21.400 lanpostu publiko baino gehiago suntsitu dira Euskal Elkarte Autonomoan
ELAko ordezkariek salatu dute Urkulluren gobernuak ez duela onartzen, ezta errespetatzen ere, euskal sektore publikoko langileen negoziazio kolektiboaren eskubidea.
ELAko ordezkariek jakinarazi dute gobernuaren jarduera, propaganda alde batera utzita, ez doala euskal sektore publikoaren alde, eta jokabide horrek ondorio larriak dakarzkiela euskal herritarrei. ELAko ordezkariek Batzordean aurkezturiko datuen artean nabarmentzekoa da inbertsio publikoarena; izan ere, inbertsio publikoa eskasa da, Europako batez bestekoaren aldean, eta zehazkiago, osasun eta hezkuntzan egiten duen inbertsioa askoz beherago dago Europako batez besteko inbertsioaren mailatik, eta are Estatu Espainoleko batez besteko mailatik beherago ere.
Gainera, salaketaren arabera, Urkulluren gobernuak enplegu publikoa suntsitu du, eta suntsitzen jarraitzen du, eta herri-langileen lan-baldintzak eta soldata-baldintzak okerragotzen. Euskal sektore publikoan 21.400 lanpostu publiko suntsitu dira azken urteotan, eta euskal administrazioan prekarietatea nagusitu da: hiru langiletik bat bitartekoa da. Osakidetzan prekarietatea %34,8ra iritsi da, Hezkuntzan irakasleen %38ra, Garbikuntzan eta Sukaldaritzan %60ra, administrazio orokorrean (Autonomiako Administrazioan) %35era, eta EITBn %25era. Behin-behineko tasa altu hori oso tresna erabilgarria da pribatizatzeko asmoak gauzatzeko; gaur egun euskal esparru publikoan zenbait sektore eta esparru erabat pribatizaturik daude. Badugu administrazio paralelo bat, 55.000 langile dituena.
Horiek horrela, ELAko ordezkariek 35.000 lanpostu sortzeko eta finkatzeko eskatu dute esparru publikoan, lanpostu egonkor eta kalitatezkoak. Horren ondorioz ordezpenak lehen egunetik egin beharko ziren, Enplegu Publikoaren Eskaintzetan egitura-postu eta baja begetatiboak guztiak sartu, zerbitzuak pribatizatzeko eta azpikontratatzeko joera geldiarazi eta, beraz, euskal zerbitzu publikoak hobetu.
Batzordean ELAko ordezkariek azaldu dituzten bestelako gaiak hauek izan dira: negoziazio kolektiboa berreskuratzea, astean 35 orduko lanaldia ezartzea, galdutako eroste-ahalmena, 2012an kendutako aparteko ordainsaria barne, eta murrizturiko eskubide guztiak berreskuratzea. Eusko Jaurlaritzari egotzi diote euskal administrazioko negoziazio kolektiboa suntsitu izana, Mahai Orokorrean harturiko akordioak behin eta berriz urratzearen poderioz: “Beren hitza ez da sinesgarria guretzat. Urtetan ibili dira sinaturiko akordioak urratzen, eta orain ez dugu beste biderik, mobilizazioena baino, soldaten erosteko ahalmena berreskuratu eta gure lan-baldintzak hobetu nahi baditugu” adierazi dute.
Agerraldian Enpleguaren Legea ere aipatu dute. Eusko Jaurlaritzak legebiltzarrean izapidetzera hurrengo hilabeteetan eramango omen du, eta ELAko ordezkarien iritziz, proiektu horren bidez bermatu beharko zen administrazio bat, non euskal gizartearen beharrizanak asetuko diren, hemendik bertatik erabakiko duen, herri-langileen independentzia bermatuko, pribatizazio-bidea moztuko, negoziazio kolektiboaren eskubidea zainduko, eta lanpostuak kalitatezkoak eta egonkorrak ziurtatuko.
Halaber, behar besteko mekanismoak eskatu dituzte Administrazioko eguneroko lanean euskaraz jardun ahal izateko, era normalizatu batez.