17
Osalanek laneko istripuei buruz emandako datuek (lan istripuetan hildako 30 pertsona zenbatzen ditu, gertatutakoak baino 21 gutxiago) erakusten dute estatistika horiek ez dutela errealitatea erakusten.

Osalanek 2022ko ezbeharren datu ofizialak plazaratu berri ditu. Erkidegoan 38.166 lan istripu berri jaso dituzte iturri ofizialek 2022an, 2021an baino %5 gutxiago. Lan istripu baten ondorioz hil diren langileak 30 izan dira, 25 lantokian bertan eta 5 hildako “in itinere”, lanera joan etorrian. Aurreko urtearekin alderatuta 5 hildako gutxiago izan dira osalaneko estatistiketan. Lan gaixotasunen kasuan guztira 2.829 komunikatu dira erkidegoan iturri ofizialen bitartez, 2021ean baino % 4,5 gehiago.

ELAk ordea bestelako estatistikak jaso ditu 2022. urtean zehar. Erkidegoan lan istripu baten ondorioz zendutako langileak gutxienez 51 izan dira eta Nafarroan berriz 20 langile.

Datu honek agerian usten du ze nolako ezberdintasun dagoen ELAk jasotako datuen eta iturri ofizialetako datuen artean. Lantokietan hildako 21 langile ez dira azaltzen iturri ofizialetako estatistiketan. Berdin berdin gertatzen da istripu larri eta arinekin, estatistika ofizialek ez dutela errealitatea islatzen. Urtero salatzen dogun moduan, hainbat istripu ez dira iturri ofizialetan erregistratzen, hala nola, autonomoenak, in-itinere istripu asko trafiko istriputzat hartzen dira, eta asko eskutatu egiten dira eta ez dira deklaratzen. Oraindik okerragoa da lan gaixotasunen kasuan, oso lan gaixotasun gutxi komunikatzen dira gehienak osasun sistema publikora bideratzen direlako, enpresen eta mutuen onerako.

Ezbehar-tasa altu hauen atzean lan prekario eta lan baldintza duingabeak daude, beharrak bultzatuta edozein modutan lan egitera behartutako langile asko ditugu gure lan merkatuetan, enpresek ez dute prebentzioan dirurik inbertitzen langileon osasun eta segurtasunaren kalterako eta ez daude ikuskari nahikorik prebentzio araudiak betetzen direla bermatzeko eta zigor egokiak jartzeko.

Bai enpresek eta mutualitateek, eta baita Eusko Jaurlaritzak baliabide gehiagorekin eta teknikari-ikuskatzaile gehiagorekin lehenetsi behar dute laneko osasuna eta segurtasuna, onura ekonomikoaren aurretik.