ENPLEGU DATUAK

2023an sortu den enpleguaren erdia partziala izan da

2024/01/26
Hego Euskal Herrian 2023an sortu den enpleguaren kalitatea eskasa da. Sortu diren 52.400 enpleguetatik 23.600 lanaldi partzialekoak izan dira, eta 16.100 aldi baterakoak. Lanaldi partzialeko kontratua duten emakumeen ehunekoa %25,4era igo da.

 

INE Espainiako Estatistika Institutuaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera, 2023an 52.400 enplegu sortu dira Hego Euskal Herrian, eta 1.294.800 pertsonek izan dute enplegua guztira. Baina hazkundea prekarietatea handitzearen kontura egin da. Izan ere, 2023an, lanaldi partzialeko enplegua zuten langile kopurua 23.600koa izan da. Nabarmentzekoa da partzialtasunak emakume aurpegia duela: 4 enplegu partzialetatik 3. Beste era batera esanda: 4 emakumetik 1ek lanaldi partziala duela. Gainera, behin behinekotasunak ere gora egin du, 16.100 langile dira egoera horretan. 5 enplegutik 1 aldi baterakoa izan da 2023an ( % 20,1), eta datu hori are okerragoa da emakumeentzat ( % 23,1).

Langabeak 24.900 gutxiago izan dira 2023. urtean, guztira 98.000 langabe izanik Hego Euskal Herrian. Honek, % 7ko langabezia tasa suposatzen du, aurreko urtean baino bi puntu txikiagoa. Jaitsiera hori gorabehera, langabezia tasak Europako batez bestekoa ( % 5,9) baino handiagoa izaten jarraitzen du.

ELAk uste du Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak ezin direla ontzat eman enplegua handitu eta langabezia murriztu delako soilik, zein enplegu mota sortzen ari den erreparatu behar delako, eta, errealitatean, kontratazio berriak prekarioagoak dira. Partzialtasunaren eta behin behinekotasunaren igoerari bizitzaren garestitzea eta soldatak KPIaren arabera ez eguneratzea gehitu behar zaizkio. Horregatik, ELAk nabarmendu duenez, antolaketa eta mobilizazioa beharrezkoak dira bizi-baldintza materialak hobetzeko.