A11 GREBA OROKORRA

240 eragile eta mugimendu sozial baino gehiago atxikitu dira etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrera

2026/11/10
240 eragile eta mugimendu sozial baino gehiago atxikitu dira etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrera
Etxebizitza eskubide bermatuaren eta soldata duinen aldeko greba orokorra arrakastatsua izango dela aurreikusten dute deitzaileek.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurreikuspen onak dituzte bihar Hego Euskal Herrian egingo den greba orokorrari begira. Lantegietan eta heziguneetan azken asteotan egindako batzarrek nahiz auzo eta herrietan egindako batzarrek izan duten parte hartze zabala nabarmendu dute grebaren zortzi deitzaileek, ildo horretan. Biharko grebak euskal langileriaren zati handi baten babesa izango duela uste dute, eta etxebizitza eskubide bermatuaren eta soldata duinen aldeko erantzun irmoa eta zabala emango duela Euskal Herriak.

Greba orokor honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dute deitzaileek; hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatu. Etxebizitza eskubide bermatua izan dadila eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dute, eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela.

Deitzaileek poza adierazi dute greba deialdiak jasotako babesagatik. Alegia, Euskal Herriko 240eragile baino gehiago atxikitu dira biharko etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkako greba orokorrera. Deitzaileen arabera, greba oso arrakastatsua izango delakoaren seinale da herri mugimenduetatik jasotako elkartasuna eta babesa. Oharrarekin batera doa atxikitutako eragile sozialen zerrenda.

Hiru transformazio nagusiak

Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera, erroko hiru transformazio bultzatu behar direla defendatu dute sindikatu deitzaileek: batetik, espekulatzaileen espropiazioa; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua; eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute. Erroko hiru aldarrikapen horietaz gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk defendatu dituzte greban; hala nola etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.

Patronalaren eta instituzioen ardura

Etxebizitzaren krisia espekulatzaileen eta errentisten negozioak eragiten duela salatu dute, eta, beraz, ezinbestekoa dela langile klasearen antolakuntza kolektiboa espekulatzaileei eta higiezinen patronalari aurre egiteko. Era berean, etxebizitzaren bidez ez ezik, soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea salatuko dute grebaren deitzaileek. Zentzu horretan Confebask eta CEN patronalak ere interpelatuko ditu grebak, uko egin diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin genuela.

Azaroaren 11ko greba orokorreko deitzaileek PSOEk gidaturiko gobernua zuzenean kritikatu dute, azken 8 urteetan ez baitu inolako neurririk hartu egoera egituraz aldatzeko. Hala ere, maila guztietako ardurak seinalatu dituzte, bereziki Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena: Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituzte. Alderdi guztietako udalen ardura ere seinalatu dute, alternatibarik gabeko etxegabetzeak egin baitira udalerri batzuetan.

Azaroaren 11rako greba orokorra deitu duten sindikatuek ez dute onartuko alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezaten konponbide errealik planteatu gabe. Hori dela eta, aipatutako erroko aldaketak ahalbidetu behar direla defendatu dute; espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboarekin amaitu eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharren arabera.

Lantokiak hustu eta mobilizazioetan parte hartzeko deia

Sindikatu deitzaileek mobilizazio bateratu zabalak antolatu dituzte goizerako Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Eibar eta Tuteran, eta arratsalderako 70 herri baino gehiagotan. Halaber, gogorarazi dute ahalik eta herritar gehienek parte hartzea eta grebako aldarrikapenekin bat egitea dutela helburu egun horretarako deitutako mobilizazioek, eta horretarako ahalegina egiten ari direla, grebarako eta mobilizaziorako herritar orok duen eskubidea defendatzekoa. Era berean, grebarekin bat egingo duten herritar guztiei mobilizazioetan modu aktiboan eta erantzukizun kolektiboz jokatzeko deia egiten diete.

Azaroaren 11ko greba orokorraren deialdiak:

 

MANIFESTAZIOA

ZUTABEAK

BILBO

12:30 Arriaga

11:30 Udaletxea

 

 

11:30 Guggenheim

 

 

11:30 Zabalburu plaza

 

 

 

DONOSTIA

12:30 Pio XII

11:30 Antiguoko tunela

 

 

11:45 Norteko geltokia

 

 

11:45 Anoeta

 

 

 

GASTEIZ

12:00 Bilbo plaza

10:15 Errekaleor

 

 

10:30 Eusko Jaurlaritza

 

 

11:00 Iparralde

 

 

 

IRUÑEA

12:30 Gazteluko plaza

11:00 Antsoian (Euskal Herria plaza)

 

 

11:00 Mendillorri (Tximinia)

 

 

11:00 Burlata (Askas plaza)

 

 

11:00 NUP

 

 

11:00 Ospitaleak (Irunlarrea)

 

 

 

EIBAR

12:00 Untzaga plaza

 

 

 

 

TUTERA

12:30 Foru plaza

 

 

Arratsaldean, mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko 70 herri baino gehiagotan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Komunikabideentzako deialdia. Adierazpenak:

-Bilbo. 12.15ean Arriagan

-Donostia. 12:30ean Pio XIIn

-Gasteiz. 11:45ean Bilbo plazan

-Iruñea. 12.15ean Gazteluko plazan